Hiri Hezitzaileen sarera batzen aitzindaria izan zen Ordizia, Goierri mailan. 2008 urtean eman ziren mundu mailako egitasmo horretara batzeko lehen urratsak, eta 2014 urtean, Ordiziako Udalak, Udal Osoko bilkuran, aho batez erabaki zuen Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkartearekin bat egitea. Sorreratik hamalau urte igaro dira. Hona iritsita, hainbat alorretako eragileek bat eginik, proiektuaren etapa berria herriratu zuten azaroaren 30ean, Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Egunean.
Ekitaldian parte hartu zuen Belen Maizak (Ordizia, 1945), Ordizia Hiri Hezitzailea proiektuaren sustatzaileak eta gaur egun Hiri Hezitzaile talde eragileko kideak. Proiektuaren sorreraren eta egindako bidearen inguruko gakoak eman ditu. «Ordiziako udaletxean zinegotzi bezala ardura batzuk egokitu zitzaizkidan; kultura, hezkuntza eta euskara, eta nire buruari galdetu nion, ea ardura horietan nola eragin genezakeen herriaren hobekuntzan», hasi da kontatzen Maiza, profesionalki hezkuntza munduan mugitu dena, eta herrigintzan, nekaezina dena –azken bi hamarkadetan hiru agintalditan zinegotzia izan da, baita Hitzaro euskara elkarteko kidea ere, besteak beste–.
Hobekuntza horretan, beharbada, profesionalki hezkuntza munduan mugitu delako, nahiko garbi du «hezkuntza dela oinarri oso sendo bat herria zaintzeko eta hezteko, eta heziketa ez dela bakarrik eskolan eta familian ematen, herriak ere hezi egiten duela». Gai horri bueltaka, literaturara jo zuen, ideia horiek argitu nahian, eta hor topatu zuen nolabaiteko argia; «proiektu kolektibo baten bidea ematen zuena, Hiri Hezitzaileen mugimendua».
Jahir Rodriguez Rodriguez pentsalariak eta soziologoak 2007 urtean Hiri Hezitzaileez egin zuen definizioa ere bere egin zuen Maizak: «Hiri Hezitzailea kolektibotasuna, publikoa, politikoa eta etikoa dena aldarrikatzen duen proiektua da. Hezkuntzatik gizartean eragiteko gaitasuna garatzen duen proposamena da, hiritarrekin jarrera eta balioak landuz, proiektu kolektibo gisa demokraziaren eta hiritartasunaren eraikuntza bilatzen du».
Marko teoriko horren inguruan, Ordizian Hiri Hezitzailea proiektuaren lehen urratsak zehazten hasi ziren «Euskal Herriko Unibertsitatera joz, oinarri-oinarritik lanean hasteko, proiektu bat erosi gabe». Herriko eragileekin –herritar talde bat, elkarte batzuetako ordezkariak, udaleko zenbait teknikari,…– eta «landa lan handia eginda» gorpuztu zen, «hitzetatik ekintzetara» eraman zena.
Beraz, «banaka egiten ziren eta partekatuak izan zitezkeen ekintzak, kolektiboan jarri eta elkarrekin egiten hasi ginen, modu praktikoan, jendeak ikus zezan, zer zen elkarrekin lan egite hori», gogoratu du Maizak. Uste du, «balio asko» jarri zituztela mahai gainean, «hau guztia abiatzeko momentuan».
Konturatu ziren, horrek guztiak beste leiho inportante bat irekitzen zuela; «bakoitzak bere bulegoan, elkartean, itxita egiten genituen ekintza horietatik harago, besteena ezagutzen hasi ginen, eta besteena balioan jartzen ere bai, bestea entzuten,…», eta orduan, «herria hobeto ezagutzen ere hasi ginen», nabarmendu du Maizak.
Horrelako lan lerro bat irekitzea «oso positiboa» izan zen Maizaren esanetan. Jendeak hartu zuen «ilusio handiarekin, aukera ezin hobea zelako», eta aldi berean, ohartu ziren, «bakarka baino, taldean askoz ere indartsuagoak» zirela, «ezagutza gehiago lortzeko aukerak genituela, ezagutza berriak sortzeko ere bai, eta horrek uste dut eman zigula, ikuspegi bat, ordura arte falta zitzaiguna».
Dena den, «erresistentziak egon zirela» aitortu du Maizak, «logikotzat» ere jo duena, «lan egiteko modu berri bat zelako». Hortik ere, ateratzen du zerbait positiboa; «izan zen ikasbide bat, hau da, erresistentziak kudeatzeko bideak ere ikasi egin genituen, inor behartu gabe, bakoitzaren erritmoak eta kezkak errespetatuz, baina proaktibitate horri garrantzia emanda», eta uste du, horregatik ere izan dela, «2008tik gaur arte iritsi den proiektua bat».
