Isa Sanz • Legazpi
Nire argazki bildumari begira nengoela, ohartu naiz Gorostiagako erromeria behin eta berriz errepikatzen dela urteetan zehar.
Agorreko Santikutz egunaren -irailak 14, alegia- hurrengo igandean legazpiarrok hitzordu berezia dugu Gorostiaga mendian: erromeria.
Korosti edo Gurutzea izenez ezaguna da legazpiarrontzat, baina mendiaren izena Gorostiaga da. Esango nuke, legazpiarron artean mendi bisitatuenetariko bat dela.
Korostik 947 metroko altuera du, eta 1902ko ekainaren 22an inauguratu zen bertan kokatuta dagoen gurutzea; beraz, aurten 121 urte beteko dira hura eraiki zenetik.
Gurutzeak berak berezitasun bat du: izan ere, herritarren artean osatutako batzorde batek erabaki zuen gurutzea eraikitzea, Leon XIII.a Aita Santuak 1900ean mendien gailurretan gurutze monumentalak eraikitzeko ediktua eman ondoren. Ba al zenuen honen berri?
Gailurrera igotzeko aukera izan duzuenok, jakin badakizue gurutzearen atzealdean aterpe bat dagoela. Hauxe 1950ean eraikitakoa da. Horrezaz gain, 1959an altxatutako kapera bat dago, non Agorreko Santikutzetan elizkizuna ospatzen den. Baina Korosti mendia urrutitik bereizten duen elementu adierazgarrienetako bat, bertan kokatuta dagoen antena erraldoia dela esango nuke. Legazpiarron 5G-aren iturria, ote?
Testuinguru honetan, bertan ospatzen den erromeria aspaldidanik bizi izan dut. Txikitatik dudan oroitzapena da, familian Korostira igotzen ginela, bertan izango zen jai-giroan noiz murgildu zain.
Gerora, lagunartean ospatutako erromeri gisa oroitzen dut: goizean mendi-ibilaldia egiten genuen, eta behin Korostira heldu eta hamaiketakoa hartu ondoren, dantzaldi ederrak izaten genituen txistularien doinuez lagunduta.
Gaur egun, oraindik, erromeriak bere horretan jarraitzen du eta ahal dudanetan, parte hartzeko ohitura dut. Urteko beste edozein datetan ere, Gurutzera igotzeko helburua batek baino gehiagok izaten du, baita nik neuk ere. Hasi berri dugun 2023 honetan zergatik ez?