Maddi Aiestaran Iparragirre • Bertsolaria
Zer afaldu pentsatzeko nekatuegi nagoenetan, katilukada bat esne hartzen dut. Tripa betetzeko lain izaten da, eta gustatzen zait esnearen zaporea. Hozkailura joan, atea ireki, esne-brika zabaldu, katilura bota eta glu-glu-glu, barrura. Esfortzu minimoaren zaporea. Zera neketsuei beti irabazten die nekeak.
Zer idatzi pentsatzeko nekatuegi nagoenetan, libururen baten zati bat irakurtzen dut. Eroso eseri, besoa mesanotxera luzatu, azala ireki eta orriak pasa. Eta irakurri eta irentsi, glu-glu-glu; besterik ez. Ba esne-katiluaren zeraren antza hartzen diot batzuetan horri: ze kozinatzeko egin behar da jan, eta idazteko egin behar da irakurri. Sortzeak sortzetik beste du sortze-aurrekotik; hala sukaldean nola paperean. Eta nekatuegi ez nagoenetan ahaztu egiten zait sarri, baina sortzeak nekatu egiten baitu burua, batzuetan erabakitzen dut esertzea eta irenstea; eta besterik ez. Tripa betetzeko lain izaten da, eta gustatzen zait esfortzu minimoaren zaporea.
Kontua da jende gehiagorentzat kozinatu behar dudala oraintxetik aurrera hemen, eta, beraz, agian tortillatxoren bat behintzat prestatu beharko dudala, zer idatzi pentsatzeko nekatuegi nagoenetan. Nahi nuke nire egun neketsuenetatik gutxi duen zaporeren bat kozinatu. Eta, ahalko balitz, nahi nuke dena delako zaporea izan dadila tripak betetzeko beste, tripak pixka bat nahasteko lain. Ze aurretiko zera neketsuen eraginez da goxoa egun bukaerako nekearen —eta, beraz, esfortzu minimoaren— zaporea; baina nekearen nekez sortutako aletxoarekin gustura sentituta ere, oso ondo egiten da lo.
Piztu berri dut sua. Ea ba.