Hainbat domina lortuta ekin dio urteari Iraia Mendia Arrietak (Lazkao, 2003). Krosean, Euskadiko txapelduna da absolutuan, Espainiako hirugarrena 23 urtez azpikoan, eta pista estalian, urrea lortu berri du 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, 3.000 metroetan. Hilaren 17-18an, proba hori egingo du txapelketa absolutuan, Madrilen.
Kroseko Euskadiko txapeldun absolutuan. Espainiakoan hirugarren egin duzu 23 urtez azpikoan, urtarril bukaeran. Zer moduz joan zen lasterketa?
Lasterketaren erritmoa markatu zuen lehenengo egin zuenak, eta besteok jarraitzen eta alde egiten ez uzten saiatu ginen. Lasai hasi ginen baina gero erritmoa nahiko bixkortu zuen. Sentsazioak nahiko onak izan ziren, indartsu sentitu nintzen, motibatuta nengoen. Ezagutzen nuen zirkuitua eta horrek ere nire alde egin zuen. Nahiz eta ondo sentitu, oso gogorra izan zen, nekagarria. Oso segundu gutxira iritsi ginen lehen hirurak bata bestetik. Orokorrean oso harro nago egindako karreraz. Podiumean egoteko bukaeran egin nuen borroka, asko sufrituz baina lortu nuen. Oso zorteko naiz oso gustura nagoelako daukadan taldearekin.
Etor Mendia aita duzu entrenatzaile.
Aita entrenatzaile eta ama nutrizionista da. Haien zentroa dute. Lehen Txindoki AT-ko entrenatzaile batekin entrenatzen nuen. Hori aldatu zen berrogeialdia etorri zenean. Ez ginen taldean elkartzen eta aita gertu edukita, berarekin hasi nitzen prestatzen. Ordutik hobekuntza nabarmenagoak izaten hasi nintzen. Oso ondo ulertzen gara eta ordutik taldea hazten joan da. Beste laguntza batzuk jasotzen ditut. Bilbon ikasten dut eta han Yolanda Reyesek laguntzen dit. Berak munduko txapelketatan parte hartu izan du, eta esperientzia aldetik aholkuak ematen dizkit, orain ikusten ari naizena ezagutzen du. Oso babestuta sentitzen naiz.
Pista estalian, urrea lortu zenuen 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan, 3.000 metroetan.
Horrelako txapelketetan helburu nagusia lehenengo postua lortzea izaten da, ez dira bereziki izaten denbora onak egiteko lasterketak. Karreran hasi ginenetik erabaki nuen aurrera nire erritmoan joatea. Lortu nuen nire erritmoa markatzea. Sentsazio onekin joan nintzen, gustatzen zaidan pista bat zen, indartsu sentitzen nintzen eta lortu nuen bukaera arte horri eustea. Entrenamenduek emaitzak eman dituzte eta horrekin oso kontentu nago.
3.000 metrokoa egingo duzu hurrengo asteburuan, pista estaliko Espainiako txapelketa absolutuan.
Absolutuan, askoz ere zailagoa eta maila handiagokoa izango da, baina motibatuta nago, gogoarekin, eta oraingoz egindako lanarekin oso gustura.
«Absolutuan, askoz ere zailagoa eta maila handiagokoa izango da, baina motibatuta nago, gogoarekin»
«Beste ate batzuk ireki dizkidanez, nire bidea egiten jarraitzeko erraztasuna izango delako izan da aldaketa»
Urtea emaitza bikainekin hasteaz gain, aurreko urtea ere ondo amaitu zenuen, Ordiziako eta Lazkaoko San Silvestreak irabazita.
Lazkaokoan ateratzeko intentzioa baneukan, herrikoa izanda, giroa gustatzen zaidalako. Ordiziakoa izan zen Txindokiko taldea uzten nuelako eta taldeak antolakuntzan parte hartzen duenez, parte hartu nahi izan nuen. Aitak eta biok elkarrekin ateratzeko plana egin genuen, aspaldi elkarrekin korri egin gabe geundelako. Korrika joan ginen Ordiziara, dortsalak hartu, lasterketan korrika egin eta korrika bueltatu ginen Lazkaora.
Aurten Txindoki AT utzi duzu eta Bilbao Atletismo Taldean hasi zara.
Azken momentuko gauza izan da. Aurretik Txindokin egon izan naizenez beti, arraroa egiten zait oraindik. Bertan hasi nintzen eta bertan egon naiz orain arte. Harreman handia daukat bertako jendearekin. Talde txikia denez, baina, zenbait muga daude. Ekonomikoki, zenbait txapelketetara sailkatzen banaiz, ez dago dirurik bidaiatzeko. Eta jende gutxi dagoenez, ez dut aukera izan taldekako txapelketetan parte hartzeko. Bilboko taldearekin Espainiako edo Europako kopa taldeka korritzeko aukera egon daiteke. Beste ate batzuk ireki dizkidanez, nire bidea egiten jarraitzeko erraztasuna izango delako izan da aldaketa.
Europako 20 urtez azpiko kros txapelduna taldeka, estalian 3.000 metroetan Espainiako txapeldun, oztopoetan txapeldunorde… Nola sentitzen zara azken hilabeteetako lorpenekin?
Izugarria izan da, ez nuen inondik inora espero. Atzera begiratuta aurreko urtean egindako guztia ikusten dut eta sinestezina iruditzen zait. Duela bi urte ozta-ozta lortu nuen Espainiako txapelketara sailkatzea, pista estalian kanpoan geratu nintzen, gero lortu nuen aire librean sartzea. Gustura nengoen jada joan nintzelako. Espainiakoan lehenengo postuarekin bueltatzea mugarria izan zen, ikusi nuelako ahal nuela. Oso progresiboa izan da, denborei begiratzen badiezu ikusten delako hilabeteka hobetzen joan naizela. Oso gustura nago.
Medikuntza ikasten ari zara. Nola uztartzen duzu atletismoarekin?
Oraindik ikasten ari naiz nola uztartu biak ondo, ikasketa prozesu bat izan da niretzat. Aurreko urtean Medikuntzarekin hasi nintzen. Hasieran gogorra egin zitzaidan, bakarrik ikasi eta bakarrik entrenatzen dudalako. Ikasten egon ondoren entrenatzera ere bakarrik joatea gogorra egiten zitzaidan, baina orain ikasten ari naiz. Astean sei egunetan entrenatzen dut.
2023 urtea nola irudikatzen duzu kirol arloko helburuei dagokienez?
Epe laburrean, asteburuan daukadan Espainiako pista estaliko txapelketa absolutuan, ea lortzen dudan podiuma lortzea. Neguko denboraldia, krosa eta pista estalikoa, hilabete honetan bukatuko da, eta gero apirilera arte ez dago txapelketarik. Orduan aire librekoak hasiko dira. Aire librean, nahiz eta beti saiatuko garen, podiumak egitea baino, markak hobetzen joatea izango da helburua. Epe luzera, urte batzuetara begira, absolutuan ere maila ematen jarraitu nahi dut.