– Eta kito? Utikan? Ez duzu aurkituko? Bilatu ere ez?
– Aritu naiz bila, baina ez da ageri, baina lasai, agertuko da.
Eta etxetik alde egin zuen, mendian behera abiatu zen, bekainek begiak ukitu beharrean, haserre. Ez zuen ulertzen apaingarri xume bat galdu zela eta Andere horren muturbeltz egotea, bestelako kezkarik egongo ez balitz bezala. Guda ate-joka zegoen, inbaditzaileen usaina behetik gora zetorren kea bezala, eta erabaki bat hartzeko garaia aurrez aurre zuten, borrokatu ala ihes.
Anderek ere sumatzen zuen sorlekua, bizilekua, herria, utzi egin beharko zutela, baina apaingarri hura ez zen edozein apaingarri, esanahi handikoa zen beretzat, une hartan edozein arma baino garrantzitsuagoa zitzaion hura aurkitu eta altzoan eramatea.
Ilunabarrak herrixka jaterako Eneko iritsi zen, bihotza lehertu beharrean, bere onetik aterata, izu.
– Joan egin behar dugu Andere, ihes!
– Eta dena hemen utzi?
– Joan egin behar dugu, gauez, ez dago astirik, badatoz, asko dira eta ez dute gupidarik ezagutzen, ez dago beste irtenbiderik.
Beldurrak bideak moztu zizkien malko-guruinei, negar egiteko betarik gabe, gainean zutena hartuta etxetik irten ziren, dagoeneko prest ziren gainerako herritarrak ere, umeak besoetan batzuk, elkarri begiratu eta isiltasuna gailendu zen. Geldi zeuden, mugigaitz, norbaitek lehendabiziko urratsa eman zuen arte, orduan abitu ziren, hasi zen ihesa, amaitu zen etxalde hartako bizitza, amaitu zen etxalde hura bera. Aurrean iluntasuna eta etorkizun hauskorra.
Historia liburuetan ez dira agertuko, inork ez daki nola hil ziren, litekeena da borrokak bete-betean harrapatu eta etsaiaren atzaparretan azken arnasa eman izana. Lurrak biraka jarraitu du, eguzkia sartu-irtenean ibili da egunero-egunero, etsaiak ere hil egin ziren guztiak, denboraren orratzak ez baitu inor zutik uzten, baina han izandakoen lorratza bertan dago, bertako harri, zuhaitz, lur eta uretan, arnasten dugun airean bertan.
– Zerbait aurkitu dudala uste dut.
Berehala hurbildu zitzaion Mattin. Kontu handiz behatu zuten, lurpean zegoen, lehendabizi argazki bat atera zioten. Leirek bere langintzan jarraitu zuen, urduri baina leuntasun osoz, arreta handiz, lurrazalean pausatzea lortu zuen, osorik. Bi mila urte lehenago Enekok galdu eta Andere bilatu asmotan zebilen eskua zen, Anderek berak egindakoa eta etxea amaitu zutenean atean harrotasun handiz ipini zuena, berak euskaraz zizelkatutako hitzekin: ‘Sorioneku’.