Zintzo Mintzok 30 urte hauetan egindako lanari buruz hitz egiteko, garai bateko eta egungo zuzendaritzako kideak elkartu ditu GoiBerrik: Sebas Iturriotz, Marisa Alvarez, Jonmikel Intsausti, Lide Agirrezabal eta Jeni Galdos.
Iturriotzek ondo gogoratzen du elkartea nola sortu zen. «Gure inguruan hainbat euskara elkarte sortu ziren. Guk Arrasate Euskaldundu Dezagun eta Antzuolako Jardun elkarteekin zubi zuzena genuen, Jose Mari Etxanizen bitartez (Zumarragako Udaleko Euskara teknikaria zen). Berotu egin gintuen eta elkartea sortzea erabaki genuen. Hura egungo Euskaraldiaren modukoa zen, baina zoroagoa: hitzarmen bat sinatu zen, zenbait bizilagunek, elkartek eta erakundek euskaraz egiteko konpromisoa hartu zuten…».
Elkartearen sorrera gutxi batzuk bultzatu zutela dio. «Zeintzuk geunden? Jose Mari, Jexux Mari Alberdi ere han ibiliko zen, ni… Gero tipularena egiten hasi ginen: Juanbi Artolazabal, Gantxegi, Esteban Larrañaga… elkartu zitzaizkigun. Arazo dezente izan genituen, Jose Mari eta ni ez baikinen ezker abertzale ortodoxokoak. Ezker abertzale ortodoxoa kanpoan gelditu zen. Jende asko kanpoan gelditu zen, ez gintuztelako ondo ikusten. ETAren garaia zen eta gu nahiko kritikoak ginen. Egun txalotuak izango ginateke…». Jose Mari Lasaren lana goraipatu nahi du. «Jende asko ez zen elkartean sartu, baina berak haien eta elkartearen arteko zubi lana egin zuen. Egoera baretu egin zuen».
Hitzarmenaren aurkezpenera Eusko Jaurlaritzako ordezkariak etorri ziren. Mari Karmen Garmendia, besteak beste. Ekitaldian Jose Julian Irizar Zumarragako alkateak eta Ramon Arbizu Urretxuko alkateak ere parte hartu zuten, noski. Elkarteko lehen lehendakaria Pello Biain izan zen. Ekitaldia La Salle-Legazpi ikastetxearen aretoan izan zen.
Lan taldeak
Hitzarmena sinatzeaz gain, lan taldeak sortu zituzten. «La Salleko ekitaldiaren ondoren, bertaratuei talde ezberdinetan izena emateko aukera eman zitzaien. Nik hedabideen taldean izena eman nuen», oroitzen du Intsaustik. «Lan talde potenteena hitzarmenarena izan zen. Etxaniz eta Alberdi zeuden bertan, besteak beste. Hedabideen taldea, kulturaz arduratzen zena eta gazteena ere sortu ziren», azaldu du Iturriotzek. «Gazteen taldearen helburua ez zen oso ondo ulertu. Gaztez osatutako talde bat zen, baina helburua ez zen hori, baizik eta gazteentzako gauzak egitea», gehitu du Alvarezek.
Iturriotzek hedabideen taldea kazetari harrobia izan zela gogoratzen du. «Jende askok parte hartu zuen. Hortik kazetari asko atera dira».
Elkarteak bi herriotan ilusioa sortu zuen. Alvarezek beraien taldean (kultura) hamar lagun baino gehiago zirela dio. Agirrezabalek sekulako lana egin zela gehitu du. «Guztira 30 lagun baino gehiago izan ginen eta ordu asko sartu genituen». Talde bakoitza astean behin elkartzen zen eta hilean behin bilera orokorra egiten zen. «Talde bakoitzetik lagun pare bat joaten ginen. Garai hartan indarra genuen», azaldu du Alvarezek. Iturriotzek elkarteak oraindik indarra duela dio. «Oraingo indarra ezberdina da».
