Murtziakoa (Espainia) da Jesus Martinez, baina Brinkolako baserri batean bizi da eta Bemendi izena duen proiektua jarri du martxan Gaztenek Berri programaren barruan. Kanpoan hazitako behiak eta larreen jasangarritasuna ditu ardatz. Eredu hori bizimodu bihur daitekeela erakutsi nahi du.
Zer da Gaztenek Berri?
Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek martxan jarritako programa bat da, nekazari eta abeltzain gazteei laguntzeko. Orain, Mondragon Unibertsitatearen lankidetzarekin, formakuntza ere ematen ari dira, enpresagintzaren alorra jorratzeko. Oñatin jaso dugu formakuntza hori, eta orain enpresa plangintza prestatzen ari gara, proiektuaren bideragarritasuna erakusteko. Gero, diru laguntzak etor daitezke. Bitartean, programa horretan parte hartzen ari garen guztion arteko harreman sarea eraiki dugu, eta hori garrantzitsua da aurrera begira.
Zure proiektua Bemendi da.
Proiektuaren muina behiak eta mendiak dira, eta bi hitz horiek elkartuta sortutako izena da.
Nola sortu da Bemendi?
Ni Murtziakoa (Espainia) naiz, eta Legazpiko Brinkola auzoan bizi naiz familiarekin duela urte gutxi. Formazioaz ingeniari agronomoa naiz, baina ikasketak amaitu nituenetik oso disgustura egon naiz lanbidearekin, oso industrializatuta zegoelako, oso kimikoa zelako guztia…. Horregatik aldendu nintzen alor horretatik, eta urte batzuetan munduan zehar nire lekuaren bila ibili eta gero, Argentinan amaitu nuen, hura izango zelakoan, baina ez, handik Euskal Herrira etorri ginen emaztea eta biok [Argentinakoa da emaztea]. Ikaragarri gustatu zitzaigun hau, eta Errementari baserria erosi genuen Brinkolan. Gure hasierako asmoa ez zen baserria lantzea, baina inguruko baserritarrei entzunda animatu nintzen nire proiektu hau sortzera.
Zer zioten baserritarrek?
Baserriak ez zuela etorkizunik esaten zuten, gazteak ez zirelako animatzen eta nekazaritza ez zelako errentagarria. Atsekabetuta entzuten nuen hori, eta ezin nuen burutik kendu. Iaz Argentinara itzuli ginen, eta bidaian abeltzaintza birsortzailea ezagutu nuen. Hura ikusita eta ni pertsona geldiezina naizenez, hemen aplikatu zitekeela pentsatu nuen, eta hainbat ikastaro egin nituen han bertan gai horretaz ikasteko.
Pentsatu eta ekin.
Bai. Auzoko Agirreburualde baserriko Joxe Sagastizabalek lursail batzuk utzi zizkidan, eta behiak erosi nituen. Horrela jarri nuen martxan Bemendi. Lehen aldia zen abereekin lan egiten nuena, ingeniari agronomoa izan arren, nik ikasitakoak harreman gehiago zuelako zuhaitzekin, fruta arbolekin edo ortugintzarekin. Baina behiekin lan egiteko gogoa nuen, eta oso gustura nago, asko gustatzen zait, baita horiek hazteko erabiltzen dudan sistemarekin ere.
Zein da sistema hori?
Haragitarako behiak dira, eta belarra bakarrik emanda hazten ari naiz. Hain zuzen, hori frogatu nahi dut, belarrarekin bakarrik gizendu daitezkeela, eta hemen beti entzun dudan bezala, ez dela beharrezkoa pentsua ematea. Horrez gain, abereak kanpoan daude beti eta alde horretatik izugarrizko garrantzia dute larreek, asko zaindu behar dira.
Zein arrazakoak dira behiak?
