Jabetza pribatuaren edo partikularraren kontzeptua sortu zenetik erabili izan dira mugarriak, lur sailak norenak eta noraino diren zehazten duten seinale bereizgarriak. Izan jabetza publikoa –udalerriarena, auzoarena, probintziarena, nazioarena…–, izan jabetza pribatua, denek sartu izan dituzte, eta oraindik erabiltzen dira, kartografia digitalak gauzak errazten eta, sarritan, argiago uzten dituen arren.
Joseba Alonso ordiziarra urtetan ari da mugarriak aztertzen. Landa-lan handiarekin, batik bat udalerrien arteko mugarriak dokumentatu, aurkitu eta deskribatu ditu. Lemniskata Goierriko zientzia sarearen 6. kaieran, iaz argitaratu zuten lagin bat, Goierri mugarriz mugarri liburuxkan. Lazkaon abenduaren 14an egin zuen hitzaldi-aurkezpenean, Alonsok adierazi zuen Goierrin 2.900 bat mugarri daudela fitxatuta.
Mugarriei buruzko agirietako aipamen zaharrena 1379koa aurkitu du, Zizurkil eta Usurbil arteko bati buruzkoa. Gipuzkoan, hiribilduen sorrerarekin lotu du mugarrien erabilera. Herrialdeko lehen hiria Donostia izan zen (1198), eta 1200-1383 bitartean pribilegiodun herribilduak eratu zituzten.
Mugarriak, bere funtzio mugatzailea eta finkatzailea bete dezan, dokumentatuta egon behar du, nahitaez. 1942an egin zen azken mugarriketa. Hego Euskal Herrian 521 udalerri daude.
Herriak batuta ere, bereizita
Goierriko lehen hiribildua Segura izan zen, 1256an fundatua. Gaztelaren interes geopolitikoengatik, gaztelar lautada eta itsas kostaldea lotzeko bidean kokatu zituzten hiriak (Gasteiz, Agurain, Segura, Ordizia, Tolosa…). Eta Nafarroatik pasatzea saihesteko.
1383an, Urretxu izan zen sortu zuten azken hiria. Hurrengo urtean, 1384an, herriak batzen hasi ziren: Segurari sei herri, Ordiziari bederatzi. 1400erako, herri guztiak mugarrituta zeuden, bakoitzaren sailak eta hedadurak mugarriekin zehaztuta. Ordura arte, Gipuzkoa sei haranetan banatuta zegoen.
Herriak hiriei batzea, ordea, jurisdikzionalki soilik egin zen, ez lurralde aldetik. Kontzeju bakoitzak mantendu zituen bere mugapeko lurrak. Alkatetza Nagusiak, Areriakoa kasu, beste mota bateko enteak ziren horretan ere. 1615ean egin zuten mugaketa berriz, atzera herriak hirietatik atera zirenean.
Mugarriak neurri jakinekoak ziren: 83 x 19 x 27 cm. Hau da, kana bat (vara) x arra bat (palmo) x oin bat (pie). Kana = hiru oin = lau arra zen ekibalentzia.