Hedabideak
30 urte hauetan lan asko egin da. Agirrezabalek hedabideen mundua egin den lana eta gazte lokala azpimarratu ditu, Galdosek bertso eskola… «30 urte hauetan, taldea konpaktua izan da eta pauso batzuk eman dira. Hedabideei dagokienez, adibidez, hemen ez zegoen ezer eta gure inguruan astekariak zeuden. Lau orrirekin hasi ginen. Pagemaker programarekin egiten genituen. Horretarako ikastaro bat egin genuen. Hasieran, lan guztiak denon artean egiten genituen: publizitatea bilatu, idatzi…».
Intsaustik, pixkanaka bakoitzak bere lana hartu zuela gogoratzen du. «Espezializatu egin ginen. Hasieran, denok denetik egiten genuen. Ondoren, bakoitzak bere lan esparrua hartu zuen. Ondo moldatzen ginen. Hauteskunde gauak sekulakoak izaten ziren. Garai hartan zeuden baliabide urriekin, hurrengo egunean udal hauteskundeetako emaitzak jasotzen zituen ale berezia kaleratzea lortzen genuen».
Alea goizeko ordu batak aldera eramaten zuten inprentara eta Iturriotzek bere autoko giltza uzten zien inprentakoei, aldizkariak autoan utzi zitzaten. «Hurrengo goizean, goizean goiz, aldizkaria banatzen genuen».
Iturriotzek udalekin sinatu zuten hitzarmena oso garrantzitsua izan zela gogoratzen du. «Kazetari bat jarri ahal izan genuen egun erdiz. Lan handia egin zen. Ez genuen astekari bat lortu, baina hilabetekari duin bat lortu genuen. Beste herri batzuetan ez zuten elkarterik atzetik eta horrek kalte egin zien. Hedabideak sortu zituzten, baina ondoren galdu egin zituzten atzetik elkarte baten babesa ez zutelako. Atzean elkarte bat ez dagoenean, jendea erretzen denean ez dago erreleborik».
Hitzarmenaren aurkezpenean Mari Karmen Garmendia Hizkuntza Politikarako sailburuordea egon zen
Zintzo-Mintzok aldizkaria, webgunea, kantu afaria, gazte lokala eta bertso eskola jarri zituen martxan, besteak beste
Zintzo-Mintzoren eskutik, Otamotz aldizkaria eta Otamotz.eus webgunea jaio ziren. Gainera, elkarteak Goierriko Hitzaren eta Goiberriren sorrera sustatu zuen, beste eragile batzuekin batera. Otamotz.eus webguneak martxan jarraitzen du.
Bi liburu
Xabier Lasaren Urretxu eta Zumarragako euskara eta Jose Luis Ugarteren Urretxu eta Zumarragako toponimia liburuak, berriz, altxorra dira. Betirako jaso zituzten bi herrietako euskararen ezaugarriak eta toki izenak. «Biak izugarrizko lanak dira. Askotan erabiltzen ditugu. Lan handiak dira eta elkarteari esker egin ziren», diote Iturriotzek eta Intsaustik.
Kultura taldeak sortutako kantu afariak ere arrakasta handia izan zuen. 1994an antolatu zen lehenengoz eta lehen urtean bezain indartsu dago.
«Azken edizioa oso arrakastatsua izan da. Musikarien meritua da. Andoni Ollokiegi ekarri dute eta gazte asko erakarri ditu. Guk kantu afariko musikariei babesa ematen diegu», azaldu du Alvarezek.
Kantu Afaria mugarrietako bat izan zen. «Mugarriak iraun duten gauza guzti horiek dira. Desagertu direnak, dagoeneko beharrezko ez zirelako desagertuko ziren», aipatu du Intsaustik.
Beste batzuk, erakundeek bere gain hartu zituzten. Gazte lokala eta irakurketa taldea, adibidez. «Hori zen gure helburua, hasieratik. Pixkanaka erakundeek guk martxan jartzen genituenak hartu behar zituzten, elkarteak egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko», azaldu du Alvarezek.
