Mikel Etxeberria Okariz • Aranzadi Zientzia Elkartea
Badira urte batzuk botanikaren arloan lanean ari naizela. Are, joan dira berrogei urte baino gehiago Aranzadiko botanika saila sortu zenetik. Lanean hasi naizenetik beti galdetu izan didate ea botanikari batek zer egiten duen zehazki, eta inoiz fundamentuzko erantzunik topatu ez dudanez, paperaren patxada baliatuko dut gure lana deskribatzeko.
Aurten beteko dira 10 urte Aranzadi Zientzia Elkarteko botanika sailean praktikak hasi nituela. Hasiera-hasieran, landare inbaditzaileen proiektuetan izan nintzen laguntzaile. Ez zen lan zaila, hiruzpalau landare ongi ikasita egiteko modukoa. Hor ikasi nituen nire lehenengo izen zientifikoak Cortaderia selloana, Fallopia japonica eta, batez ere, Buddleja davidii. Gerora jakin dut ezpeletar baten omenez duela davidii hori, baina hori beste upel bateko ardoa da. Garai hartan, zeharo aldatu zitzaidan ordura arteko ikuspegia paisaiaz, edonon landare inbaditzaileak ikusten hasi nintzelako.
Ondoren ezagutu nuen herbarioa, paper artean txukun-txukun gordetako landare lehor festa itzela. Sekula halakorik ikusi gabea nintzen, hainbeste kaxa, halako lanik egin zitekeenik ere ez nuen sekula pentsatu. Asko harritu ninduen nire amonen adineko landareak ikusi izanak. Jakin nahi nuke nor zegoen orain 87 urte landareak biltzeko umorearekin.
Hiruzpalau urte praktiketan pasata 2018an lanean geratzeko aukera egokitu zen, eta hamaikatxo landare ikastea tokatu zait harrezkero. Lehenik, mehatxatu batzuk ikasi nituen beste guztien erakoak iruditu zitzaizkidan arren. Ordutik, ikasten joan naiz altxor biziak direla, eremu murritz, urrun eta ezkutuetan irauten dutela, irauten gaituztela. Berebizikoa da landare horien urteroko jarraipena, hobeto edo okerrago dauden ikusteko. Bestalde, ahal denean haziak biltzen dira eta behin lehortu eta izoztutakoan epe luzerako gordetzen dira, zer gerta ere.
Azkenik, aurten tokatu zait Europar Batasunarentzat intereseko larreen kontserbazio egoerak aztertzea. Eta hor zailtasuna bihurtu da landare arruntenetik arraroenera ezagutu beharra. Berdin izanda asko edo gutxi agertzen den, ertzean edo erdian, janda edo jan gabe. Funtsean, landareek habitatak ongi kontserbatuta dauden adierazi dezaketenez, ezinbestekoa da komunitate bakoitza zehatz ezagutzea.
Azken urteetan horien gisako zereginetan aritu gara botanika sailean, baina ez dira bakarrak. Izenburuko galderari erantzuten hasi eta orrialdeak motz gelditu zaizkigunez, hurrengo zenbakietan joago gara gainerakoak aletzen eta garatzen.