Kanpoan egon behar dutenez, adar gabeak eta mantsoak nahi nituen, eta horregatik Angus arrazakoak aukeratu nituen. Gainera, behi horien haragiaren kalitatea oso ona da. Behi gehiago baditut, Suitza arrazakoak. Hemengo baserrietako betiko behia da, lanerako, esnetarako eta haragitarako erabiltzen zena. Oso mantsoa da, maneiatzeko erraza eta inguruan ondo egokitutakoa. Zortzi behi ditut guztira.
«Abereak kanpoan daude beti eta alde horretatik izugarrizko garrantzia dute larreek, asko zaindu behar dira»
«Horrelako abeltzaintza bideragarria dela erakutsi nahi dut, eta abeltzainari bizi kalitatea ematen diola ere bai»
Larreek garrantzi handia dutela esan duzu lehen.
Belarra bakarrik jaten dutenez, beti bazka izango dutela ziurtatu behar da. Zelaiak asko zaindu behar dira, eta horiei ahalik eta etekin handiena ateratzea lortu behar da, behi gehiago sartzeko, eta abeltzaintza errentagarri bat lortzeko.
Nola lortzen da hori?
Behien larratzea planifikatuta, eta horixe da hemengo betiko sistematik bereizten dena. Nire sistemarekin, urtean bitan planifikazioa egingo dugu. Lehenik, lursail guztian zenbat bazka lor daitekeen kalkulatzen dugu, eta zatitan banatzen dugu gero. Behiak gehienez hiru-lau egunez izaten dira zati bakoitzean, eta erabili eta gero, 55-60 eguneko atsedena ematen diegu zelai zati horiei, belarra birsortu dadin. Neguan 100-120 egun beharko lirateke belarra berriz hazteko, eguraldiaren arabera.
Belarraren hazkunde horretan laguntzeko ongarririk erabiltzen al duzu?
Hemen gakoa animaliak dira, eta behiek zelaietan uzten dituzten gorotzak dira ongarri bakarrak. Zelaian bertan deskonposatzen dira gorotzak, eta sortzen diren mikro organismoak zuzenean igortzen dira lurrera, eta lurrean dagoen mikrofaunak gure alde lan egitea lortzen dugu horrela. Azken batean, horrelako abeltzaintzarekin naturaren alde egiten dugu.
Behiak ere zaindu behar dira, ezta?
Bai, ura eman behar zaie, eta bakoitzaren gorputzaren egoerari jarraipen bat egin behar zaio, ikusteko nahikoa jaten duten. Horren arabera, lursailen arteko zirkuitua azkartu dezakezu, edo belar fardoak gehitu, neguan adibidez.
Zelaietan bakarrik daude lur zatiak?
Pinudietan ere ari gara probatzen, horrela funtzio bikoitza izan dezaten, hau da, behien bazkarako eta egurra ateratzeko. Basoa garbi mantentzea lortuko genuke, eta suteak saihestu.
Zenbat denbora daramazu sistema hori aplikatzen?
Apirilean urte bete izango da lehen abereak erosi nituela. Ondo doa guztia, eta aurrera jarraitzeko gogo handiarekin nago. Asmatzen dugunarekin ikasten ari gara, baina batez ere egindako akatsekin. Lehen urteko esperientzia itzela izan da. Agirreburualde baserriko Joxek asko lagundu dit, baita Ugarkalde baserriko Joakin Balerdik ere.
Zein izango da hurrengo urratsa?
Behiak hazten jarraituko dugu, eta ugaltzen ere bai geroago. Arrazaren hobekuntza genetikoa ere badut buruan, hain aldapatsua den inguru honetara ondo egokitzen den arraza bat lortzeko. Animaliak dituzten inguruko baserritarrak elkartzea ere nahiko nuke, denek batera lan komunitarioa eta jasangarria egiteko. Proiektu honek errentagarritasuna du helburu, eta horretaz gutxienez pertsona bat bizi ahal izatea lortu nahi dut, baina helburu soziala ere badu. Horrelako abeltzaintza bideragarria dela erakutsi nahi dut, eta abeltzainari bizi kalitatea ematen diola ere bai, gazteak lanbide honetara erakartzeko asmoz.