Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldean ardurak hartuta dabil Pello Olaberria Arruabarrena (Mutiloa, 1994), kirol zuzendari karguan. Denboraldia hasi du; Valentzia, Mallorca, Saudi Arabia, Ruanda… Bidaiari ibiliko da, masaje emaile zenean baino «buruhauste» gehiagorekin. Baina gustuko lekua du ziklismoa, eta aldapak gogoko, profesionalismoa laburrean garratz suertatu zitzaion arren.
Ostalaritzari lotutako familia batekoa zara.
Mutiloako Ostatua guk geneukan, eta Lierniko Patxi Erretegia ere familiarena zen, ni jaiotzerako martxan zegoen. Biak batera eduki genituen. Mutiloan jaio nintzen, eta bost-bat urterekin etorri ginen Liernira. Ostalari familiakoa naiz, baina amak esandako gauza bakarra izan zen ez zuela nahi nik ostalaritzan lan egin nezan.
Txirrindularitzak ere ez dirudi, bada, samurragoa.
Pilotan ere ibiltzen nintzen arren, txirrindularitza nahi nuen txikitatik. Leire Olaberria pistako txirrindularia lehengusua dut, eta hark tiratzen ninduen. Hemen, Izagirre anaiek; Jon Ander Intsaustiren lehengusuak dira, eta ni Jon Anderrekin ibiltzen nintzenez, niretzat ere azkenean berdintsu. Laurok batera ibiltzen ginen, eta haiekin karrera guztietara joaten ginen. Aitak eramaten gintuen Jon Ander eta biok, eta hortxe piztu zitzaidan zaletasuna. Liernin edo Mutiloan, gainera, bizikletan ibiltzea errazagoa da Beasain batean baino. Orain neskalaguna Tuteran ari da irakasle lanean, eta hara joaten naizenean esaten dut nire artean: ‘Hemen ez nintzen ni ziklista aterako!’. Dena laua da.
Erakusle zein zenituen?
Oraindik hor segitzen dute! Gorka Trueno eta Iñaki Telleria anaiak. Ikaragarria da horiek egin duten eta egiten duten lana, ez dira nazkatzen. Urteak daramatzate, musutruk, mutiko denei laguntzen. Jon Anderrek eta biok negu bat egin genuen gaztetxoekin ziklo-krosean, eta gogorra da. Telleriatarrrek bizitza osoa daramate. Ni benjaminetan hasi nintzen, Ordiziako Txirrindulari Elkartean; kadetetan bi urte Loinatz elkartean Beasainen, eta 23 urtez azpikoetan Ordizian urtebete eta Alberto Contadorren ekipoan beste bi. Profesionaletara Murias Taldearekin igo nintzen, baina aurretik 13-14 urte egin nituen bizikletan, maila guztiak igarota.
Tropelean erreferente, zein?
Iban Mayo. Tourrera lehenengo aldiz joan nintzenean gurasoekin, La Mongien jarri ginen, Tourmaleten. Ni, Mayoren zain. Basso eta Armstrong ailegatu ziren, eta Mayo ordu erdira. Kristoren negarrak egin nituen. Gero etapa bat irabazi zuen, Alpe d’Huezen, eta orduan emozionatu nintzen. Orain tratua daukat Mayorekin. Nola aldatzen den…
Profesionaletan bi urte ibili zinen. Nahi baino lehenago bukatu zen.
Bai, hala da. Utzi eta hurrengo urtea oso gaizki pasatu nuen. 2017an, uztail guztia Andorran pasatu genuen Jon Anderrek eta biok; Donostiako Klasikoa prestatzen hura, Portugalgo Itzulia ni. Taldea jada esanda zegoen berrituko zidan bezala… Portugalen auto batek jo ninduen eta kristorena hartu nuen. Hilabete egon nintzen bizikleta ukitu ezinik. Urteko azkeneko bi karrerak korritu nituen, eta azaroan esan zidaten ez zidatela berrituko. 21 urte neuzkan, segitzeko ideia eginda nengoen, eta ez nuen aukerarik eduki ezer erakusteko ere. Ez nintzen portento bat, karrerarik ez nuen irabaziko agian, baina taldeak eskatzen zidana egiten nuen, liderrentzat. Min eman zidan. Saiatu nintzen ekipo berria bilatzen; Italian lortu nuen bat, baina kobratu gabe zen.
