Antton Fernandez Lasa • Bertsozalea
Amets Arzallusek «Hilaren bosta Santa Ageda / hilak bi kandelario» hasi zen bertsoa kantatu zuen 2005eko Bertsolari Txapelketa Nagusian, finalaurrekoan. 2022ko finalaren oihartzuna (Ordiziako Majorin urte bukaeran egindako saioa barne) oraindik buruan dugula, bertsoen tradizioarekin berriz bat egiteko aukera dakarkigu egutegiak bihar, Santa Ageda bezperako eskean.
Otsailaren 4etan Goierrin bizi izandako oroitzapen alaiak dakarzkit gorputzaren memoriak. Ikastolako ikasle garaiari lotutakoak ditut bi: umezaroan, gimnasioan entseatu ondoren, kalerik kale ibiltzen ginen kantuan, plazan bukatzerako txokolate beroa eta bizkotxoak zain geneuzkalarik (goxo bezain gozo daukat, ondorioz, akorduan).
Geroago, haur ginela gu ohartu gabe erne ziguten hazia tarteko, nerabezarotik irteten hasten edo behar genukeen garaian, 16 bat urteko gaztetxo, ikasbidaiarako diru eske abiatu ginen Pagoetatik gora, ilunduta gero, izara eta kriseilu eta guzti. Mendizabal, Zabaleta edota Ipiñarrieta inguruko baserritarrek harrera bikaina egin ziguten, eta koplari probatzeko aukera sortu zitzaigun, gainera, gehiegi usteko ez genuela.
Harrezkero, Legazpiko bertsolariekin batera Segurako santa eskean aritzeko okasioa eduki genuen inoiz, Elorri kultur elkarteko kideei esker, eta baita elkarteko afari osteko bertso saioan ere. Bereziki gogoratzen dut elurra egin zigun urtean sentitu genuen hotza, furgoneta zuri handi batean banku luzeetan jarri eta baserriz baserri eraman gintuzten bitartean.
Jaiaren izaera erlijiosoa gorabehera, bularrak moztu zizkioten emakumeari gorazarre eginez, makila kolpeekin eta koplekin lurra esnatuz, aurten errondan ibiliko zareten guztioi, biba zuek!