Gorka Iturzaeta • Zumarraga
Urola Garaiko Lanbide Eskolak, UGLEk, 25. urteurrena ospatu du. Ilusioz eta itxaropen handiz hasitako proiektua heldutasunera iritsi da.
Sorrera eta ibilbidea errazak ez izan arren, emaitza ezin hobea izan da. Adostasunetik eta herritik sortutako proiektua Urola Garaiko giltzarria da eta eskualdeak dituen erronketarako berme garrantzitsua bilakatu da.
Lanbide eskolek helburu garbiak dituzte: ikasleak lan mundura integratzea eta enpresak langile trebeak izatea, pertsonen eta ekimen ezberdinen garapena bultzatzea. Hau da, herria saretzea. Hori izan zen Urola Garaiko Lanbide Eskola sortzeko irizpidea. Eskualdearen garapena bultzatuko zuen eskola bat sortu nahi zen eta helburu amankomun horrek parte hartzaile ezberdinen adostasuna ekarri zuen.
Mankomunitatea osatzen duten herri ezberdinetako ordezkariek, hainbat alderdi politikoetako kideek, enpresa munduko lagunek eta ordurarte lanbide heziketaren ardura eraman zuen La Salle ikastetxeak, eskola bideratuko zuen fundazioa osatu zuten.
Eskualdeko agente guzti hauek ezinbestekoa ikusi zuten eskolaren sorrera eta elkarlanean sortu zuten 25 urte bete dituen egitasmoa.
UGLE 25 urte hauetan bailarari begira egon den erakundea izan da. Herritik sortua, herriarentzat lanean egon dena. Bere ibilbidea garapen eta eboluzio prozesu bat izan da. Derrigorrezko bigarren hezkuntza ondorengo ikastetxe izatetik, egun Europa mailan liderra den Euskadiko lanbide heziketako ordezkari da. UGLE, sare hau osatzen duen ikastetxe integratua da eta bere ekimena hezkuntza soiletik haratago zabaldu da. Lanbide heziketa eta batxilergoa eskaintzeaz gain, langileen eta langabetuen formazioaz arduratzen da eta enpresen eskura uzten du eskolak sortzen duen ezagutza eta berrikuntza.
Horren adibide da aurkeztu berri den UGLE Lab 4.0 laborategi teknologikoa. UGLE bailarako erreferentzia teknologikoa izan nahi du eta eginkizun horretan azken industria iraultzaren testuinguruan sortu den teknologia berritzaile eta konplexuak eskaintzen dizkio eskualdeko industriari. Elkarlanean sortzen diren proiektuen bitartez ikasleen eta enpresaren arteko ezagutzaren konexioa ziurtatzen da, ikasleari gaitasun berriak eskaintzen zaizkio eta enpresaren lehiakortasuna areagotzen da.
Eskualdearen ahalmena
UGLEk 25 urte daramatza eskualdearen ahalmenean sinesten. Ikasleengan, enpresengan, adituengan eta herritarrengan. Etorkizun aldakor eta ziurgabearen aurrean eskolak giltzarri izaten jarraitu nahi du beste 25 urtetan zehar. Horretarako baliabideak eskainiz, berrikuntzaren ikur bihurtuz eta elkarlanean herria saretuz.