Egoera zaurgarrian dauden pertsonen parte hartzea kulturan ikerlana egin dute Euskal Herriko Unibertsitateak eta Dar-Dar Produkzioak-ek, Arteria Errizomaren barruan. Egoera zaurgarrian dauden kolektibo ezberdinen presentzia izan dute ikerketaren laginean, eta ondorioztatu dute gizartean dagoen aniztasuna ez dela islatzen kultur eremuan. Emaitzen bidez eta egingo dituzten ekintza konkretuetako tokian tokiko galdera-erantzunen bidez, gizarteko pertsona guztiak kontuan izango dituen eta haien parte hartzea sustatuko duten kultur estrategiak garatuko dituzte.
2021ean hasi zuten ikerketa, eta iazko azaroan amaitu zuten. Zumarragan eta Beasainen aurkeztu zituzten emaitzak abenduan. Ikerketaren helburua egoera zaurgarrian dauden pertsonak ere kultur eremuaren parte egitea da, eta horretarako pertsona horiek kontuan izango dituzten kultur planak diseinatu behar dira. Talde ezberdinetako 150 bat pertsonak parte hartu dute. 104 lagunek erantzun dituzte galdetegiak, eta beste 46k eztabaida taldeetan parte hartu dute. Asier Zinkunegi Arteria Errizomako kideak azaldu duen bezala, «oso lagin konkretu batean» egin da ikerketa. «Aniztasun funtzionala, aniztasun ekonomikoa, sexu identitatearen inguruan ere aniztasun handia dago, eta kolektibo ezberdinek kulturan parte hartu ahal izateko kontuan eduki behar da aniztasuna».
Kultur ereduak eta eskaintzak zaharkituta geratu dira gaur egungo gizartearen aniztasunerako. Duela 30-40 urteko moduan egiten da kultura, eta gizartea aldatu den arren, kultura egiteko formak ez dira hainbeste aldatu. Kultura eskaintzeko erak ere aldatu beharko liratekeela azaldu du Zinkunegik. «Kulturan parte hartzea giza eskubide bat da, taldearen parte sentitzea eta aurrerapen zientifikoetan parte hartzea. Ikusi dugu arrakalak daudela kolektibo ezberdinekiko».
Arteria bezalako ekimenek ez ezik, erakunde publikoek ardura dute kultura gizarte osoaren esku jartzerakoan. Kultura kontsumitzeko espresuki sortutako espazioetan «oso baxua» da egoera zaurgarrian dauden kolektiboen presentzia. «Erakundeek aurrekontuan kantitate garrantzitsua bideratzen badute kultur programak eta espazioak sustatzeko, bertan parte hartzea eskasa izatea deigarria da».
Handizkako kultura
Bide horretatik, «koexistentzia» ahalbidetuko duten espazio kulturalak sortu eta diseinatu behar dira, kolektibo ezberdinen arteko elkarbizitza bermatzeko. Ikerketaren bidez ateratako beste ondorioetako bat da kultura programazioak «taila handietan» egiten direla, handizka, gizarteak eta normatibitateak ohikotzat dituen pertsonentzat. Kultura modu horretan eraikitzen dela oinarri izanik, inklusioa lehenetsiko duen kultura estrategia diseinatu beharko litzateke. «Honek ekarriko luke gizarte kohesioa, arrakala ezberdinak gainditzeko aukera».
Kohesioa eta inklusioa lortzeko, baina, «ezinbestekoa» da zubi lana egingo duten agenteak egotea, egoera zaurgarrian dauden pertsona batzuek ez baitute kulturan parte hartuko erreferentetzat duten norbaitek informazioa «era oso zuzenean» helarazten ez badie eta bidelaguntza ematen ez badie, esperientzia kultural partekatuak eraikiz. Prestakuntza beharrak «lehen lerroan» jartzea «behar-beharrezkotzat» jo dute. Kolektibo ezberdinen beharrak, kezkak eta interesak gertutik ezagutzea, alegia, haien kultura premiei erantzun ahal izateko.
«Errealitatea ikertzea»
Helburu nagusia, halere, ez da izan ikerketa bera egitea, gizarte eraldaketa sustatzeko «errealitatea ikertzea» baizik. Errealitate hori aldatzeko asmoz, proposamen batzuk egin dituzte, denetan ere aniztasunerako begirada txertatuz. Proposamen guztiek, gainera, proiektu berritzaileak eta eragileen arteko kooperazioa dute oinarrian: irisgarritasunean, parte hartzean eta ikastean urratsak ematea; sortzaile zein teknikarien prestakuntza sustatzea; ikaskuntzarako diseinu unibertsalaren printzipioak txertatzea; kultura espazio partekatuak sortzea; edota bidelaguntza moduak diseinatzea.
Errealitatea ezagututa, emaitzen sozializazioa egingo dute datozen hilabeteetan. «Parte hartze prozesu bat egingo da Goierrin, eta bertan hausnartuko dugu emaitzetan eta tokian tokiko galdera-erantzunetan». Goierri behean egoitza nagusi bat egongo da, inguruko herrietako kultur eta gizarte eragileak gonbidatzeko, eta beste bat Goierri garaian. Era paraleloan jarriko dituzte martxan prozesuak. «Aurrerantzean kultur jarduna eta bizitza soziokulturala inklusiboagoa izan dadin», Arteriak eramango du kudeaketa.
Era berean, ekintza zehatzak egingo dituzte, tartean, iaz ere egin zituzten txango inklusiboak edo tailer ezberdinak, egoera zaurgarrian dauden pertsonek erabiltzen dituzten guneetan parte hartzea sustatzeko. Emaitzak eta ondorioak mahai gainean jarri ondoren, estrategiak diseinatzen ari dira, eta udaberritik aurrera jarriko dituzte martxan. Antolaturiko ekintzen helburua da «gizartean dagoen aniztasuna presente egotea, aniztasun funtzionala dutenak, jatorri eta adin ezberdinetakoak zein normaltzat ditugunak, denak».
Ikerketa taldea ere «oso anitza» izan da
Ikerketa bera oinarritik modu inklusiboan garatu nahi izan dute, eta horregatik egoera zaurgarrian dauden kolektiboak lan taldean txertatu dituzte. «Ikerketa aurrera eraman duen lan taldea oso anitza da. Hori eratzerakoan ere aniztasunean pentsatu genuen». Ezaugarri ezberdinak dituzten pertsonen presentzia sustatu dute ikerketaren hasieratik amaieraraino. Dar-Dar kooperatibak, Euskal Herriko Unibertsitateak, Fundacion Goyenechek, Ordiziako Udaleko aniztasun eta migrazio sailak, Segurako Emantzipazioareko Laguntza Zentroak, Agijupens Goierrik, K6 Gestion Cultural-ek, Caritas Goierrik, Retina Gipuzkoa Begisarek, Legorretako, Segurako eta Zaldibiako udaletako berdintasun teknikariak eta Goierriko hainbat sortzailek osatu dute lan taldea.