Naxario Telleriaren zuzendaritzapean, 1993. urtean egin zen Idiazabalgo San Blas jaietan, lehenengo Txistulari Alardea [argazkian]. 2008. urtean semeari, Iñaki Telleriari, pasatu zion lekukoa. Bi zuzendariek 29 alarde zuzendu dituzte; bihar, urtarrilaren 28an, 20:00etan, zuzenduko du semeak 30.a, Zelaako kiroldegian. Lurdes Intxaustik eta Xabier Urteagak aurkeztuko duten ikuskizuna Euskal Telebistak grabatuko du; ondorengo egunetan izango da ikusgai.
Euskal Herriko txoko desberdinetako ia 60 txistulariren inguruan elkartuko dira Idiazabalgo talde eta eragile ugari. Parrokiko abesbatza, Musika eskolako ikasleak, gazte danborradako konpainiak, Axari dantza taldea, Izar Aguilar, Maite Garmendia eta Maite Oria, dantzariak… eta baita kanpoko hainbat musikari laguntzaile.
Errepertorio zabala prestatu dute; betiko piezak «ahaztu» gabe, «gaur egun modan egon daitezkeen kantak» tartekatuko dituzte. Izan ere, «txistuari buruzko beste ikuspuntu bat eskaini nahi izaten dugu alardearekin. Jendeak txistua doinu edo lan batzuekin lotzen du, eta horrelako ekitaldi batek erakusten du txistuak espazio desberdin askotan tokia eduki dezakeela, toki oso duina izan daitekeela».
Kontzertua gogokoa edo ez hain gogokoa izan daiteke, baina Telleriarentzat garrantzitsuena da, Herritik herrirako sortua leloa edo filosofia oinarri hartuta, «belaunaldi arteko ekintza bat sortu ahal izatea, elkarkidetza hori sortzea. Herri bateko musika eskolako umeekin hasi, parrokiko abesbatzako abeslariekin segi, dantzariak, danborrada… pentsa herriko zenbat belaunaldi dauden tartean».
Txistulari ohien kalejira
Txistularien topaketa horretan, euren buruari «txistulari ohi» izena jarri dioten idiazabaldarrek ere parte hartuko dute. «Txistulari ohi edo beteranoek kalejiratxo bat egiten dute alardearen aurretik (19:30ean). Oso ekimen polita da. Nire aitarekin txistua jotzen hasi eta txistulari taldean jarraitzen ez duen talde batek ekitaldiaren aurretik kalejiratxo bat egiten du, eta alardea hasi aurretik baino bost minutu lehenxeago saio txiki bat egiten dute. Gero etortzen da kontzertua».
Euskal Telebistak grabatuko du
Azkeneko urteetako ildotik jarraituz, Euskal Telebistako kamarek grabatuko dute Idiazabalgo Txistulari Alardea. Telleriak gogoratu duenez, 26. edizioan hasi zen ETB grabatzen. «25. edizioan salto kuantitatibo handi bat eman genuen. Udalak apustu handiagoa egin zuen. Ordura arte lau fokotxorekin eta eskenatoki batekin egiten genuen. 25.a zela eta ikuskizunak beste dimentsio bat hartu zuen. Argiak kontratatzen hasi ziren eta beste itxura bat hartu zuen».
Aurtengo lanaren emaitza bihar ikusiko da. Azkeneko bi urteetako gora-beheren ondoren, gainera, Telleriak festarako gogotsu ikusten ditu idiazabaldarrak.