Ikastaroak
Ikastaroak ere gogoan dituzte: Miren Azkaratek eman zuen Akatsak Zuzenduz ikastaroa (ia ehun lagunek parte hartu zuten), TELP ikastaroa…
Bertso eskolaren berpiztea ere oso garrantzitsua izan zen. Haur askok izena ematea lortu zuten eta hasi eta denbora gutxira eskolarteko txapelketak irabazten hasi ziren. Maialen Akizu, Amaia eta Mikel Iturriotz, Beñat Torres… Zintzo-Mintzok berpiztutako bertso eskolako lehen ikasleen artean zeuden. «Bertso eskola haurrei zabaltzea lortu genuen. 20 ikasle baino gehiago izan genituen, aldi berean. Gipuzkoako eskolarteko final batean bi talde izan genituen. Erreferenteak ginen. Maialenek oraindik ez zekien idazten bertso eskolan hasi zenean. Egun, Maialenek, Beñatek, Mikelek eta Amaiak herriko ekitaldi guztietan abesten dute, txandaka. Ez genuen bertso eskolatik pasa ziren guztiak bertsolariak izatea lortu, baina guztiak bertsozaleak dira», azaldu du Iturriotzek.
Egungo egoera
30 urte ondoren, Zintzo-Mintzo euskara taldeak lanean jarraitzen du. Baina gizartea asko aldatu da. «Lehen jendea lanerako prest zegoen eta egun zailagoa da lanerako prest dagoen jendea aurkitzea. Hori dela eta, gauza asko kontratazio bidez egiten dira», azaldu du Agirrezabalek.
Xabier Lasak ‘Urretxu eta Zumarragako euskara’ idatzi zuen eta Jose Luis Ugartek ‘Urretxu eta Zumarragako toponimia’
Zintzo-Mintzok berpiztutako bertso eskolako haurrek hainbat txapelketa irabazi zituzten
Iturriotzi ondo iruditzen zaio horrela egitea. Eta elkartearen lana oraindik ere garrantzitsua dela dio. «Zintzo-Mintzo hor dago. Hor egon behar du, bere parte hartzea beharrezkoa denerako. Euskaraldian, adibidez, Zintzo-Mintzoren lana garrantzitsua izan da. Lehen Euskaraldian, bazkideek jartzen duten diruarekin pertsona bat kontratatu zen bi herriotan Euskaraldia aurrera ateratzeko». Agirrezabalek emaitza oso ona izan zela eta inbertsioak merezi izan zuela gehitu du. Azken edizioan, Urretxuko eta Zumarragako udalak arduratu dira jada.
Lan asko egin da eta lanak fruituak eman ditu, baina kezkarako arrazoiak ere badaude: azken kale neurketaren arabera, euskararen erabilerak behera egin du Urretxun eta Zumarragan. Iturriotz baikor ageri da, ordea. «Beti negatibo, beti hemen beste toki batzuetan baino gutxiago hitz egiten dela euskaraz… Azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean parte hartu duten bi bertsolariren amak urretxuarrak dira: Aitor Mendiluzeren eta Nerea Ibarzabalen amak, hain zuzen ere. Eta hemendik lau urtera, beharbada, hemengo bertsolari bat egongo da finalean. Ez gara horren erdaldunak. Eremu hibridoa da, ez erdalduna. Hori dela eta, hemengo egoera Oñatikoa baino zailagoa da, adibidez».
Intsausti Oñatin bizi da. «Aspalditik da zaila Zumarragako egoera. Duela mende bat, Argia aldizkarian idazten zuen gizonezko batek gaztelera Zumarragan ikasi zuela idatzi zuen. Ordurako, hemen beste toki batzuetan baino gehiago egiten zen erdaraz», azaldu du Intsaustik.
Itxaropentsu
Itxaropen argi-printzak ere badaude, ordea. «Lehengoan Mendiaraz plazako ile-apaindegira joan nintzen. Marokoarrak dira. Lehenengo hitzak gazteleraz egin genituen, baina hurrengoak euskaraz. Gaudena baino okerrago gaudela pentsatzen dugu. Ile-apaintzaileak elkarrizketa osoa euskaraz eman zidan, e!».
