Jone Gisasola Gisasola (Beasain, 2004) hiru urte zituela hasi zen eskiatzen, familiatik baitzetorkion zaletasuna, eta egun, Fast taldeko eskiatzaile profesionala da.
Nola hasi zinen eski munduan eta nolakoa izan zen profesionaltasunerako jauzia?
Hiru urterekin hasi eta laupabost urterekin Candanchu Esqui Club-en sartu nintzen. Hamabi urte egitean lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen eta ondo zihoakidan, orduan esan nuen hura zela nire kirola, nire zaletasuna, eta horri eutsi diot gaur egun arte. Lehiaketak eta lehiaketak egin ondoren, hamasei urterekin Aragoiko goi errendimenduko zentroan hartu ninduten. Hori izan zen profesionaltasunerako jauzi nabarmena, iada bete beharreko programak gogorragoak ziren eta exijentzia maila oso altua; horrez gain, eskiatzaile onenak nituen alboan eta entrenatzaile onenekin entrenatzen hasi nintzen. Hau eskiatzaile bezala zein kirolari bezala oso aberasgarria izan zen nire kirol ibilbiderako.
Zein da eskiak eman dizun unerik onena?
Gogoan dudan unerik onena joan den urtekoa da. Duela bi urte lesio bat izan nuen eta ondoren, iaz, Espainiako azpitxapelduna izan nintzen nire kategorian eta oso une goxo gisa gogoratzen dut. Beti da zaila lesio batetik errekuperatu eta lorpenak izaten hastea, baina lortu nuen eta oso une berezia izan zen.
Aipatu duzun bezala, lesio bat ere izan duzu zure ibilbidean zehar. Nola eragin dio honek ibilbide horri?
Duela bi urte hasi zen guztia, entrenamendu batean lotailu gurutzatua hautsi nuenean, Frantzian. Ebakuntza egin behar izan zidaten eta ondoren, errekuperaziorako 9 hilabete behar izan nituen, beraz, denboraldi hartan ezin izan nuen eskiatu. Gimnasioan pasatzen nuen eguna, nire taldekideak eskiatzen ari ziren bitartean, baina nire eskiatzera itzultzeko grinak egunero entrenamenduetara zein fisioarengana joan eta esandakoa egitera bultzatu ninduten, banekien itzultzea zela nire helburua eta. Oso une gogorrak izan ziren niretzat, baina arlo pertsonalean zein kirolari bezala haztea egin zidalakoan nago. Oroitzapen txarra izateaz gain lesioak emandako baloreek egin naute gaur naizen bezalakoa.
Nolakoa aurreikusten duzu zure ibilbidearen bilakaera?
Orain Fast-Holaluz taldean nago eta nire helburua, zalantzarik gabe, nire ranking mundiala hobetzea da, lasterketetan gero eta emaitza hobeak lortzea. Denboraldi honetan horixe da gure buruari jarri diogun helburua. Kirol minoritario bat dela kontuan izanda, oso zaila da maila batzuetara iristea, inguruak eta ekonomikoki eskatzen duen esfortzuak ere ez baitute laguntzen gainera. Hala ere, etorkizunean munduko kopako lasterketa batean lehiatzea da nire ametsa eta hori lortzera bidean entrenamenduetan eta lasterketetan jarraituko dut.