Euskara eta euskal kulturaren alde lan egiteko sortu zen Arrano Kultur Elkartea Beasainen, duela 40 urte, giro politiko eta soziala nahiko nahasia zela», kokatu du Jose Ramon Iraola Txurdo-k, elkarteko sortzaile eta beteranoetako batek. Urte guztiotan elkarteak egindako bidea oparoa izan da, baina momentu batean agortu ere agortu ere bai. Orain, heldutasunera iritsita, ilusio berriak batu dira, taldea berrindartu dutenak; Arranoa hegan da.
1984an ireki zuten Arrano kultur elkartea, Oriamendi kaleko lokal batean. Jende aurrean, lehen ekitaldia 1986ko ekainaren 23an egin zuten, San Joan bezperan: Marimunduko dama antzerkia izan zen. «Beasaindarrok beasaindarrontzat izan zen leloa», gogoratu du Iraolak. «Lan handia egin zen eta herriko eragile desberdinen laguntza ere izan zen, Loinatz abesbatzak, Aurtzaka dantza taldeak, Jokin Telleria margolariak eta beste batzuk ere parte hartu zuten», osatu du lanean jarraitzeko kemenez bete zituen ekitaldi haren bueltan.
Ondoren etorri ziren, «mus txapelketa, bertsolaritzaren bueltan ere lan handia egin dugu, bertsopaperetatik hasi, bertso saioak eta bertso afariak antolatu ditugu, jaietako Baserritarren eguna ere azken urteetan indar handia hartu duena, sendabelarren erakusketa, perretxiku erakusketa, Mariren jaitsiera,…», jarraitu du aletzen eta zerrendatzen 40 urteotan egindako lana.
«Herritik herriarentzat jardun dugu, hori izan da gure leloa, beti ere, euskara eta euskal kulturagatik, ahaleginduz talde lana sustatzen, baina baita ere, elkartetik kanpokoen ideiak jasoz eta hortik ekimen desberdinak antolatuz», zehaztu du Iraolak. Elkarlanaren adibide da, «Jokin Telleria margolariarekin martxan jarri genuen margo lehiaketa». Beste hainbat ekimenetan ere laguntzeko prest izan dira beti, «Olentzero, Kilometroak,…», borobildu du etapa luze eta emankor horren inguruan.
Birmoldatze prozesua
Azken urteetan baina, taldea indarberritzeko beharra sumatzen zuten; «azken lauzpabost urteetan, elkartean antolaketa birmoldatzeko beharraren kezkarekin genbiltzan, zerbait egin behar zela garbi genuen, pixkana-pixkana itzaltzen joango zelako proiektua, eta nahi genuen jarraipen bat egotea; lantalde bezala aurrera segitzekotan, eraberritze bat behar genuela ikusi genuen». Pentsatu eta egin. «Elkartea arnasberritzeko prozesu bat egin genuen, transmisioa emateko eta sarea pixka bat handitzeko asmoarekin», hartu du hitza Iraolarekin batera mahaiaren bueltan dagoen Maitane Legarretak. Maialen Mujika ere haiekin batera dago, elkartekide berrietako bat azken hau: «Jarraipen bat emateko, proiektuari buelta bat eman beharra zegoela uste genuen, beste bide batzuk irekitzea beharrezkoa zela, alabaina. Orain, oinarriari eutsiz, gaurko testuinguru eta beharretara egokitutako proiektua dugu esku artean».
Prozesua nolakoa izan den azaldu du Legarretak: «Talaios eta Farapi kooperatiben laguntzarekin gidatu genuen prozesua. Deialdi irekia izan zen, nahi zuen orok parte hartu ahal izan zuen». Prozesua gaindituta egiten duten balorazioa «guztiz positiboa da» hiru elkartekideen iritziz. «Pozik gaude jende asko inguratu zelako bileretara, egindako ekarpenekin, jendeak erakutsi duen gogoarekin, eta aurrerantzean abiatuko den guztiarekin», ados daude.
Elkarte berrituak, Arrano Kultura izena hartu du eta irudi berria ere estreinatu du. «Izena erabakitzeko ideia ugari jarri genituen mahai gainean, eta azkenean, Arrano Kultura hautatu genuen». Irudia, berriz, Jokin Telleria margolariak egin du, eta egilea beraren hitzetan, «kultura, zabala baino gehiago, zirkulua dela uste dut nik. Gu inguratzen gaituen zirkulua. Gu eta gizartea biltzen gaituena. Oso aberasgarria da, baina aberatsa bezain txiroa eta pobrea ere bai. Ez zaio arretarik jartzen kulturari. Lan gogorra da, esker gutxikoa, eta askotan musutruk egin beharrekoa. Orain datozenek ere lan gogorra daukate. Animo!».
Ardatzak finkatuta
Aurrerantzean lanerako izango dituzten ardatzak ere finkatu dituzte elkartearen arnasberritze prozesuan. «Ezaugarri jakin batzuk dituen Beasain eraiki nahi dugu, eta bide horretan, garrantzia handia du kulturak» jarraitu du Legarretak. Hain zuzen ere, COVID-19 garai bete-betean, etxeratze aginduarekin kultura itzali zenean ohartu ziren asko, Legarretak berak ere hala uste du, «norainoko garrantzia eta pisua duen kulturak gure egunerokoan, gure bizitzan, gure harremanetan,… eta gertatu den guztiak nolabaiteko bultzada eman digu, behar berezi bat sentitu baitugu». Euskara eta euskal kulturan oinarrituta, «komunitatea indartu eta herri kohesionatu bat eraiki nahi dugu, ekologista, feminista eta burujabea izango dena», jarraitu du Mujikak.
Lau taldetan antolatuta
Funtzionamendu edo antolaketari begira, arloka banatuta, lau talde osatu dituzte. «Arlo jakinetan lan egingo duten talde txikiagoetan antolatuta, ardurak hobeto bana zitezkeela ondorioztatu genuen, hala, interesen arabera osatu ziren taldeak». Ekitaldi edo ekimen jakinak antolatzeaz arduratuko dira lau taldeetako kideak.
Talde motor edo eragile batek koordinatuko ditu. Urtean pare bat batzar ireki antolatzeaz ere arduratuko da hori. «Egindako lanak baloratu, jendearekin partekatu, elkartu… horretarako izango dira batzar irekiak», aurreratu dute.
Honakoak dira Arrano Kulturaren barruan ariko diren lau lantaldeak: Ingurumena (hitzaldiak ekologiaz, mendi ibilaldiak, ukendu tailerrak…), Poltsikoko taldea (liburu aurkezpenak, pote filosofikoa, memegintza tailerra, bakarrizketak, antzerkiak…), Jarraipen lantaldea (lehendik egindako lanari jarraipena emango diona, mus txapelketa, bertso afaria, margolari lehiaketa, festetako Mariren Jaitsiera eta Baserritar Eguna antolatuta), eta Sasoiko taldea (uda parteko agenda osatu nahian, Sagastigutiko parkean festa bat antolatzea pentsatzen ari dira, uztailean). Lau taldeak dagoeneko martxan daudela iragarri dute.