Joan den ostiralean Beasaingo Gazte Asanblada aurkeztu zuten Beasainen. June Garcia (Beasain, 2002) Beasaingo Gazte Asanbladako kidea da.
Nondik sortu da gazte asanblada bat osatzeko ideia?
Duela pare bat hilabete inguru hasi ginen. Herrian gazteok elkartu eta gure espazioak osatzeko beharra ikusi genuen, herri giroa sortze aldera. Ondorioz, herriko zenbait gazte elkartu eta Beasaingo Gazte Asanblada jarri genuen martxan. Taldeak izango zituen baloreak eta arauak zehaztu genituen pixkanaka eta taldeak nolako jarduna izatea gustatuko litzaigukeen, izan herriko parte-hartzearen aldetik zein barne funtzionamendutik. Beraz, behin hau finkatuta, Beasaingo Gazte Asanblada aurkeztu genuen joan den ostiralean, otsailaren 3an.
Aipatu duzu zenbait balore eta arau finkatu direla gazte asanbladan.
Bai, behar handiena ikusten genuen arloetara jo dugu, batez ere euskararen eta feminismoaren gaietara. Izan ere, euskaraz harremantzea herrian gazteon artean ezinbestekoa iruditzen zaigu eta zaindu beharrekoa dela uste dugu. Bestalde, feminismo arlotik ere jo dugu, egun, herrian oraindik ez delako berdintasuna bermatzen zenbait espaziotan eta horregatik, gazte asanblada guztiontzat berdintasunezko lekua izatea behar dugu, hau da, guztiontzako gune seguru bat. Horrez gain, beste gai bat ere hartu dugu kontuan herriko gazteon arteko harremanei dagokienean. Kuadrillaka elkartzen gara beti eta inor ez da hortik irteten. Zirkulu oso itxiak ditugu askok eta herriko gazteen artean oso harreman gutxi dago, nahiz eta beti espazio berdinetan ibiltzen garen. Sortzaileei plaza bat emateko asmoa ere badugu, herriko sortzaileak ezagutu ditzagun eta haien lanak aurkezteko leku bat izan dezaten. Azkenik, arauen dagokienean, garbi utzi nahi dugu eragile politikorik gabeko taldea izango dela, beasaindar oro herriko gazte gisa parte hartzera gonbidatua dagoela, beti ere norbanako bezala datorren bitartean eta gazte asanbladaren balore minimoekin bat egiten duen bitartean.
Zein funtzionamendu izango du taldeak? Zein motatako ekintzak antolatuko dira?
Ekintza desberdinak antolatuko dira herrian, batez ere aisialditik. Hala ere, aisialdiaz gain beste mota bateko ekintzak antolatzeko asmoa ere badugu, izan kulturari lotuak edota hausnarketarako espazioak sortzea. Bestalde, herriko ekintzetan parte hartuko dugu talde bezala, izan ‘Euskaraldia’, ‘Ehunmilak’ edota beste edozein herriko ekitaldi. Lehen ekintza bihar, otsailak 11, larunbata, izango da: Arrano elkartean egingo dugun Mus misto txapelketa. 16:00etan izen ematea izango da eta 16:30ean hasiko gara jokoan. Hilabetean behin bilera irekiak egingo ditugu, proposamenak jasotzeko eta batu nahi duena taldera batzeko. Beraz, dei egiten diegu Beasaingo gazteei gazte asanbladan parte hartzera.