Miriam Inza • Artista eta ikertzailea
Azkenaldian bolo-bolo dabiltza Adimen Artifizial (AA) arte-sortzaileak, denetariko artelan originalak sortzeko gai direnak hitz multzo baten truke. Jarraitzaile adina etsai irabazi dute, ordea, eta AAen bitartez sortutako arteari uko egitea eskatzen dute zenbait artista digitalek.
Arrazoizko bi argudio aurkeztu dituzte: batetik, areagotu egiten dela artean dagoeneko dugun prekarietatea, izan ere, AAek berehala sortzen dute artistari ezagutza eta denbora kostatakoaren antzeko emaitza, eta hartzaileok apenas bereizten dugu aldea. Ondorioz, Adimen Artifizialek ordezkatuko dituzten beldur dira artistak. Bestetik, AAen datu-baseak informazioz hornitu behar dira, ezagutzen dutenetik sortzen baitute. Artista digitalen hitzetan, euren lana modu antietikoan ostu zaie AAei jaten emateko.
Gauzak horrela, paradigma-aldaketa batean gaudela uste dut. Arte digitalaren ahulezia agerian utzi du AAak: alegia, makinaren bitartez egin daitekeena noizbait makinak bere kabuz egin dezakeela. Ez al da hori ordea argazkilaritza asmatu zeneko auzi berbera? XIX. mendean olio pinturak betetzen zuen funtzioa ordezkatu zuen argazkilaritzak. Ondorioz, denbora galtze hutsa bihurtu zen pintura erretratuak egin edo natura fideltasunez erregistratzeko, eta horrek erronka berriak aurpegiratzeko aukera eman zien artistei. Bada, argazkilaritzak ez zuen pintura hobiratu, askatu egin zuen. Agian gauza berera datoz AA arte sortzaileak, hots, arte digitalaren lekua zein den argitzera.
AAek sortutako arteari uko egitea epe laburreko erantzuna baino ez da, ludismo hutsa. AAak ez daude gure aurka lan egiten, artiston lekua zein den eztabaidatzeko balio digute, elkarlanean aritzeko edo AAek kopiatu ezin ditzaketen obrak proposa ditzagun. Beraz, non egon nahi dugu artistok, abangoardian edo erratz-autoan?