Salman Rushdieren Deabruzko bertsetak iraingarritzat jo eta egilea fatwara kondenatua izateko, bada iaz berrirakurri nuen liburu horretan pasarte giltzarri bat. (Deabrua ñabarduretan ezkutatzen da, eta mila deabruri kastatik badatorkie, ez gutxiago goierritar kastakooi ere…)
Mahounden historia, hareazko hiria zen Jahiliako Profetarena. Garai hartan, Ekialde hartan, politeismoa zen nagusi fededunen artean, eta Lat, Uzza eta Manat Jainkosak ere euren lekua zuten Olinpo hartan. Baina Hegazti horiek primerakoak izan arren, «Ala da bakarra» esaldira iristen da Jainkoaren Postaria. Alabaina, Jainkosa horien izenak ere idatziak zituen jada bere bertsoetan, eta…
(…) «Gibreel goiaingerurekiko borroka libreko bere azken konbatearen amaieran, Mahound profeta bere ohiko loan, argigarri, erortzen da abaildua, baina kasu honetan normala den baino lehenago esnatzen da. Konortea berreskuratzen duenean, goi haietako desolazioan, ez dago inor bistan, ez dago izaki hegaldunik arroketan pausaturik. Salto batean ipintzen da zutik, bere aurkikuntzak ekarri dion estuasunak zamaturik.
Deabrua zen –dio ahots goran airera, egia bihurtuz ahotsa ematean berorri–. Azkeneko aldian Shaitan zen. Hori da berak entzun duena bere entzutean, engainatua izan dela, deabruak bisitatu duela goiaingeru baten forman; beraz, memoriaz ikasi zituen bertsoak, poesiaren dendan errezitatu zituenak, ez ziren egia, baizik eta beraren antitesi diabolikoa, ez zerutiarrak baizik eta satanikoak. Ahalik eta lasterren itzultzen da bera hirira, sufre eta sulfuro usaineko bertset ez-mundutiarrak ezabatzera, menderik mende betirako borratzera ; era horretan iraun dezaten tradizio zaharretako bildumaren bat edo bestean, zeinak interpretari ortodoxoek saiatuko diren desagerrarazten; baina Gibreelek, kameraren angelu altuenetik planeatzen eta zelatatzen duenak, xehetasun bat daki, gauzatxo bat soilik, izugarrizko arazo bilakatu dena: bi aldietan ni nintzela, baba, lehena ni eta bigarrena, halaber ni. Nire ahotik, baieztapena eta ukapena, bertsoak eta konbertsoak, unibertsoak eta ifrentzuak, historia osoa, eta denok dakigu nola mugiarazten zidaten ahoa.
Lehendabizikoa deabrua izan zen –murmurikatzen du Mahoundek Jahiliarantz korrika doan bitartean–. Baina oraingoan aingerua izan da, ezbairik gabe. Berak janaraziko dit hautsa».
Rushdie hiltzen saiatu zirenerako, bagenekien bere itzultzaile, editore eta bestek nozitu zituztela nokierokoak… Eliza kristaua matxista dela? Eta islamzaleak ez, noski…! Primo-Levyren Hau gizon bat baldin bada poema zirraragarria (itzuli nuen, baina ez dut aurkitzen; googlen klikatuta erraz aurkitu liteke gazteleraz), kontu polita litzateke egia balitz den-dena, orain eta hemen. Luze joko luke…
Eta DeabruarenEskola.eus –erako idatzi nuenean honela moduzko hurrengoarekin amaitu nuen: «Nor molesta dezake hodei batek?», edo gisakoa ere galdetzen du Salmanek liburu horretako beste pasarteren batean. Baina nork daki?, beldurra librea da, ia bizitza osoa daramagu fundamentalismoek eragin dituzten triskantzak ikusten, eta Barkatullah talibanaren aurrean fidakaitza nauzue, Beldurgordea anai-arrebok, horregatik sinatzen ditut hitz hauek ezizenez.
J.M. Arranomendi