Eraldaketa kontzientziatik
Egindako bidean, pausoz pauso eta eragileen ilusio eta grinarekin, gauzak beste modu batean egiten hasi ziren, eraldaketarantz, eta Maizarentzat garrantzitsua da gauza batez ohartzea: «Herriak ardura handia duela herritarren heziketan, eta herritarrak hezi, etengabe egiten direla herri batean, batzuetan kontzienteki, beste batzuetan inkontzienteki, baina proiektu honen helburua da benetan, erabaki bat hartzen denean, erabaki horrek kontzienteki egitea, zein den bere helburua, zer lortu nahi den hausnartuz». Hain zuzen ere, «hori kontzientziara eramaten ari garenean, ari gara ekintza horri beste aurpegi bat jartzen, aktibismoan erori gabe».
Zalantzarik gabe, ekintza orok nolabaiteko ondorioa du. Eraldaketa bilatu nahi bada, Maizaren hitzetan, «pertsonak hobetzea, pertsonak eskuzabalagoak izatea, kolektibotasunean lana egiteko jarrerak lantzea beharrezkoa da», eta baita ere «adostasunera iristeko proposamenak eta borondateak azaltzea». Eta pertsonak eraldatzen diren neurrian, «taldeak ere eraldatu egiten dira».
Baina horra iristeko, «kontzienteki zer nahi dugun jakin behar dugu, zeren hori gabe, eta aktibismoa ona da neurri batean, baina aktibismo hori hanka motz geratzen da eraldaketa mailan».
Etapa berri baten hasiera
Azaroaren 30an etapa berri baten herriratzea izan zen. «Taldean bertan ikusten genuen komeni zela ebaluaketa bat egitea, proiektua bera moteltzen ari zelako eta alarmak piztu zirelako», esan du Maizak etapa berri honen hasieran. «Gauza positiboak jaso dira eta hobetu beharrekoak ere bai, datozen urteetarako erabakitzen den proiektuan inplementatu beharko dira antzemandako hobekuntzak», espero du Maizak.
Zabaldu den etapa berrian Txatxilipurdiren babesa dute. Iker Agirre Txatxilipurdiko komunikazio eta sare arduradunak azaldu duenez, «hausnarketa hori eginda, Txatxilipurditik joan ginen hori guztia martxan jartzera eta definitu ziren lan ildo batzuk; mahai gainean jarri ziren aukeren artean, zaintza aukeratu zen». Gaur gaurkoz, beraz, «zaintza lantzen hasita gaude».
Momentu honetan, nahietako bat da «Ordizia Hiri Hezitzaileko batzarra nolabait zabaltzea, eta hain zuzen ere, herri aurkezpena izan zen herriratzeko eta herritarrak egitasmora gerturatzeko saiakera bat».
Hortik aurrera, «praktika zaintzaile hauek martxan jartzeko talde mistoak sortuko ditugu, teknikari, eragile eta herritarrekin, eta Txatxilipurdiren bide laguntzarekin, maiatzera arte», zehaztu du Agirrek.
Zazpi uztarri
Etapa berri honetan ere OinHerri dute bidelagun, eta Maite Azpiazu OinHerriko hezitzaileak azaldu duenez, «gure teorien arabera, herri bat kontzienteki hezitzailea dela esan ahal izateko zazpi dira uztarriak». Teoriatik praktikarako jauzian, «herri bakoitzera ekarri behar dira, ez delako berdina Ordizia edo Tutera izatea; bakoitzak bere testuingurura egokitu eta bere baliabideekin egin beharreko prozesu bat da».
Lehena da, «haurrak eta nerabeak ikusteko modua aldatzea, hau da, gaur eta orain herritarrak baldin badira, herritar bezala herriko erabakietan parte hartzeko eskubidea dutela».
Hiri Hezitzailea kolektibotasuna, publikoa, politikoa eta etikoa dena aldarrikatzen duen proiektua da
Ordizia aitzindari izan zen Goierrin: 2008az geroztik lanean jardun dute marko horren barruan; eta 2014an sartu zen sarean
Lehenengoa «bigarrenarekin oso lotuta dago eta da benetako parte hartzea martxan jartzea, txiki-txikitatik, herritar guztiak parte hartzearen kulturan heziz».