Egoera horren kaxkarra zen?
Profesionala, eta kobratu gabe… Eta Italian bizi egin behar da. Neskalagunarekin entsalada bat jatera joateko ere amari eskatu behar al nion 20 euro? Bizi beharra neukan. Aurretik, Contadorren taldean bi urte ibilia nintzenez, Albertoren anaiak segituan deitu zidan, eta masajista hasi nintzen han. Astebete bakarrik egon nintzen lanik gabe. Txipa aldatu behar. Egia esan, ni baino gutxiago ibiltzen zirenei masajea ematen eta botilatxoa betetzen aritu beharra gogorra izan zen. Artean gogo handia neukan lehiatzeko, lehiakorra naiz eta. Urte hori gaizki pasatu nuen, inbidiarekin.
Nola eman zenion buelta?
Etxekoek lagunduta. Psikologikoki gogorra da. Baina aspalditik nekien bizikleta utzitako unean ziklismoaren munduan segitu nahi nuela, eta kirol masajista titulua aurretik aterata neukan, badaezpada. Eta ikusten duzu.
Halako kolpea jasota ere, txirrindularitzan lan egin nahi zenuen?
Bai, garbi neukan. Beste ezer ez baitzait gustatzen, eta beste afiziorik ez daukat. Ziklismoa eta korrika. Kirola, behintzat. 2015ean, gainera, aita hil zitzaigun. Handik hilabetera jaso nuen profesionaletara pasatuko nintzen notizia. Gaizki pasatzen ari ginen, eta aitak nahi zuen gauza bakarra horixe zen. Forofoa zen, baina ez orain ikusten diren guraso horietakoa, semea animatu eta bakean utzi beharrean, zuzendaria baino gehiago sartzen dena zer egin esaten. Halakoei nazka diet. Guraso asko ikusten ditut horrela: utzi neska-mutilei bakean eta lasai. Animatu eta isilik egon. Niri horixe erakutsi didate etxean.
«Sakrifizio handia eskatzen du txirrindulari bizimoduak. Letxuga ere pisatu egin behar izaten nuen, etxean jateko»
«Guraso asko ikusten ditut seme-alabei zuzendariak baino gehiago agintzen. Animatu eta utzi bakean»
2016ko urtarrilaren 28an debutatu zenuen, Mallorcan. Hara non, tropel profesionalean lau mutiloar edo mutiloar jatorriko: Gorka eta Jon Izagirre, Jon Ander Intsausti eta zu. Handia.
Halaxe da, hantxe geunden laurok. Logelan beti Jon Anderrekin jartzen nintzen, eta argazki bat badugu hoteletik irteerara bidean biok. Guretzat eta gure familientzat –oso batuta daude– amets bat zen, Gorkarekin eta Jonekin han egotea. ‘Zer ari naiz hemen?’. Bi urtetik elkarrekin genbiltzan. Halako herri txiki batentzat ere handia izango zen, hori ez zen beste inon gertatuko.
Masaje emaile eta taldeko auxiliar izatetik, Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendari izatera iritsi zara.
Contadorren taldean bi urte egin nituen, 2018 eta 2019. Bigarren zuzendari ibiltzea ere tokatu zitzaidan egun batzuetan. Bestetik, Jorge Azantzarekin tratu handia neukan, Gorka Izagirre Euskaltelen zegoenean harekin ere entrenatzen nuen eta, txirrindulari zenean. Euskaltelera joan beharra neukala esaten zidan beti, eta 2020an sortu zen aukera. Pandemia sartu zen berehala, baina taldea oso ondo portatu zen langileekin: guri dena ordaindu ziguten, nahiz etxean arrabola egiten egon. Horrek taldearen seriotasuna adierazten du, eta eskertu beharra dago. Ekipo handiago askotan ez zuten kobratu.
