Espainiako Gobernuak BEZa kendu edo murriztu die hainbat elikagairi, beste batzuei ez. Baserritarrei eragiten dien laguntza zuzen batzuk ere onartu ditu.
Espainiako Ministroen Kontseiluak abenduaren 28an onartu zituen oinarrizko elikagai batzuei eragiten dieten neurriak. Kasu batzuetan BEZ Balioari Erantsitako Zerga kendu die, eta beste batzuetan murriztu –ikus 15. orriko laburpena, Enbak landutako balorazio taula–. Horrez gain, B gasolio profesionalarekin dabiltzan baserritarrei 20 zentimoko laguntza zuzena emango die litroko, eta ongarriek izan duten igoerari aurre egiteko laguntza zuzenak ere emango ditu, 22 euro hektareako. Neurri horiek behin-behinekoak dira, sei hilabeterako printzipioz, baina KPIaren jaitsierak lehenago indargabetzea ekar lezake.
Krisi ekonomiko orokor baten barruan eta bizimoduaren garestitzeari aurre egiteko neurri modura aurkeztu ditu laguntzok Madrilek, egoera zaurgarrienean dauden familietan arreta jarrita. Hartutako neurri horien aurrean balorazio «gazi-gozoa» egiten du Enba Euskal Nekazarien Batasuna sindikatuak. EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkarteak, berriz, «neurri horiekin desados ez egon arren», irakurketa zabalago baten beharraz hitz egin du.
Salmenta igoerarekin zalantzati
Xabier Iraola Gipuzkoako Enbaren koordinatzaile legorretarrak «partekatzen» du Espainiako Gobernuak neurri hauek hartzeko duen kezka –elikagaiak erosteko hainbat jendek duen ezina–, baina honako irakurketa ere plazaratu du: «BEZaren gainean aktuatu du, elikagaietan eta gasolioan eraginez. Ados. Baina aurtengo Eguberrietan inoiz baino gehiago gastatu da, eta ez da izan elikaduran, aisialdian eta hegaldietan baizik, besteak beste. Loiuko aireportuak inoizko bidaiari gehien mugitu du, eta bidaia agentzia topera daude. BEZa kendu eta jaitsi bai, baina gero jendea Eguberrietan Londresera doa!».
Iraola kontziente da legeak «justuak» izatea eta bakoitzaren egoera ekonomikora «egokituak» izatea «ezinezkoa» dela, baina «lau sosa horiekin behar duenari ez zaiola laguntzen» uste du. Sektoreari begiratuta, BEZa kendu dieten ekoizleek «marjina txiki-txiki bat» izan dezaketela iruditzen zaio, baina zalantzati hor ere. «Salmenta prezioari eutsi edo zertxobait jaisteko aukera ematen dizu, eta horrekin suposatu daiteke salmenta aukerak areagotu egin daitezkeela, baina ez dakit, nire zalantzak ditut. Pentsua eta beste input batzuk garestitzen badira, ekoizle askok prezioa mantenduko dute, nahiz eta BEZa desagertu».
Elikagai Katearen Legea betetzea
Gipuzkoako EHNEren lehendakari Garikoitz Nazabal zaldibiarrak adibide xume batekin ekin dio hitz-aspertuari: «Pentsa, ogia zenbait lekutan 2022an baino garestiago dago, aplikatu dioten igoera BEZa kentzearena baino handiagoa izan baita». Nazabalek argi utzi nahi du ez daudela Madrilek hartu dituen neurrien kontra – «bestela eman baitezake kontsumitzaileen eros ahalmenaren kontra ari garela»–, baina «hauteskunde testuinguruan» kokatu behar direla uste du, «benetan daukaten eraginkortasunean baino».
Bete gabe jarraitzen duen Elikagai Katearen Legeari egin dio erreferentzia, hori baita haren ustez abiapuntua. «Euskaldunok zerbait badakigu legeei buruz, eta badirudi lege batzuk ez badira betetzen ez dela ezer pasatzen. Merkatu erregulazioaz hitz egin behar da, elikagaietan praktika abusiborik ez dela ematen bermatu, espekulazioa gelditu eta input horien garestitzea kontrolatu. Hori egiten ez den bitartean alfer-alferrikakoak dira neurri horiek lehen sektorearentzat».
Bidesariekin eta TicketBairekin, besteak beste, ez dela ahaztu behar dio. «Ematen ari diren pauso guztiak kostuak igotzeko dira, produktuekiko eskakizun gehiago. Burokrazia gehiago, kostu gehiago azken batean». Eta oinarrizko produktuen prezioak mugatzeko aukeraz honakoa galdetu du: «Hortaz zer, esnearen prezioa muga dezakete eta argindarrarena ez?».
Neurrien balorazioa
Iturria: Enba
Ondo baloratuak
- Oinarrizko elikagaietako BEZa %4tik 0ra jaistea (ogia, irina, esnea, gazta, arrautzak, fruta, barazkiak, lekaleak, patata eta zerealak).
- Olioa eta pastari dagokion BEZ %10etik %5era jaistea.
- Elikagaiak erosteko 200 eurotako abonua familia zaurgarrientzat.
- 2022. urtean erositako B gasolioaren litroko 20 zentimoko laguntza zuzena ematea, gasolioaren zergaren zatikako itzulpena jasotzeko eskubidea duten baserritar profesionalentzat.
- Ongarrietan izan den prezio igoerari aurre egiteko laguntza zuzenak ematea, hektareako 22 euro.
- Garraio publikorako laguntzak.
Gaizki baloratuak
- Oinarrizko elikagaien zerrendatik kanpo uztea bai okela bai jogurtak (arrainaz gain).
- Elikagaien prezioen igoerari aurre egiteko, sindikatuen ustean, ezinbestekoa da baserritarrek ekoizpenerako ezinbestekoak dituzten ‘input’-en BEZa jaistea (pentsua, gasolioa, ongarriak,…) eta arlo horretan ez dela ezer egin salatzen dute.
- Elikagaien katea betetzeko, kate osoaren gardentasuna areagotu eta katebegi bakoitzaren marjenak arautu beharko lirateke eta arlo honetan ere, ez da ezer egin.
- Erregaiari dagokionean, bere elikagaiak eraldatu eta saltzen dituzten baserritarrak litroko 20 zentimoko laguntza gabe geratu dira, banaketa lanetarako darabilten ibilgailuaren A gasolioari dagokionean.
- Garraio publiko oso eskasa duten edo garraiorik gabeko herri txikietako biztanleak, ezinbestekoa den ibilgailu partikularrarentzat, erregaiaren 20 zentimoko laguntzatik kanpo geratu dira.