Nagore Ozerinjauregi eta Esti Amenabarro • EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntzako irakasle doktoreak
Gizartea gero eta askotarikoagoa dela esaten da maiz, kasik topikoa ere bada gure artean aniztasunaz aritzea. Gizartea anitza da bai, baina noiz baino anitzagoa? Zehatz-mehatz zertaz ari gara anitzagoa dela esaten dugunean? Gizartea aldatu da entzun daiteke, Baumanek modu konplexuagoan gizarte likidoaz hitz egin zigun, etengabe antzaldatzen ari den gizarte errealitateei erreferentzia egiteko. Baina gizarteak inoiz izan al dira uniformeak, denak inoiz izan al gara berdinak? Ez dugu uste. Gizarte errealitatea aldakorra izan da beti, migrazioak, jendearen joan-etorriak ez dira gaurkoak. Aldatzen dena ez da jendearen joan-etorria, aldatzen direnak gizarte bizitzari eragiten dioten baldintza sozial, politiko eta ekonomikoak dira eta horiek eragiten dute norbanakoen bizitzetan, gugan. Beraz, aniztasunak baditu ukaezinezkoak diren bi dimentsio: bata norbanakoaren ezaugarri espezifikoei lotua dagoena, ezaugarri fisikoak nahi bada, eta bigarrenik soziala, arraza, sexua edota bizilekua, ekonomia bezalako faktoreen eraginpekoa. Aniztasuna kontuan hartzeko, beraz bi dimentsio hauek kontuan hartu behar dira: pertsonak eta haien testuinguruak.
Gizarteak beti izan dira anitzak, poliedrikoak eta aldakorrak, gizakiok aniztasuna baitugu berezko ezaugarri. Definizioz aniztasunak dibertsitateari egiten dio erreferentzia. Kontzeptualki hitz konplexua ere bada, aniztasunak eremu askotarikoei egiten baitie erreferentzia, kultur aniztasuna, aniztasun ideologikoa edota sexuala, besteak beste; guztiek norbanakoa posizio eta une espezifikoetan kokatzen dute, ikuspegi eta begirada oso zehatzekin. Inklusioa ulertzeko modua ere desberdina da segun eta zein begirada edo diziplinatik begiratzen diogun. Hezkuntza eremuari dagokionean eskolen betebeharra argia da, ikasleriaren ikasteko eskubidea bere osotasunean bermatu behar du, ikasleak dituen ezaugarri edota egoera edozein delakoa ere. Halaxe jasota dago nazioarteko tratatu desberdinetan ere. Ikasle guztien ikasteko eskubidea bermatu behar du hezkuntza sistemak. Ikasleriaren eta haien familien errealitatetik abiatuta pentsatu behar da. Izan Beasainen edota Shangain.
Gizarteak beti izan dira anitzak, poliedrikoak eta aldakorrak, gizakiok aniztasuna baitugu berezko ezaugarri
Baina ikasle guztiek ordea ez dute abiapuntuko baldintza objektiborik ikasteko, haien testuinguruko baldintzak joko arau oso zehatzak ezartzen dizkietelako. Ikasteko ez baita eskolara joate hutsarekin nahikoa. Eskolan ikasteko eta gizartean bizitzeko oinarri eta dimentsio batzuk kontuan hartu behar dira. Horretan datza hain zuzen ere integraziotik inklusiorako saltoa.
Gure ustetan, inklusioa oinarri duen hezkuntza sistema batean curriculuma ulertzeko modua aldatu beharra dago. Curriculuma irakaskuntza-ikaskuntza prozesua gidatuko duen tresna bat baldin bada ikasleak ikasiko duena eta nola ikasiko duen jaso behar du baina beti ere ikasleen mesedetan. Hau da lanabes lagungarria behar du izan eta ez oztopatzailea. Ukaezina da curriculumak idatzitakoaz haragoko karga ideologiko handia duela, curriculumaren alde ezkutuaz ari gara. Irakasleen lankidetza eta ikuspegi kritikoak balorean jarriz, curriculuma, zailtasunez betetako bideak aukera bihurtzeko erreminta ere badela erakusten dute zenbait eskola praktika arrakastatsuk.
Inklusioaren ikuspegitik, beraz, eskola proposamen inklusiboak pentsatzeko orduan curriculuma gakoa da, ikasleak ikasturte eta ziklo zein aldi desberdinetan ikasi beharreko helburu, eduki eta jarduerak biltzen ditu, ikasleak konpetentzia zehatzetan kokatu ere; modu berean haiek ebaluatzeko moduen inguruko zehaztasunak ere barne biltzen ditu. Curriculuma gizarte eta kultur ikuspegi oso zehatza ere bada. Hau da tokian tokiko gizartearen ezaugarriak edo zenbaitek adierazi moduan inposizioak biltzen dituena. Curriculumak ikasle guztiak abiapuntu berean kokatzen ditu. Baina bistan da eskolan eta gizartean ere, ikasle denek ez dutela pool position ber-bera, maratoia abiatzeko unean ez daudela errealitate sozial, kultural zein ekonomiko bertsuetan. Horregatik, ikasleriaren ikaskuntza asmoek curriculuma gainditu eta planteamendu sozial sakonagoak behar dituzte. Hauek eskola testuingurua gainditu eta eremu sozial eta politikoan konpromiso sakonagoak eskatzen dituztelarik.
(Bigarren atala otsailaren 17an)