Izaro Nieto Ruano (Ordizia, 2000) aktorea da eta Irrits film laburreko protagonista lanetan aritu da. Film hau udalekuetako begirale lanetan dabiltzan bi neskaren arteko amodioaren inguruko filma da eta 2022an estreinatu da.
Nola iritsi zinen Irrits film laburreko aktore izatera?
Lehenik eta behin Akelarre filmeko castingean izan nintzen. Casting batera nindoan lehen aldia zen eta probatzeko asmoz joan nintzen, baina bertatik oso gustura irten nintzen. Ondoren, probaren bat edo beste gehiago egiteko deitu zidaten Akelarre filmerako eta hiruzpalau egin ondoren –horietako azkena parte hartu zuten aktoreekin– ez nuen lortu papera. Hala ere, esperientzia horren ondoren animatuta nengoen eta casting gehiagotara joan nintzen, gauza desberdinak probatuz. Irrits film laburraren berri izan nuenean ez nuen zalantza erdirik ere izan eta castingera joan nintzen Donostiara, izan ere, Akelarre filmeko zuzendari bera zen eta horrek ere erosoago sentiarazten ninduen, ezagutzen baininduten. Proba pare baten ondoren barruan nengoela esan zidaten.
Nolakoa izan da filmazioa eta bertako giroa? Nola sentitu zara kameren aurrean?
Egia esan ez nekien oso ondo kamera aurrean antzeztea nolako esperientzia izango zen eta apur bat urduri joan nintzen lehenengoan. Hala ere, grabaketaren aurretik egonaldia egin genuen bi aktoreok zuzendariekin, bion lehen aldia baitzen kamera aurrean. Egonaldi honek asko lasaitu gintuen eta zuzendariaren partetik zaintza keinu bikaina izan zen. Taldeari dagokionean, ez ginen ez asko, ez gutxi, eta gainera ez ohikoa den arren, emakumezkoak ginen taldearen %70-80 inguru. Beraz, oso giro erosoa eta polita izan genuen grabaketan zehar eta udako esperientzia ahaztezintzat daukat. Hau hala izanik, beste baterako gogoz itzuli nintzen.
Zer eskaini dizu proiektu honek arlo pertsonalean? Eta profesionalean?
Arlo pertsonalari dagokionean lan bat egitean eroso sentitzen ikasi dut, nahiz eta kamerak izan aurrean. Horrez gain, filmazio talde batean dauden paper ezberdinak ezagutu ditut eta interesgarria iruditu zait mundu hau ezagutzea. Gainera, jende berria ezagutzeko aukera izan dut eta hauekin harremanak egitekoa. Arlo profesionalean, aldiz, gustuko dudan afizio bat ofizio bilakatzeko zortea eduki dut, profesionaltasuneranzko pauso bat emanez eta esperientzia lortuz, nahiz eta arkitekturako ikasketek ez didaten denbora gehiegirik uzten horrekin jarraitzeko.
Aurrera begira baduzu beste proiekturik esku artean?
EITBko telesail baterako proba egin nuen Erasmusen nengoela, distantziara, baina hau oztopo izan zen paper hori lortzerako orduan. Hala ere, ez daukat proiektu zehatzik buruan, baina argi dut zerbaitetan muturra sartuko dudala eta esperientzia horiek bizitzeko gogoz nagoela.