Legazpiko Alaitasuna errondailan dena ez da gitarra eta bandurria. Eskusoinu txiki bat ere bada taldean, eta hori Manolo Agirrerena da (Legazpi, 1947). Gaztetan ikasi zuen jotzen, bere kabuz, eta duela 23 urte izan zuen istripu batek ezkerreko eskua «txikitu» zion arren, ez dio jotzeari utzi.
Harrigarria da eskusoinu txikia nola jotzen duzun esku horrekin. Zer gertatu zitzaizun?
Istripu larri bat izan nuen duela 23 urte, 1999ko otsailaren 8an. Nik kamioia gidatzen nuen orduan Bengolea zerrategirako, baina egun hartan Olaetxeko lantegian nengoen, makina baten haizagailuak eskua harrapatu eta txiki-txiki eginda utzi zidanean. Eskularrua jantzita neukan, baina aske zeukan hari bat katigatu zen, eta handik tiraka, eskua harrapatu zidan. Eskua bera eta hatzak txikituta geratu ziren, eta hura ikusita dena galduko nuela pentsatu nuen. Zumarragako ospitalera eraman ninduten, eta gero Donostiara. Zumarragan konortea galdu nuen, eta Donostian esnatu nintzen hurrengo egunean. Sorpresa hartu nuen eskua soinean nuela eta hatzetako bat mugitu nezakeela ikusitakoan, ez nuen espero!
Eskua kontserbatu zenuen, baina kalte ugari jasan zenituen.
Bai, eta errekuperazioa oso prozesu luzea izan zen. Bederatzi ebakuntza egin zizkidaten eskua berregiteko, eta ez nuen erabat berreskuratu. Hatz guztiak kontserbatu nituen, baina erakuslea ez zen ondo geratu, eta azken momentuan hezurrak kendu eta geratu zen haragi puska esku-ahurrean itsatsi zidaten. Orain lau hatz funtzional ditut. Erdikoa oso motel geratu zen, beste bat moztuta dago, beste bat ere bai… eskua deformatuta daukat, baina pintza egiten dut eta nahiko ondo moldatzen naiz.
Eta eskusoinua jotzen duzu. Nolatan?
Medikuek esan zidaten eskua bere onera ekartzea nire baitan zegoela hein handi batean. Errehabilitazio asko egin nuen, eta nire kabuz ariketak egiten nituen gomazko pilota batekin. Eskusoinua jotzen ere hasi nintzen, eta medikuei hori esan nienean, «osasun aginduz» jotzen jarraitzeko esan zidaten.
Asko kostatu al zitzaizun hastea?
Istripua izan eta gero, etxekoek eskusoinua gorde egin zidaten, ez deprimitzeko-edo. Baina aurkitu nuen, eta nire kabuz, ixilpean, poliki-poliki hasi nintzen jotzen… Sorpresa ederra hartu zuen Aurori emazteak jotzen harrapatu ninduenean, emozionatu eta guzti egin zen! Istripua izan eta bi urtera hasiko nintzen berriz ere jotzen. Ezkerreko eskuarekin soinu bajuak jotzen dira, baina errondailan taldearen babesean jotzen dudanez, moldatzen naiz, ez da bakarka jotzen duzunean bezala.
«Bakarrik ikasi nuen, nire kabuz, eta beste trikitilariei begira, askotan izkutuan saioak grabatuta ere bai»
«Nik Do eta Fa tonuetan jotzen dut soinuarekin, horiek direlako gitarrarekin hoberen egokitzen direnak»
Eskuinean ere hatz zati bat falta duzu.
Bai. Erakuslean. Beste istripu bat izan nuen duela bost urte. Kotxe baten ateak harrapatu zidan hatza, eta zuzenean moztu zidan punta. Harekin ospitalera joan nintzen, baina ezin izan zuten berriz txertatu. Eskuineko erdiko hatza ere ezin dut mugitu bere osotasunean, 18 urterekin izandako beste istripu baten ondorioz. Eta horrela ere moldatzen naiz. Batzuetan hatz lodia erabiltzen dut erakuslearen ordez.
Baduzu kemena!
