Angel Irigoras ‘Kaleko’ • Zegama
Zegama eta zegamarrok trenarekin lotura handia izan genuen. Pentsa! Otsaurten tren-estazioa eta subestazio-elektrikoaren ondoan ere geratzen zen trena, eta Oazurtzan tren-apeaderoa, eta herritarrok Tunel haundiko tren-apeaderoa deitu izan dioguna. Bai, hiru tren geltoki, izan genituen Zegaman. Gaurkoan, Otsaurteko tren-Estazioari buruzko gogoetatxo bat egitera natorkizue.
Zegamatik, ofizialki, 1864ko abuztuaren 15ean pasa zen Madrildik Donostia-Irun-Hendaiara zihoan trena. Aurretik Miranda-Olazti (1862) edo Irun-Beasain (1863) trenbideak irekita baziren ere, behingoz, Madril-Irun-Hendaia urte horretan jarri zuten osotasunean martxan. Hala ere, gaur egun, ofizialki, 2013ko ekainaren 13az geroztik ez du estazio zerbitzurik ematen.
Gipuzkoako lehen zortzi herrietako bat izan zen Zegama, tren-estazioa eraiki zutena, berau, Otsaurten izan zen. Bertan, besteak beste, hiruzpalau etxebizitza izan ziren; gaur itxita eta eraikinak erorita, hondakin pilaketak besterik ez bada ageri ere…
Bertatik, bai Tunel Haundi aldera, bai Altsasu aldera «kaseta» deitutako hainbat eraikin-etxe izan genituen (Elorrios, Osiñeta, Otsaurteko Subestazio-Elektriko ondokoa…); trenbideko langileak bizi izan ziren.
XX. mende erdi aldera, gaur egun erorita eta abandonatuta dagoen ondarearen, Kaleroa-Karobiaren, aldamenean tabernatxo bat egon zen martxan. Txiki taberna izan zuen izena. Giro, apustu, eta saltsa ederreko lekua izan omen zen. Gerora, bertako kudeatzaileak Zumarragako tren-estazioaren inguruan ireki zuten izen bereko taberna bat. Goialdeko, Zubieta baserriko Maria Aseginolaza, eta Mariaren gizona, Seberiano Aizpurua (Zumarragako Eitzaga auzoan jaioa eta Zegamara soldadu-preso-esklabu ekarri ondoren herritar izan genuena), eta horiekin batera, Kruzito, Mariaren anaia ere beraiekin ezagutu nituen lanean Zumarragako Txiki tabernan.
Migel Unamunoren xehetasunak
Otsaurteko Estaziotik merkantzia (Papelera…) eta jende asko pasa zen, tartean ospetsuak ere bai. 1909an bertatik pasatu zen Migel de Unamuno, idazle eta filosofo bizkaitar ospetsua. Atxaetxe baserriko Pio Berasategiri jasoak ditu bere aipamen batzuk.
«Gipuzkoako erraldoien Aitzgorri buruzagira igotzea proposaturik atera ginen hemen Bilbotik Oñatirako bidean», dio Unamuno jaunak «correría» deitzen zieten bere ibili haietako batean. «Han beheran, trenbide zati bat begiztatzen zen bi tunelen tartean. Eta, jostailua zirudien tren barregarri bat ikusi genuen pasatzen; barruan gizon batzuk zeramatzan bi kajoitxoetan sartuta bezala. Gero jaitsi ginenean jakin genuen Espainiako bere majestate-erregea pasatu zela tren hartan, gure oinetan barren».
Gehiago ere bai: «San Adriango mikelete etxean bazkaldu genuen, bideak zeharkatzen duen berezko tunel batean. Azkenean pagadiak gurutzatuz aurki genuen Otsaurte, trenbideetako geltoki trauskil eta antipatitsua bera guztia. Otsaurten pago tantai baten oinean siesta eginik ondoren, Huarte Arakil-ko trena hartu genuen Aralarko San Migel loriotsura igotzeko».
Hurrengo batean Oazurtza-Tunel Handiko tren-apeaderoaren aipamen gehiago.