Zirkularra izango da gaurko Ibiltari. Itsasoko plazan hasi, Ezkioko Santa Marinaraino joan, eta Atxurzara igota Kizkitzan barrena berriro abiapuntura itzuli, Aizkorriri eta Aralarri begira. Basoak, baselizak eta baserriak izango dira ikusgai ibilbidean barrena, baita itsasargi bitxi bat ere.
San Bartolome elizatik gertu dago Itsasoko hilerria, eta hemen itsasoarrek ez beste inork gutxik ezagutzen duen artelan bat dago: erliebedun gurutzea. Ia hiru metroko altuera du, eta besoen zabalera 1,65ekoa da. Guztiz erliebean landuta dago, Kristoren nekaldiari dagozkion sinbolo guztiekin. Ez urruti, plazan, beste garai bateko aztarna: urkaren oinarria, harrizko pilare zilindrikoa, XVIII. mendera arte-edo Europa osoan epaituak zigortzeko erabiltzen zen tresna. 1934an Itsasoko errepidea egiten ari zirela, han azaldu zen sasi artean.
Itsasogoena baserri ondotik doan pista hartu behar da San Lorentzo baselizara joateko. Ermita honek interes berezia du, barruan XIX. mendeko hilerria mantentzen baitu; ezagutzen diren kasu bakanetakoa da. 1977an, zorua berritzean, hezur ugari aurkitu zen lurpean. Aldara harrizkoa da, Arriarandik Eztalagoitiko Domingok traktorean ekarria, eta eusten dioten bi harriak Atingoena baserriko zutabeen oinarriak izan ziren bere garaian. Ezpatadantza egiten zen hemen XIX. mende amaiera aldera arte. Egun, auzolanari esker, ermita eder honek bere egurrezko egitura karratuari zutik eta egoera onean eusten dio.
Joxantonio Aranzadi gogoan
Bideari segi, eta Kamiñoetxeberri baserriaren ondotik pasata, Agirreazpikoa baserrirantz doa bidea. Ezkerrera begiratuta, Aizkorriko tontorrak ikusten dira, eta eskubian baso itxiak. Natura bete-betean. Agierreazpikoa dagoeneko Ezkio sailetan dago; gertu, Joxantonio Aranzadi bertsolariaren oroimenezko plaka. Ezkioko kaskoa atzean utzi eta Santa Marina baselizara darama bideak. Ikusmira ederra dago hemendik ere: Aizkorri, Aralar, Anboto aldea mendebalderuntz…
1621ean Ezkioko bizilagunek Santa Marinaren omenez ermita eraikitzea erabaki zuten, eta horretarako Françisco Ygarçabal hargin azkoitiarra eta Domingo Salsamendi arotza kontratatu zituzten. 1624rako bukatua zuten beren lana. Erretaula polikromatuak lau zutabe korintiar ditu. Gobernuaren aginduz, 1810ean hilobiak ezarri ziren barruan, 22 nitxo guztira, baina 1813an tropa frantsesek ermita profanatu zuten. 1819an berriro bedeinkatu zuten. Orduan, higienearen izenean, teilatua kentzea proposatu zuen Gotzaindegiak, baina bizilagunak aurka agertu ziren, aterperik gabe lurperatzeari higuingarri iritzi zioten eta. Bizilagunek parrokiara eramanda zegoen Santa Marinaren irudia ermitara itzultzea ere eskatu zuten. Baseliza hau 1919 arte erabili zen hilerri gisa.
Frantziako Armadako soldaduek profanatu egin zituzten Santa Marinako baseliza eta hilerria 1813. urtean
Kizkitzako itsasargia hamabi metro da luze, eta hiru idi pareren artean igo zuten Zumarragako geltokitik
Aldapan gora, Atxurtzara iritsi baino lehentxeago, Olazabal baserria ikusten da ezkerretara, zelaiz inguratuta. Olazabaltarrak leinu boteretsua ziren eta gerretan zailduak: Espainiako Berkonkistaren garaian Navas de Tolosako gudualdi entzutetsuan hartu zuten parte, Alfonso VIII.a erregearen aginduetara. Atxurtzatik (633 metro) eskubira hartu behar da Berotegi-Kizkitza-Mandubia-Murumendi aldera jotzeko.