Hirugarrena, Euskara da. OinHerrin ulertzen dute, Euskal Herriko testuinguruan herri batek hezitzaile izan behar badu «euskaraz» izan behar duela. «Noski, herri batean egon daitezkeen kultura eta hizkuntza guztiei lekua eginez eta balioan jarriz, baina euskaraz. «Laugarren eta bosgarren uztarriak, elkarrekin joango lirateke, eta dira, aniztasunean, berdin eta parekide heztea».
Seigarrenak dio, «natura eta kultura ezagutu, balioan jarri eta transmititzea».
Eta zazpigarrenak, nola egin galderari erantzuten diona. OinHerrirentzat egiteko modu bakar bat dago, «komunitatea saretzen». Horri lotuta, Azpiazuk azaldu du, OinHerriren ustez Hiri Hezitzaile batek izan behar dituela, «hiru hanka»: «Ikastetxeak, hezkuntza formaleko eragileak direnak eta baita hezkuntza ez formalekoak, aisialdia, Gaztelekua, besteak beste; udala bere osotasunean hartuta; eta herrigintzako eragileak (feministak, ekologistak,…). Hiruak batera elkarlan horizontalerako guneak eta momentuak sortuz joan gaitezke herri hezitzailearen prozesuan sakontzen».
«Teoria oinarrian, eta egindako bidea kontutan izanik», hemendik aurrerakoa eraikitzeko bidea zabaldu da Ordizian, eta «sormen handia» beharko dela dio Azpiazuk. Agirrek borobildu du; «gakoa da kontzientzia hartze hori, asimilatzea herri antolamenduak gugan eragin bat duela, eragileek egiten dutenak eragina duela. Horren kontzientzia hartzea, bere horretan urrats bat da».
Herri txikienetan, gaztetxoenen hitza da gakoa
Eraldaketaren bidean, hitzetatik ekintzetara urratsa eman dute Goierriko hainbat herritan, OinHerriren Herri Hezitzaile egitasmoaren barruan. «Kontzeptu aldetik oinarrian berdinak dira, baina hiri terminoa erabili beharrean herri terminoa erabiltzea da gertutasuna emateko», azaldu du Maite Azpiazuk. OinHerri sortu zen, «mundu mailako proiektu hori Euskal Herriratzeko, eta Euskal Herrian, hiri baino herri gehiago ditugunez, horregatik Herri Hezitzaile erabiltzearena, baina funtsean, berdina da», argitu du.
Idiazabal, Ezkio-Itsaso, Itsasondo, Segura, Legorreta, eta Zaldibia, OinHerriren Herri Hezitzaile egitasmoan daude. Herri horietan kezka nagusietako bat da, gaztetxoek eskola garaia bukatzen dutenean –LHrainoko ikasketak baino ez dituzte– Ordiziara edo Beasainera jotzen dutela, eta eskolaz harago aisialdirako ere, herri haziago horiek aukeratzen hasten direla. Nerabeek jaioterriarekin atxikimendua sentitzeko, proiektu desberdinak jarri ditu martxan OinHerrik, udalekin batera. Hala, nerabeen eta udalen arteko harremana sendotzea beharrezkoa zela ikusita, haien parte hartzea sustatu da, eta galdetu zieten, zer beharko luketen herrian gelditzeko, zertan inplikatzeko prest dauden…
Zaldibian, adibidez, lortu dute aisialdi programazio bat egitea nerabeekin. Ezkion udaletxe azpian lokal bat martxan jarri dute. Gazteleku baten antzeko espazio bat da gazteak elkartzeko; haien parte hartzearekin kudeatzen da.
Legorretan, HAPO-a berritzeko prozesuan parte hartzeko aukera zabaldu diete gazteenei. Herrian zehar ibilbide bat eginez, gustuko dituzten eta aldatuko lituzketen lekuak detektatu zituzten, hirigintzan gazteenen ikuspegia ere kontuan hartuz, herriarekin atxikimendua bultzatzeko helburuarekin.
Zaldibian, gaztetxoentzako parke finko bat egin beharrean, egitasmo bat jarri zen martxan. Herriko haurrek eta nerabeek lortu zuten auzo lanean material desestrukturatua –sokak, enborrak, egurrak, poleak…– eta plazaren erdian kutxa batean gelditu zen itxita. Kutxa hori nahi zutenean ireki zezaketen eta bertako materialak atera jolasteko. Hirigintzako adituek behaketa egin zuten haurrek nola eta non jolasten zuten aztertzeko.
Eta Seguran, pandemiarekin Gaztelekua itxi egin zuten. Martxan jarri da berriro, baina kudeaketa eredu berri batekin; hau da, sortu dute aisialdi talde bat, tokian tokikoa, eta beraiek kudeatuko dute espazio hori. Horiek dira, martxan jarrita adibide batzuk.