2021ean masaje emaile aritu nintzen, eta urri hartan Suitzara joan ginen Mikel Gaztañaga eta biok, UCIren profesionaletako kirol zuzendari titulua ateratzera. Hizkuntzak ondo eramaten ditut, baina ingelesez hura ateratzen komeriak izan nituen, baina lortu nuen eta 2022an zuzendari lizentzia atera zidaten. Konfiantza jarri zuten nigan, karrera batzuetan lehenengo zuzendari ibili nintzen, eta ondo atera zen. Iazko irailean eskaini zidaten postu hau.
Etxeko eta barruko lanean jardun zarete orain arte, gehienbat [elkarrizketa urtarrilaren 20an egina da, lehiaketa hasi bezperakoa]. Zer moduz?
Niretzat aurrerapausoa da. Baina, esaten dizut, masajista bezala askoz lasaiago bizi da bat, zuzendari bezala baino. Gauza asko eta buruhauste asko daude. Masajistak kontzentrazioan hasi dira lanean, baina gu aspalditik ari gara: egutegiak egin, karreretarako gonbidapenak lortzen urri-azaroan hasi… Kudeaketa lana da. Gogorrena eginda daukagula uste dut. Orain martxa hartu, karrerak badauzkagu, eta bakoitza prestatzea izango da. Logistika ere nik eramaten dut: bizikletak bidali, autoak, autobusa, kamioiak eta karabana nora bidali; ziklistak nondik eta nola etorriko diren antolatu, bidaiak eta hegaldiak hartu, bila nor joan… Hori dena kudeatu behar da, ez karrera bakarrik.
Lasterketak nola prestatzen dira?
Agian errazena hori da, azkenean. Sekreturik ez dago. Esperientzia badugu mundu horretan, eta Jorge Azantza eta biok nahiko frikiak gara gauza batean: txirrindulari aurkari denak ezagutzen ditugu. Etxean nagoenean, mundu guztiko karreretako sailkapenak edo laburpenak ikusten aritzen naiz, eta badakit orain zein dagoen ondo. Informazio hori daukagu, eta zelatatuta dauzkagu.
Zer egitura daukazue Euskaltelen?
Mikel Landa da lehendakari, eta haren managerra, Txus Ezkurdia, da taldearena ere, gure nagusia. Zuzendari buru Jorge Azantza da, eta berak eramaten du txirrindularien prestakuntza ere. Bigarren zuzendaria ni naiz, eta karrerak prestatzeaz arduratzen naiz. Aurten, atzerriko karrera guztiak nik egingo ditut, Espainiakoak izan ezik; horiek, Jorgek. Arropa guztiaren arduraduna ere ni naiz. Azpeitian daukagu pabilioia. Kontratuan bi masajista dauzkagu, eta egunka beste bost etortzen dira; hiru mekaniko kontratuan, eta egunka beste lau edo bost –bat italiarra, hango karreretarako–; mediku bat, eta prentsakoak. Gutaz aparte, eta denok Euskadi Fundazioa garenez, nesken taldea eta 23 urtez azpikoena ere badaude, Mikel Gaztañaga arduradun duena. Denera, 65 txirrindulari.
Goierritarrak bi gazte badituzue Euskaltel-Euskadin, Isasa eta Berasategi.
Gazteak oso ondo datoz. Berasategik Mallorcan debutatu du, eta Isasak izugarrizko maila eman du kontzentrazioan, harrigarria.
Gogorra da txirrindulari bizimodua?
Bai, oso gogorra. Sakrifizio handia eskatzen du. Betidanik eraman dut bizimodu hori, eta ez zait arrotza. Txirrindulari nintzenean, etxean ere zaindu beharra neukan, eta entrenatu. Letxuga ere pisatu egiten nuen, afaltzera ezin nintzen irten… Orain lasaiago egon naiteke, baina gustatzen ez zaidanez, ez dut behar.
