Mikel Iturriotz • Bertsolaria
Hauxe dut lehenengo idatzia GoiBerrin. Bide batez, jaso berri dudan proposamenak hala dio: iritzi informal edo zirikatzaile kutsukoak izatea bilatzen du atal honek. Egiari zor, bat etor liteke lerroburu gisa darabilgun horrekin: aliritzira.
Auskalo filologo batek zer liokeen, baina nire begietara hitz horrek baditu, gutxienez, bi esanahi. Badu, batetik, ausaz hitzera hurreratu nahi bat, gauzak edonola, zernahitara egitera; bestetik, ordea, norbere juzkuari keinu txiki bat egiten dio, aliritzirak esan nahi baitu iritzira ere, alegia, uste propiora, norbere ustera.
Gauza txundigarria hizkuntzarena: kontrajarriak behar luketen bi adiera hitz berberean bilduta. Han-hemenka irakurri eta entzundakoek lehenengoaren usaina izan ohi dute sarri; nik idatzitakoek, bigarrenarena izan dezaten nahi nuke, izan ez dadin pertsonala den hori ausazkoa, edonolakoa. Irizteak bai baitu erantzukizun indibidual batetik harago, beste nolabaiteko zera bat; inplikazio kolektibo bat, nahi bada.
Informala, zirikatzailea, xaxatzailea. Ez zait egundo iritzia emateko beste modurik bururatzen. Ez aurretiazko asmo bezala –heldu den proposamen batera egokitu nahi moduan, alegia–, mundu ikuskera kritiko baten agertoki posible bakar gisa baizik. Zentzu komunetik urruntzeko lanik hartu beharrik ez daukagu, hortaz. Aspalditxo da oso bestelako lurraldeetan barrena gabiltzala.
Bi hilabetean behin idatziko dut hemen, beraz, ez ariketa literario soil moduan; parte-hartze politikoaren defentsan arituko naiz, inplikatzearen beharrezkotasuna transmititu nahian. Ez abstraktua edo urrunekoa den horren inguruan, egunerokotasuneko elementu ukigarrien gainean baizik. Irizteko, eta, ahal delarik, iristeko.