Depuratibo eta diuretiko moduan erabili izan da belardi eta basoetan hazten den sendabelar ezagun hau.
- Izen herrikoia. Txikoria-belarra.
- Izen zientifikoa. Taraxacum officinale Weber (Asteraceae).
- Ezaugarriak. Hostoak oinaldean ditu landare honek, erroseta moduan, sustraietatik oso gertu. Lore horiak eta fruituak txorten luze baten muturrean garatzen dira, eta txorten horrek, mozterakoan, izerdi edo latex zuri bat botatzen du. Landare bizikorra da, eta 5 eta 40 zentimetro arteko garaiera har dezake. Askotan belar txartzat hartzen bada ere, landare horren hostoak jangarriak dira, eta entsaladan zein beste barazki batzuekin egosita jan daitezke. Sendabelar modura dituen bertuteak aspalditik dira ezagunak. Erleek oso atsegin dute txikoria-belarraren lorea, nektar ugari ematen duelako.
Atal erabilgarriak. Sustraiak eta hostoak erabiltzen dira. - Propietateak eta erabilpenak. Landare hau depuratibo eta diuretiko moduan erabiltzen da. Odola garbitu eta zirkulazioa hobetzeko, kolesterola erregulatzeko, likido erretentzioari aurre egiteko, giltzurrunetan harriak daudenerako, pixaren bidez toxinak kanporatzen laguntzeko, maskuri eta uretrako infekzioetarako erabili izan da. Afekzio hepatikoetan, bilisa jariatzen laguntzen, eta funtzio pankreatikoa aktibatzen du. Arazo dermatologikoetarako ere egokia da landare honen infusioa edatea. Laxantea izan daiteke.
- Infusioa: Kasu horietan guztietan, 20-30 gramo landare litro bat uretan egosi behar da infusioa egiteko, eta egunean hiru edalontzi edan.
Latexa: Txortena mozterakoan ateratzen den latex zuria garatxoak kentzeko eta zauriak sendatzeko erabili izan da.
- Infusioa: Kasu horietan guztietan, 20-30 gramo landare litro bat uretan egosi behar da infusioa egiteko, eta egunean hiru edalontzi edan.
- Kontraindikazioak. Behazun hodien buxadura kasuetan, behazun litiasi kasuetan, behazuneko edozein osasun arazotarako mediku baten kontrolpean hartu.
Txikoria-belarraren sustrai edo hostoen, eta Asteraceae familiako landareen alergia kasuetan ere kontraindikatuta dago.