Mikel Iraeta Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) kidea da. Gazte Koordinadora Sozialistak mobilizazioak deitu ditu urtarrilaren 28rako, Bilbon eta Iruñean, Enpresari eta agintarien erasoaldiaren aurrean, gazte langileok borrokara lemapean. Urtarrilaren 13an aurkeztu zuten mobilizazioa Goierrin, Ordizian eta Legazpin egindako aurkezpenetan eta azken hilabetean zenbait ekintza egin dituzte goierritarrei mobilizaziora dei eginez.
Zein dira mobilizazio honen gako nagusiak?
Gazte langileon bizi baldintzak okertzen ari direla ikusten dugu eta gure eskualdea ere ez da salbuespena: gero eta prezio altuagoak, A-636 errepideko peajea, gurasoen etxetik alde egiteko ezintasuna, langabezia kronikoa edota lan baldintza eskaxak dira horren adibide.
Badirudi hauek guztiak gertakari neutralak direla, baina izatez, baditu errudunak. Batetik, bankariak eta enpresariak haien irabaziak biderkatzen ari dira gure miseriaren kontura: esate baterako, enpresarien irabaziak %21 igo dira, langileon soldatak baino zazpi aldiz gehiago. Bitartean, politikariek ez dute egoera honi irtenbidea emateko neurri errealik hartzen eta langileoi ogi apurrak besterik ez dizkigute eskaintzen.
Zergatik mobilizatu urtarrilaren 28an?
Ikusi dugun moduan, enpresari eta agintarien ofentsiba bat bizi dugu eta honen aurrean, ezinbestekoa iruditzen zaigu politikari profesionalen fartsatik kanpo antolatzea. Bide horretan egingo dute ekarpena urtarrilaren 28ko mobilizazioek. Gure eskualdetik Bilbora joateko autobusak antolatu ditugu: 16:00etan abiatuko dira Goierritik eta militanteen bidez, sare sozialetara mezu bat bidaliz edota hainbat tabernatako listetan apuntatuz eman daiteke izena. Hortaz, Goierriko gazteei mobilizaziora etortzeko eta borrokara batzeko dei egiten diegu. Mobilizazioa, bihar, urtarrilaren 28an, 18:00etan, Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiatuko da.