Zumarragako Kalebarrenen jaio zen 1820. urtean Nikolas Soraluze Zubizarreta politikaria, historialaria eta enpresaria – Donostian hil zen 1884an–. Haurtzaroan Urretxun ikasi zuen, lehen letren eskolan eta bertan ezagutu zuen Jose Mari Iparragirre (urte berean jaioa zen). Geroago, Azkoitiara joan zen ikastera, Jesuiten eskolara, eta han piztu zitzaion historiarekiko zaletasuna.
Lehenengo Karlistaldian (1833-1840) borrokatu ez zezan, gurasoek Frantziara bidali zuten, eta handik Argentinara, Buenos Airesera joan zen. 1855. urtera arte bertan bizi izan zen. Ez zuen denbora alperrik galdu eta Hego Amerikan bizi izan zen urteetan hainbat negozio egin zituen.
1855an Euskal Herrira itzuli zen, Argentina eta Uruguaiko Ohorezko Kontsulari tituluak zituela, eta politikan sartu zen, udal mailan lehenik. Migel Lopez de Legazpiren jaiotetxea babestu zuen, eraikitzen ari ziren trenbideko lanengatik eraitsia izan ez zedin. Zumarragaren interesak Batzar Nagusietan aurrera ateratzeko lanean aritu zen. Bestalde, Soraluze izan zen Zumarraga Gipuzkoako Ermandatetik denbora epe labur batez bereizteko lehen pausua egin zuena, Zumarragako tren geltokia eta Zumaiako kostaldea lotuko zituen errepidearen eraikuntza lanek eragindako arazoak zirela tarteko.
Bigarren Karlistaldian (1872-1876) Donostia liberal hirian alkatea izan zen. Bere izen onari esker, karlisten eta liberalen bandoetako presoen trukean parte hartu zuen.
Historialaririk nabarmenetakoa
Gipuzkoan izan diren historialaririk nabarmenetakoa izan zen; Historiaren Errege Akademiako kidea izan zen, eta Monumentu Historikoen Batzordeko buru, besteak beste. Euskal Herriko historiari buruz ikertu eta idazten buru-belarri jardun zuen, bereziki Gipuzkoakoaz. Gaztelaniaz egin zituen idazlanak. Egindako lanen artean azpimarragarrienak Historia de la M.N, y M.L. Provincia de Guipúzcoa, Historia de J.S. Del Cano eta Ultimas líneas de Soraluce izan ziren. Serapio Mujika historialariaren esanetan, «Gipuzkoak inoiz ezingo dio Soraluzeren oroimenari hark irriki gartsuaz eta ahal zuen indarrez herrialde haren loria areagotzeko lanak ordaindu». Donostian eta Zumarragan Nikolas Soraluzeri eskainitako kaleak daude gaur egun. Zumarragakoa, oinezkoentzat bihurtu zuten iaz.
Senide ospetsu gehiago
Soraluze familian ospetsu gehiago ere izan ziren: Kandido Soraluze anaia musikaria izan zen, Pedro Soraluze semea, berriz, historialari eta kazetaria. Bestalde, Jose Maria Usandizaga musikari ospetsuaren aitona ere izan zen, bere alaba haren ama izan baitzen.