Intsausti iritzi berekoa da eta gakoa euskaraz dakitenek euskaraz egitea dela dio. «Lehendabiziko hitza beti euskaraz egitea erabaki dut. Lehengoan supermerkatuko ilaran bi pertsonei hitz egin nien eta biek euskaraz erantzun zidaten».
Iturriotzek Zintzo-Mintzo euskara elkarteak adi egon behar duela dio. «Elkartean bakoitzak bere funtzioa bete behar du: bazkideek kuota ordaindu behar dute, beste batzuek lan egin behar dute…».
Bukatzeko, gure artetik joan ziren bi lagun gogoratu dituzte: Jose Mari Etxaniz eta Jose Mari Lasa. «Biak hasiera-hasieratik egon ziren». Beraiek landatutako haziak fruituak eman ditu.
Elkartearen ekarpenari eta euskal komunitate digitalari buruzko lana
Urretxun eta Zumarragan euskararen erabilerak izan duen bilakaera kontuan izanda eta bi herrietako euskara elkarteak 2023an 30 urte beteko dituela aintzat hartuta, Zintzo-Mintzo euskara elkarteak beka bat sortzea erabaki du. Bekadunak elkartearen ekarpenari eta euskal komunitate digitalaren sorrerari buruzko lana egingo du.
Urretxun eta Zumarragan egin zen azken kale neurketan gazteen erabilera %5,4 besterik ez dela ikusi zen, eta herriko euskara elkartetik horri aurre egite aldera beka bat sortzea erabaki dute. Beka horrek bi zati izango ditu: azken 30 urte hauetan Zintzo-Mintzo Euskara Elkarteak izan duen ibilbidearen inguruko ikerketa lan bat egitea eta Urretxuko eta Zumarragako euskal komunitate digitala sustatu eta elkartea komunikazio bide berrietan egokitu, belaunaldi berrietako gazteengana iristeko. Horretarako, sare sozialak elikatu beharko ditu.
Bekaren zenbatekoa 33.000 eurokoa izango da eta bi zati izango ditu: 12.000 euroko beka ikerketa proiekturako (elkartearen ekarpena jasotzeko) eta 21.000 euro sare digitalak elikatzeko. Bekadunak bederatzi hilabeteko epea izango du Zintzo-Mintzo 30 urte… eta aurrera! ikerketa aurkezteko. Horretaz gain, izendatua denetik 2023ko abenduaren 31 arte sare sozialak sustatu beharko ditu.
Urretxuko eta Zumarragako udalek eta Zintzo-Mintzo euskara elkarteak bekadunak aurkeztutako lana argitaratu ahal izango dute, osoki eta partzialki. Argitalpena edozein formatu eta markotan egin ahal izango da.
Zintzo-Mintzok hilaren 21ean bete zituen 30 urte eta egun horretan aurkeztu nahi zuten bekadunaren izena, baina ezin izan dute. Bi pertsona aurkeztu dira deialdira eta bietako batekin aste honetan elkartu dira. Egun gutxi barru emango dute ezagutzera bekadunaren izena. Egitasmoak bi udalen babesa du.
Zintzo-Mintzoko kideen ustez, gazte askok ez dute elkartearen eta berak egindako lanaren berri. Hori dela eta, Instagram kontua dute eta aipatutako beka sortu dituzte. 30 urte hauetan egin den lana aldarrikatu nahi dute. «Elkarteak ekarpen handia egin du, baina gazte askok ez dute elkartearen berri. Bekaren eskutik, gazteek elkartearen berri izatea eta elkartera erakartzea espero dugu. Jendeak euskara elkarte bat dagoela eta lan handia egiten duela jakin beharra du. Horretarako beraiengana heldu beharra dago eta egun sare sozialak dira horretarako erreminta eraginkorrenetako bat», azaldu dute.