Xabin Fernandez Zubeldia • Kazetaria
Ez dakit dagoeneko jakingo duzun edo ez. Baina badaezpada, esango dizut. Seropositiboa naiz. Bai. Orain ez da sekretu bat. Duela ia hamar urte jakin nuen nik. Eta badakizu zer? Orain gutxira arte ez dudala honi buruz hitz egiteko gaitasunik izan. Lagun minenarekin ere ez nuen nahi izaten GIBaz aritu. Ezta etxekoekin ere. Nire buruan gordeta eta isilduta izan dudan gaia izan da hauxe hamarkada luze honetan. Eta begira orain… Nire GoiBerriko tartetxoa ere retrobirus malapartatu honi eskaintzen.
Asko hitz egin da azken berrogei urte hauetan IHESari buruz. Bai, SIDAri buruz. Eta honek eragindako heriotzei buruz. Asko hitz egin da Fre-ddie Mercuryren kasuaz. Gehiegi. Gaur egun kalean gurutzatu ditzakegun seropositiboei buruz agian, ez hainbeste. Aurrekoan, lagun talde batekin ari nintzela, «barkatu Xabin, baina ez dizut ulertu; ez dakit zer den seropositiboa izatea» bota zidan lotsati, hogeita bi urteko gazteak. «Ez larritu», erantzun nion.
Ni ere ez nintzen oso jakituna diagnostikoa jaso nuenean. GIBa izateko arriskua nuela jakin bezain pronto, hiltzeko prestatzen hasi nintzen. Momentuan, nire buruak automatikoki egin zituen loturak: seropositiboa naiz = IHESa dut = hil egingo naiz. Freddie bezala. Gogoan dut, infektatuta nengoela jakin nuen momentu hartan, Berlinera joateko bidaia bat hartua nuela lagunekin. Baina nola joango naiz ni inora gaixo banago? –Pentsatzen nuen nire baitan–. Eta zerbait gertatzen bada? Eta zerbait gertatzen bazait han? Ia-ia joan gabe geratu nintzen. Beldurragatik. Eta ezjakintasunagatik.
Orain badakit gauzak oso bestelakoak direla seropositiboaren bidean. Gaur badakit, honek ez duela ni hiltzeko gogorik. Orain badakit tratamendu egokiarekin, birusaren presentzia ezerezean geratzen dela nire gorputzean. Horregatik, birusa detektaezina dela esan ohi da. Eta tratamendu horri esker, besteak infektatzeko arriskua ere desagertu egiten dela. Birusa transmitiezina dela esaten da kasu horretan. Eta kasurik okerrenean, gertatuz gero ere, ez dela inor kutsatzen. Infektatu egiten garela. Hori ere ikasi dut.
Egia esango dizut. Nik orain hamar urte uste nuen Goierrin ez genuela Giza Immunoeskasiaren Birusik. Hori atzerrian eta hiri handietan bakarrik ikusten zela. Freddie Mercuryren hirian. Baino Legorretan? Mila eta bostehun biztanlera ez gara heltzen eta… Gero konturatu naiz, dirua eta zoriontasuna ez bezala, birusak mundu guztian zehar berdin zabaltzen direla tamalez. Hirian zein Goierriko herri txikienean. Freddieren etxean zein nirean.