Automobilak gustatzen zitzaizkion abenturazalea izan zen Georges Cormier frantziarra (Paris, 1869 – Pezou, 1955). Artean pixoihaletan zegoen beribilgintza, eta fabrikatzaileek ahalegin handiak egin zituzten aurrerapen teknologiko hura garatzen, segurtatzen eta, batez ere, gizarteratzen. Sekula egin gabeko balentriak diseinatu zituzten, autoen fidagarritasuna eta gogortasuna erakutsi, eta munduaren aurrean propaganda egiteko. Cormier hartaraxe dedikatu zen. Goierritik ere igaro zen, 1903an, eta erretratatuta utzi zuen parajea.
De Dion Bouton autogilearen zerbitzura, urte hartan Zirkuitu Europar-Afrikarra osatu zuen Cormierrek. Paristik 1903ko urriaren 17an irten, eta abenduaren 9an iritsi zen berriz leku berera. Bitartean, 7.240 kilometroko zeharkaldia egin zuen De Dion autoarekin Europako eta Afrikako herrialde askotatik.
1904ko modeloko auto haren ezaugarriak irrigarriak suertatzen dira gaur egun. De Dion Bouton bi zilindroko motoreak hamar zaldiko potentzia besterik ez zuen ematen. Baina eraginkorrak, bistan denez. Abiadura handirik ez zuten onartuko orduko errepideek, batez besteko aipagarria lortu zuen: 52 egunean, hirietako geldialdietan 19 egun eta martxan 33 egun egin zituen; ibilian batez beste 220 kilometro, eguneko. Dunlop markako pneumatikoak zeramatzan ibilgailuak.
Paristik hegoalderantz, Miarritzeraino etorri zen Cormier. Euskal Herria zeharkatu zuen gero, Burgoseraino. Bien bitartean, Goierri ere bai, Etzegarateko errepidean gora. Aurretik, Araman geldialditxo bat egin zuen, Ibaresko zubi ondoan argazkia ateratzeko.
Madrildik Cartagenara, itsasontziz Aljeriara igaro, eta kostaz kosta Tunisiatik Siziliara joan zen. Italia osoa hegotik iparrera zeharkatu, Austria, Suitza eta Alemanian gora Luxenburgotik Bruselara (Belgika) igo, eta Parisen amaitu zuen abentura.
Hogei argazkiko postal seriea
Zirkuitu Europar-Afrikarra –eta Cormierrek gauzatu zituen beste asko– ez ziren egiteko bakarrik; egindakoa kontatzeko ere bai. Hala, argazkitan jaso zuen zeharkaldia, ondoren beribilen ferietan eta erakusketetan balizko bezeroak liluratzeko.
Araman ateratako argazkia, hain justu, balentria irudikatzeko 20 irudiko serieko lehen zenbakia da. Avant Villafranca (Ordizia baino lehen) jartzen du izenburutzat, eta postal formatuan editatu zituzten. Ander Iurrita bildumagile ormaiztegiarrak iazko maiatzean erosi zuen, Frantzian, eta Goiberri-ri eman.