Nola dago txirrindularitza gaur egun?
Continental mailan Espainiako estatuan kobratu beharreko gutxieneko bat ezarrita dago, eta altua da. Seriotasun handia dago, zentzu horretan. Italian, adibidez, ez, eta nahi dutena egiten dute. Noski, bost milioi kobratzen dutenekin lehiatu behar duzu gero.
Euskaltel Pro Team mailan dago, bigarren koskan, esan liteke. Hor ondo?
Ondo, bai. Oraintxe bertan ia ezinezkoa da World Tourrera iristea, aurrekontuak ikaragarriak direlako. Gure txirrindulariekin puntu asko lortzerik ez dago, etxekoak dira gehienak: 13 edo 14 Laboralkutxa taldetik igotakoak dira. Hau da, hemengo jendeari ematen diogu aukera, eta gure helburua profesionaletara ailegaraztea da. World Tourrean balego Euskaltel, pauso handiegia litzateke. Gero, guk formakuntza bat eman eta eurek World Tourrera jauzi egitea, hori helburu errealagoa da. Guk hemen segitu behar dugu, egonkortu, Espainiako Vueltan sartu, urteren batean ahal bada Frantziako Tourrera joan, eta etxeko karrera handiak korritu.
Euskal Herrian hasiko den Tourrerako jada ez dago aukerarik, ezta?
Ez, ez dago. Gonbidapenak jada eman dituzte. Talde frantses bat desagertu egin da, eta neguan komentatzen zen Euskaltelek izango ote zuen aukera. Baina ez, guk irteera Euskal Herrian izango zela aurkeztu zen lehenengo egunetik jakin izan dugu ezetz.
Euskaltelik gabe, Tourra eta afizioa ez direla berdinak diote. Zer iritzi?
Nahiz eta Euskaltel ez egon, seguru bide bazterrak elastiko laranjaz beteta egongo direla. Polita izango da. Azken hiru urteetan gorakada nabaritu dut horretan. Kuadrillakoekin urtero joaten naiz Tourrera, astebete hartuta. Iaz 200 kamiseta eraman nituen, banatzeko: oraindik badu jarraipena eta arrakasta.
Tourmalet, behin; ama, beti
Ez ditu ahazteko aita-amak Pello Olaberriak. Haiek sartu zioten bizikletarekiko harra; aitak, batez ere. 2015ean hil zen Juan Antonio Olaberria. Ama, Lurdes Arruabarrena, izan du jarraitzaile sutsuena, eta orain hark ere ezin duela ziklismorik gabe egon dio semeak; «Australiako karreren sailkapenak ere jakingo ditu».
Argazki kutunena aukeratzerakoan, ez du bost segundo baino gehiago pentsatu beharrik izan. «Logelan daukat handituta jarrita. Niretzat, amarentzat eta familiarentzat Tourmalet berezia da. Etxekoak joaten ginen Tourrera, eta orain ere amarekin urtero joaten naiz. Tourra lehenengo aldiz han ikusi nuen, gurasoekin», dio Pello Olaberriak.
Behin izan zuen aukera karreran Tourmalet igotzeko, Okzitaniako Route du Sud Cycliste itzuliko 3. etapan, 2017ko ekainaren 17an (Saint-Gaudens / Gavarnie). Eta ama han ageri da, bakar-bakarrik, Tourmaleteko gailurraren aurreko bihurgunean, bide ertzean semea animatzen.
Gainontzean, bizitza ez du ulertzen kirolik gabe. «Egunero egiten dut. Iaz, 365 egunetatik 330 egunetan egin nuen kirola, Strava aplikazioaren arabera. Egunaren bukaerara kirolik egin gabe iristen banaiz, umorea erabat aldatzen zait. 45 minutuan korrika egin, eta beste pertsona bat naiz». Eta lehiatzea gustatzen zaio, azken urteotan korrika sarritan.