Irati Apalategi • Neu albaitaritza (Beasain)
Urte zaharrean eta Gabon gauean botatzen dituzten petardoek gure maskotak aztoratzen dituztela badakigu, baina ba al dakigu ze puntura arte eragiten dioten gure «etxeko lagunei»?
Batzuei ezinegona besterik ez diote sortzen, baina beste batzuei takikardia eta heriotza ere sor dakieke. Gure Txispik betidanik beldur ikaragarria izan dio festa hauetako pirotekniari eta etxetik bueltaka hasten da, babes toki baten bila eta kalean bagaude ziztu bizian etxera joan nahi izaten du. Ordu batzuetan horrela egoten da egoera horretatik ihesi nahian, toki seguru baten bila.
Batzuei ezinegona besterik ez diote sortzen, baina beste batzuei takikardia eta heriotzaere sor dakieke
Botikak aukeran
Nire paziente askori, ordea, beldurra eta ikara handiak sortzen dizkiete eta horretarako botika ugari dauzkagu gure eskura. Batzuk naturalak, sendabelarrekin eginak eta beste batzuk kimikoak. Naturalak direnak, egun berezi hauek iritsi baino lehenago ematen hasi behar gara, horrela egun horiek iristean maskotak lasaiago egongo dira.
Kimikoak direnak, ordea, egunean bertan eman, ordu batzuk lehenago eskaintzearekin nahikoa izango litzateke. Beti ere albaitari bati galdetu beharko diogu eta berak esango digu ze tratamendu den egokiena.
Leku lasaia eta musika lagun
Beste gomendio batzuk ere ematen ditugu: Leku lasai bat ezarri, musika jarri, bere jostailuak eskura izan ditzala… Maskotari lasaitasuna eta segurtasuna eman behar diogu; hau dena ere oso garrantzitsua da.
Kalera ateratzen dugunean sokatik helduta joatea ere gomendagarria da, bestela ihesi etxeraino joaten bada, kotxe batekin edo beste ibilgailu batekin talka egin dezake eta istripu bat sortu.
Besteengan pentsatu
Badakigu petardoak botatzen dituztenen ohitura horiek pertsona batzuei kentzea ia ezinezkoa dela, baina bai konsziente izan beharko genukeela ze ondorio ekar ditzaketen praktika guzti hauek.
Bestalde, aldi berean, pixka bat besteengan pentsatzea ere beharrezkoa da, batzuetan bakarrik bada ere. Ondo etorriko litzaiguke, besteen larruan jarri eta hauek nola sentitzen diren pentsatzea!