Mundu mailan dauden krisi ezberdinek sortu duten ziurgabetasun egoerei aurre egiteko Berrabiarazi proiektuak eragin duen «gidaritza lana» goratu du Ormaiztegiko Udalak, eta aurrera begira ere eragile publikoek eta pribatuek elkarlanean jarraitu behar dutela nabarmendu du.
Urtebetez hilero-hilero orrialde hauetan irakurgai izan den Berrabiarazi proiektuaren azken alea Ormaiztegik jarriko du. Proiektura batu den azken udalerria izan da, hamargarrena, eta herriko eragile sozioekonomiko hainbatek izan duten parte hartzea ere aipagarria izan da, formakuntza saioetan batez ere.
Jon Enrike Ormaiztegiko alkateak azken urteetako krisi ezberdinei aipamena eginez hasi du bere hitzartzea, eta horrek enpresa handiei eta txikiei eragiten diela adierazi du, eta gizarteari oro har. «Ziurgabetasuna dago, eta horri aurre egiteko ona da norbaitek gidaritza lana egitea, entzutea eta ikustea zer aukera egon daitezkeen. Aldaketa derrigorrezkoa da momentu honetan. Horregatik babestu dugu proiektua». Enrikek argi du lanketa hau eragile publikoen eta pribatuen arteko elkarlanean oinarrituz garatu beharra dagoela.
Elkartuta indartsuago
Berrabiarazi proiektuak bailara mailako izaera izatea garrantzitsua iruditzen zaio. «Goierri txikia da, eta eskualdeak indartu egiten gaitu. Guztiok nahi dugu gure herrian proiektuak gauzatzea eta gure herriari protagonismoa ematea, baina egia dena da elkartzeak guztiok indartzen gaituela».
Goierriren ekonomiaren motorra industria dela gauza jakina da, baina merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektorea ere «garrantzitsuak» dira, haren ustez. «Eta aurrerantzean ere hala izatea nahi dugu. Inorentzat ez da momentu erraza, eta beraientzat ere ez. Globalizazioa hor dago, eta gizartean, nolabait, erosteko modu desberdinak ari dira errotzen. Horren aurrean erronka handiak dituzte, eta gizarte bezala ere erronka oso zehatza dugu. Zer izango lirateke gure herriak horiek gabe?».
Pandemia batek eragindako krisi baten testuinguruan sortutako proiektu bat izanagatik, etorkizunari aurre egiteko «beharrezko proiektua» dela iritzi dio. «Lan handia dago egiteko, eta proiektu honek sortu duen oinarria oso-oso beharrezkoa da». Eskualde ikuspegitik landu beharreko erronka asko –globalizazioa, digitalizazioa, nazioartekotza, energia…– ikusten ditu Enrikek, eta hasitako bideari jarraipena ematearen aldeko jarrera du.
Ezagutza partekatuz, aberastu
Mende erdia baino gehiagoko ibilbidea duen enpresa familiarra da Constru-cciones Electricas de Gipuzkoa –CEGi, berrikuntzaren ‘i’-a itsasita–, eta 2005. urtetik energia kontsumoa, zarata eta dardara murrizten dituzten igogailuentzako Gearless motorrak ekoizten dituzte. Orain urte batzuetatik hona Jesus Palacios da CEGi-ko zuzendari orokorra, eta hark egin du enpresak Berrabiarazin izan duen esperientziaren balorazioa. «Enpresa txikiei zuzendutako formakuntza saioetan parte hartzeko aukera eman digu, eta beste enpresa batzuekin harremana izateko aukera ere bai. Horrek kudeaketa moduak partekatzeko eta arazo komunei irtenbideak emateko balio izan digu. Denon esperientziak partekatu eta probetxua ateratzea da kontua».
Eraldatuz proiektuan eta Kostuen Kudeaketa saioan parte hartu duen lankideak «esperientzia positiboa eta aberasgarria» izan dela adierazi dio Palaciosi, eta «birziklatzeko, ikasteko, hobetzeko eta beste enpresa batzuen esperientziak ezagutzeko balio» izan diola. Digitalizazioan eta HUB 4.0 Ate Irekiak saioetan aritu den beste lankide batek ere antzeko sentsazioak helarazi dizkio. «Digitalizazioan kontuan hartzen ari ez ginen ikuspuntu batzuk aintzat hartzeko balio izan digu, erabaki subjektiboak hartzea saihestuz; eta HUB 4.0 oso baliagarria da enpresa txikientzat, aukera eman baitigu bestela lortzen zaila izango litzaigukeen teknologia bat eskuratzea, bai diruz zein denboraz».
Bezeroen eskaeretara egokituz
Aurreko jabeek erretiroa hartu behar zutela eta, negozioari jarraipena ematera animatu zen Maria Eugenia Lasa. 2019ko urriaren 1ean ireki zuen bere izena daraman Estanko-Janaridenda. Pandemia iritsi zen gero, eta Goiekik diagnostikoa egin zion. «Negozioa ireki aurretik ere Goiekin egon nintzen, zer pauso eman, laguntzak, bideragarritasuna… Eskertzen diot Goiekiri orain arte jaso dudan laguntza guztia, segi dezatela beraiek ere borrokan gure alde. Beharrezko zerbitzua ematen du».
Ordutegi
zabala du dendak, eta denetarik eskaintzen du. «Bezeroen beharretara egokitu beharra dago!». 2021ean Salbatoreko gasolindegiaren ardura hartu zuen, eta hura kudeatzen ere badabil. «Oso lanpetuta ibili naiz, orain hobeto antolatuta daukat dena, eta nire asmoa bada Goiekiko ikastaroetara joatea. Duela gutxi egon nintzen, denda erakargarriagoa egiteko zer egin nezakeen ideiak hartzeko». Pandemia bukatuta salmentek behera egin dutela nabari du, eta bezeroak erakartzeko pizgarriren bat edo beste jartzeko asmoa du.
39
Ormaiztegiko enpresek proiektuan izan duten parte hartzea. Berrabiarazi proiektuko ekintza arlo gehienetan parte hartu du Ormaiztegiko eragile sozioekonomikoren batek. Elektromugikortasun estrategian hiru izan dira; Enpresak Eraldatuz ekintzan bat; Nazioartekotzean lau; Digitalizazioa Industrian bost; Enpresen dibertsifikazioan lau eta Formakuntza saioetan 22.