Azken istripua gertatu zenean errondailan jotzen nuen dagoeneko… baina ni burugogorra naiz, eta aurrera, lortu nuen. Afizioa dagoenean, behar den guztia egiten duzu, eta tematu besterik ez dago. Besteei baino gehiago kostatuko zaizu, baina egin dezakezu.
Noiz hasi zinen eskusoinua jotzen?
Gure etxean beti izan da musika. Aitak eskusoinu txikia jotzen zuen, eta gure amaren anai bat ere, Joxe, soinujolea zen. Etxarri-Aranazkoa (Nafarroa) zen, itsua, eta ezkontzetan ibiltzen zen jotzen. Nik ere jo nahi nuen, eta aitak erosi zidan trikitixa, 16 urte nituela, bizikletarekin hartutako kolpe batez sendatzen ari nintzenean. Arrate irratian bat salgai zegoela entzun nuen, eta bertara joan ginen, trenen, taxian… 3.000 pezeta ordaindu genituen [18 euro], asko! Nire kabuz hasi nintzen ikasten, eta hala jarraitu nuen. Zumarragako Isabel tabernako Manuelengana, Zumarragako txikitixa taldeko Joxe Oriarengana eta Lajarengana ere jo nuen, baina ez nuen lortu inork erakustea.
Eta nola ikasi zenuen azkenean?
Bakarrik! Beste trikitilariei begira ikasi nuen, askotan ezkutuan saioak grabatuta ere bai. Martxan hasita nengoenean, Martin Aginagaldek ere ezezkoa esan zidan, ordurako ‘bizio txikiak’ hartuta nituelako. Gero, lagunen artean jotzen hasi nintzen, kuadrillarekin txangoetan, afarietan… Askotan tronpeta jotzen zuen David Armendariz lankide eta lagunarekin jotzen nuen, eta panderoa jotzen Aitor edo Jose Antonio nire anaiak ibiltzen ziren.
Musikari familia zarete orduan.
Bai, aita, osaba, bi panderojoleak eta Genaro, nire beste anaia ere bai, gaztetan trikitixa jotzen zuena.
Nola sartu zinen errondailan?
Ba ez dira urte asko. Jose Antoniok bandurria jotzen zuen taldearen lehen urteetan, eta utzi behar izan zuen arren, harremanetan jarraitu zuen. Hala, errondaila geldirik egon zen urteetan, urtero egiten zituzten afarietara biok joaten ginen, eta ederki pasatzen genuen. Berriz elkartu eta emanaldiekin hasi zirenean, nik joaten jarraitu nuen, behar zuten guztiarekin laguntzeko, eta abesteko ere bai. Saturnino Telleria kaleko lokala hartu zutenean ere beti han sartuta egoten nintzen, eta kanpora joaten zirenean, ni ere bai. Zuzendaritzan egon nintzen, lehendakaria izan nintzen… Azkenean duela 15-bat urte, Santa Zezilia kontzertuaren bezperetan, eskusoinua jotzeko eskatu zidaten.
Nola uztartzen dira gitarren eta esku soinuaren doinuak?
Aurretik proba eginda ginen gure aldetik Tony Ausserldascheider eta biok, eta gitarran zubitoa jarrita doinu polita ateratzen zela ikusita ginen. Beraz, aurrera. Orain, nik eskusoinua jotzen dudanean, gitarra jotzaileek zubitoa jartzen dute, tonu berean egoteko. Nik Do eta Fa tonuetan jotzen dut, horiek direlako gitarrarekin hoberen egokitzen direnak, eta halako soinu txikia erosi nuen gainera, Ibarran. Ondo moldatzen gara taldean, nahiz eta nik partiturarik gabe jotzen dudan, nire erara moldatutako gidak edo ditut, apuntez josita. Internetek asko laguntzen dit.
Zenbat eskusoinu dituzu?
Aurretik izan ditut hiru-lau gehiago, horietako bat Kepa Junkerak berak aholkatuta erosi nuena, Estrella markakoa. Baina haren soinua ez zitzaidan gehiegi gustatzen, tristeagoa zen, eta horregatik aldatu nuen. Orain daukadan soinuak badu berezitasun bat, hiru ahotsetara jotzeko aukera duelako, eta oso gustura nago honekin.