Asier Iriondo • Hizkuntza aholkularia
«Balitz eta Balego gauez ikusi dituzte, larrugorritan, kolkoa harriz beteta, errekan sartzen». Garingo birramonari jasoa da balizkoaren alferra adierazten duen esaera. Hasierako bi baldintzak, agian, ezagunak dira. Bigarren zatia, ordea, ez horrenbeste eta osorik dagoen ere ez dakit. Baliteke jatorrian luzeagoa izatea. Lekikeenik balego, edo baleki lekikeela, lioskuke.
Bigarren belaunaldiak, gure amona-aitonek, errietatzat hartuko zuten, hirugarrenak ipuintzat eta laugarren belaunaldikook, ulertu beharraren eritasunak jota, esaeraren azalpena eskatu izan dugu, eta honelatsu iritsi zaigu: gauez ikusterik ez zen eta, hortaz, larrugorritan ote zihoazen antzematerik ere ez eta, larrugorritan joanda, kolkoa harriz betetzerik ere ez eta, kolkoa harriz beteta errekan sartzea etsai minenari zor zitzaion aholkua zen.
Gotzon Garateren webguneak badakartza balizka eta balegoka aritzea hutsala dela adierazteko dozena esaeratik gora. Prantxika Lizarralderena, baina, ez dakar eta, honezkero, nahiko bagenu ere, ez luke jasoko. Izan ere, horietako bati tira eginda, balizko esnearekin ez dago gosaltzerik edo, webgune berean, latineko baliokidera joanda, «zerua eroriko balitz larretxori denak harrapatuko lituzke». Laugarren belaunaldikoontzat ulertezina.
Dena den, Prantxikarenak zein gainerako esaera horiek guztiek hipotetikoaren gaitzespena badakarte (edo balekarkete), kontrara, geruza bat beheragoko mezuan, errealaren apologia dagoela usain daiteke. Eta horregatik, Balitz eta Balego gaitzesteak Bada eta Badagoren gorazarrea badakar, ikusi egiten direlako da, ez dutelako gaua maite eta jantzita ibiltzen direlako, edo deserantzita, behitzat. Arrisku galanta, beraz, kolkoa harriz bete eta errekan itotzeko.