Iñaki Hidalgo • Ordizia
1923ko otsaila… Euren aitona-amonei entzundakoa gogoan zutela, Ordizian aspaldi inauteriak ospatzen zirelako kontua alegia, ordiziar batzuk inauterietako programa bat prestatzera animatu ziren 1923ko urte hartan. Eta ziurrenik, Donostian ospatzen zen kaldereroen konpartsaren arrakasta ikusita, horrelako bat prestatu zuten Ordizian festa ospatzeko. Ekimen horretatik ez zen urrun ibiliko Joaquin Pascualen figura, pertsonaia hori garrantzitsua izan baitzen jaietako jarduera hau eta beste batzuk antolatzeko orduan. Donostiar saltsero honek, Villafranques Orfeoiko idazkari zenak, harreman apartak zituen Union Artesana izeneko elkarte donostiarrarekin, hiriburuan kaldereroen konpartsaren antolaketaren arduradun zena. Zalantzarik gabe, hiriburuko elkarte honekin izandako harremanak lagundu zuen inauterietako festa hau garatzen, baita lehenagotik ospatzen zen Ordiziako danborradaren sorreran ere.
Oso litekeena da testu hau ilustratzen duen argazkia 1923ko konpartsarena izatea. Jai gehienetan bezala, Kaldereroen Konpartsa gizonezkoek gizonezkoentzat antolatuta zegoen, baina argazkian ikusten dugunez, emakume talde bat ere animatu zen festan parte hartzera.
Festa azkar prestatu zen. Otsailaren 1ean Beitia kronikariak El Pueblo Vasco egunkarian beste urte batez Ordizia inauteririk gabe geratuko zela adierazi zuen arren, uste dugu ordiziarrak ordurako zerbait prestatzen ari zirela. Izan ere, otsailaren 5eko udal bilkuran udalak inauterietako jai batzorde bat izendatu zuen inauteriak antolatzeko, eta otsailaren 11n, inauterietako igandean, kalejirak, kaldereroen konpartsaren irteera, Bandaren kontzertua, zekorketa Plaza Nagusian eta dantzaldia ospatu ziren. Inauterietako asteartean jaia errepikatu zen. Azken batean, musika, kalejira itzelak, animazioa eta establezimenduetan hautsitako ontzi asko izan ziren festa hauei amaiera eman zietenak. Ikusten denez, apurtutako beiren gaia ez da berria.
Ordiziarren interesari esker, egun gutxi batzuetan ospakizun handiak antolatu ziren eta horretaz harro azaldu zen kronikaria: «Goierriko hiriburua baino ez da gai zortzi egunetan danborrada bat antolatzeko eta hiru egunetan kaldereroen konpartsa bat. Secula seculorum jarrai dezala…». Jai apartak, ordiziar eta goierritarren alaitasun eta dibertimendurako.
Zalantzarik gabe, 1923ko Kaldereroen argazkiak 1998an konpartsa berreskuratu zuten ordiziar kementsu haien oroimenean zeuden, 2014 urtetik aurrera figura berri bat izango duena, Zozomikote alproja eta ausarta; horrez gain, haurren konpartsa ere aterako da. Lerro hauek idazterakoan, aurten ez dela kaldereroen ospakizunik egingo jakinarazi da.