Judit Garcia Llorens • Baserritarra
Hotza etorri zaigu azkenean, Euskal Herrian eta neguan gaudela konturatzeko behintzat, eta horrekin batera inauteriak. Kosta egingo litzaiguke hotzari aurre egiteko gure herrietako aspaldiko mozorroak Rio de Janeiroko klimako jantziengatik aldatu behar izatea. Edo agian ez, denborak esango du baina ohitura batzuk aldatzea izugarri kostatzen bazaigu ere, beste batzuk berriz, gurean beti ezagutu izan bagenitu bezala barneratzen ditugu berehala.
Askotan kontsumismoarekin lotura dutenak dira azkarrago gureganatzen ditugunak. Plazer azkarra eta ahaleginik egin behar izan gabe, nahiz eta dosi txikiko gozamen hori, segituan desagertzen den. Handik pixka batera berriz ere dosi txikia behar dugu. Behin erabili eta bota filosofiarekin jarraitzen dugu maizegi, eta eredu hori erakusten diegu gure umeei.
Eskoletan emozioen kudeaketa eta enpatia gero eta gehiago lantzen ari den honetan, etxean eta eskolan kontsumo arduratsuari buruzko lanketa ere ezinbestekoa delakoan nago, bestela hankamotz geratzeko arriskua dagoela iruditzen zait. Alde batetik gure umeei, gazteei esaten diegu adimen emozionala eta errespetua landu behar direla eta beste alde batetik 12 urterekin, beranduenez, telefono mugikor berri eta garesti bat ematen diegu adimen hori garatzeko prozesuan zailtasunak sortuz: gehiegizko erabilera, sare sozialen erabilera arriskutsua, eta abar.
Ohiturez aldatzen goaz, arlo batzuetan sekula baina aurreratuagoak gara, mezu modernoak gustatzen zaizkigu, gure umeei ere bai, baina panorama ikusita deshazkundearen bidea norabiderik modernoena dela gero eta gehiagok esaten dute. Eta hori arlo guztietara eramanda: gure festak ospatzeko eretara, teknologiaren erabilerara, elikadurara edo eredu produktibora zein kontsumora orokorrean. Baina ez arrazoi ideologikoengatik bakarrik, baizik eta antza denez, beste biderik ez dagoelako. Elkarren arteko harremanetan ere, isla positiboa izango lukeela iruditzen zait.
Inauterietara bueltatuz, zaharra da mozorrotuta gozatzeko eta aske sentitzeko nahia gure herrietan, eta garai batetik ona disfrutatzeko aukera ez du areagotu mozorro garestiagoak izateak. Generoenak eta beste estereotipo mugatzaileak baztertuz, irudimena astinduz eta giro freskoan gozatuz. Sormenean eta elkarrekin ondo pasatzeko gogoan dago gakoa, eta hori gauza asko aldatu arren beti mantendu daiteke, kontsumismoaren gainetik.
Kliman eta ondorioz paisaian, jendartean zein ohituretan aldaketak etorriko zaizkigula begi bistakoa da eta zer komeni zaigun mantentzea garbi edukitzea garrantzitsua da.