Tarifatik ekarritako itsasargia
Atxurtza mendizale askoren topagune izaten da urte osoan, eta ezkiotarren biltoki berezia urtero uztailaren bigarren igandean. Mahaiak eta iturria daudenez, paraje ederra da mokadu edo otordutxo bat egiteko. Izazpi (972 metro) eta Mandubiagaina (570 metro) lotzen dituen mendi-lerroak lurraldea bi isurialdetan banatzen du. Kizkitzako baselizaren eta trikuharriaren inguruetan berezko landaretzaren adibide garbiak daude, esaterako Kizkitza inguratzen duen pagadi kaltzikola. Fauna ere aberatsa da han; okil txikia, gabiraia, mirotz zuria…
Kizkitzako gaina Itsasok duen mendirik garaiena da, 664 metrorekin. Bertako baseliza auzolanaren erakusle ederra da. 1959an baseliza suak erabat hondatu ondoren, itsasoarrek berriro eraiki zuten, auzolanean. Itsasargia ere orduan jarria da, Tarifan erosi eta trenez Zumarragara ekarrita. Hiru idi pareren artean igo zuten Kizkitzara 12 metroko faroa. Lehendik ere bazuen Kizkitzak itsasoarekin zerikusirik, pagadi horietako zura erabili baitzen kostaldean ontziak egiteko. Hori bai, faroaren argia Kantauritik ikusten dela ez da egia, ez baitauka horrenbesteko potentziarik.
Irailaren 8ko erromeria
Kizkitzako eguna irailaren 8an ospatzen da; egun seinalatua bai itsasoarrentzat baita inguruko askorentzat ere. Goizean hasten da jaia, egun honetarako martxan izaten den erretegian zein tabernan mokadutxo bat hartuz. Mezaren segidan, erromeria hasten da, egun osoan zehar luzatzen dena. Arratsaldean berrogeita hamar lagunetik gora aritzen dira tokan, eta segidan, fardo jaurtiketan indarrak gorde dituztenek.
Hemendik beherako Itsasorako bidea erraza da, Altzigarragako bidegurutzetik. Baina Mandubizelaiko trikuharriaren gunea bisitatzerik ere badago pistaren beste aldetik segita, eta Mandubiko Bentara iritsi, bidean Murumendira begirada zuzenduz.
Kontuan hartzeko
- Jateko eta edateko. Bai Itsason eta bai Ezkion jatetxea dute herriko kaskoan, eta bietan eskainiko dizkiote ibiltariari menu aparta edo kategoriako pintxoak. Itsasoko Ostatua haragitan dago espezializatua, eta Ezkioko Argindegik begetarianoentzako aukerak ere baditu. Ibilbidetik pixka bat irtenda, Mandubiako jatetxea ere gomendagarria da. Hirurek dute iturria ondoan.
- Alternatibak. Ibilbidea luzatzeko, badaude aukerak zirkuitu honetan. Atxurtzatik Izazpiko tontorrera abia daiteke zuzen-zuzenean edo Matxinbenta aldeko bizkarretik igota. Kizkitzatik Murumendirako bidea har dezake, Arrapaitzeko lepotik edo Urrezparateko lepotik gora. GR-34 edo PR-Gi 55 bideak jarrai daitezke; biak daude pinturaz markatuta.
- Jaiak. Ibiltzeaz gain festetaz gozatu nahi duenak, maiatzeko sanmigeletan egin beharko du txangoa, orduan izaten baitira Ezkioko festak. Itsasokoak uda bete-betean dira, abuztuan, sanbartolomeak. Musika, herri kirolak eta kirol probak –mendi bizikleta, mendi lasterketa– antolatzen dituzte.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: 3 ordu eta erdi
- Luzera: 12,5 kilometro
- Desnibel metatua: 886 metro
- Zailtasuna: Ertaina