Jesus M. Lasa Barandiaran • Garin
Gure aurrekoek zioten —aitona Luisek esanda dakit nik— Garinen bota zutela tiroz Goierriko azken otsoa. Gaiari buruzko dokumentaziorik ez badugu ere, pentsatzekoa da XIX. mendearen hasieran edo erdi aldera izan zela hori. Ohartu behar dugu garai hartan Garinen eta inguruetan bizi zen biztanleria ia osorik nekazaritzatik eta abeltzaintzatik bizi zela. Ez da, beraz, harritzekoa, otsoa jende haren etsai deklaratua izatea, ekonomia nahiko prekarioan egonik, hark eramaten edo hiltzen baitzizkien etxerako hain beharrezkoak zituzten ardiak edo bildotsak.
Gaur egun beste ikuspegi bat nagusitu bazaigu ere, ongi ulertzen da, hortaz, bertsoak ateratzea, egindako balentria haren ohoretan. Tamalez, bertsoak ez zaizkigu iritsi, baina gure aitona zenak kontatzen zituen bertsotan ematen ziren zenbait datu. Hasteko, tiro egin zion ehiztariaren izena: Joan Martin Amiano, Garingo Erdikoetxekoa. Ehiztari kuadrilla, dirudienez, aspalditxoan zebilen Murumendi aldera ezkutatu ohi zen otsoaren atzetik, izan ere, aipatutako bertsoetan kontatzen zenez, bi hilabete aurretik eskopetan kargatuta zeukan munizioarekin bota zuen otsoa. Erabili zuen eskopeta, bestalde, kanoiaren muturretik kargatzen ziren haietakoa zen. Hortik ondorioztatzen dut hemeretzigarren mende hasiera edo erdialdeko pasadizoa izan daitekeela. Bota zuten tokiari dagokionez, berriz, Urdaletatik Murumendira artean izan zela zioen gure aitonak.
Otso hila bertatik bertara eduki zutenean ikusi zuten emea zela eta tripa handiarekin zegoela. Bederatzi kume omen zituen sabelean, alajaina! Ez ziren orduantxe haserre izango otsoaren ehiztariak eta gainerako garindarrak!
Astoa eta otsoa
Eta, otso kontuekin hasi naizenez, ez dut hemen kontatu gabe utzi nahi gure etxean txikitatik entzun izan dudan ipuin bat: astoa eta otsoa. Oso aspaldikoa, seguru, animaliek hizketan eta bertsotan zekiten garaikoa baita. Dirudienez, astoa zetorren Nafarroatik, bi zahagi-ardoz kargatuta eta, halako batean, otsoa irten zitzaion bidera. Astoak, dardara ezin disimulaturik, diosal egin zion, adeitsu:
Agur, agur, otsako
Ongi etorri, astako
Baldin egarrik baldin ba hago
badiat ardoa pranko
Ez nauk batere egarri
goseak ia ebagi
hire buru ta belarriekin
egin nahi diat apari
Hor goien-goien artalde
zakurrik ere ez dute
haruntz aurrena ailatzen danantzat
zikiro pare han daude
Opoan diat arantza
ta ezin brinkatu haruntza
bertan nahikoa daukadala
zertara joan haruntza
Hala, bertsotan elkarri erantzun ahala, bidean aurrera zihoazenez, baselizatxo batera heldu ziren, eta, otsoaren deskuido batean, astoak ipurdiarekin ermitako ateari bultza egin, sartu eta barrutik itxi omen zion atea. Otsoak, erresumindurik, honela kantatu omen zion:
Asto zarra mukizu
sobre gehiegi dakizu
nik hurrena harrapatzen zaitudan tokian
mezaik entzungo eztezu
Eta honela erantzun zion astoak:
Otso zarra hazie
gaztetan gaizki hezie
beste batean jango banauk ere
gaurko badiat bizie.