Igartubeiti Baserri Museoak Eko-moda: autobuseko ehunekin egindako diseinuak erakusketa du, hau Irizar autobus enpresak, Emaus-eko Sindesperdicios upcycling markak eta Kotoi marka jasangarriak ehun hondakinei bizitza berri bat emateko elkarlanean hasitako bidearen erakusgarri da.
Erakusketan Kotoi etxeko diseinatzaileek baserrian inspiratutako piezak sortu dituzte Irizar enpresako ehun hondakinak erabiliz. Pieza hauen artean Bixak izaneko osagarria dago. Ba al dakizu zer den Bixak bat? Pieza honen jatorria Zuberoan (Ipar Euskal Herria) dago, eta XX. mendearen hasierako elementua dela uste da.
Bisac izena hartu zuen, eta horrek ‘bi poltsa’ esan nahi du [bi (bi euskaraz) eta sac (poltsa frantsesez)]. Ehun-osagarri horren biltegiratze-ahalmena bikoitza zen eta alforja bat gogorazten digu. Piezaren egitura angeluzuzena zen, eta erdian tolestura bat zuen, mutur bakoitzean irekidura bat ematen zuena, poltsaren bi aldeetara erraz iristeko. 30 cmko zabalera zuen, eta etxean zeuden ehunekin egiten zen, kotoiarekin nahiz lihoarekin.
Praktikoa, erosoa
Osagarri bat baino gehiago lan tresna bat zen, eta mutur bakoitzean banatutako pisuari esker sortzen zen orekarekin, praktikotasuna eta erosotasuna ematen zituen materialak garraiatzeko orduan. Sorbaldaren gainean jartzen zen, gaur egun poltso bat bezala.
Artzainek erabiltzen zuten, janaria eramateko ardiekin bidaiatzen zutenean, sagarrak biltzeko erabili ohi zela ere esaten da.