Negu garaia, ohiko lur lanetan eta uzta jasotzen urria bazen ere, beste lan batzuk egiteko baliatzen zuten antzinako goierritarrek. Elurra eta hotza ugari eta usu egiten zuenez, elurzuloetan edo neberetan elurra pilatzea izaten zen garai honetako zeregin bat.
Elurzuloak, normalean, udalerriaren jabetzakoak izaten ziren Erdi Aroan eta Aro modernoan. Gailurra XIV. mende hasieratik 1800 ingurura arteko Izotzaldi Txikian eduki zuen. XIX. mendean jada pribatuak ugaritu ziren. Antzinarotik erabiltzen ziren, ordea. XX. mende hasieran hotz industriala asmatu arte, berebiziko funtzioa izan zuten, bestela inolaz lor ezin zitekeen izotza sortu eta udan erabiltzeko.
Espreski elurra gordetzeko eraikitako elurtegiak ziren gordailu batzuk. 6 edo 8 metroko diametrodun harrizko deposituak, 9 metrorainoko sakonera zeukatenak. Orografiaren zuloak eta leizeak ere baliatzen zituzten, bestetik.
Neguan pilatu eta gogortutako elurrarekin, izotza sortzen zuten. Gauza askotarako erabiltzen zuten izotz hori, baina garrantzi handia gizakien osasungintzarako edo garbitasunerako zeukan. Sukarraren aurka, hazituak jaisteko, hezur hausturen minak arintzeko, erredurak hozteko, odol isuriak mozteko… Jaki batzuk kontserbatzeko ere erabiltzen zen, baita izozkiak, freskagarriak eta antzeko edariak egiteko ere.
Legazpiko Jose Francisco Artsuaga Oiarbide Arriantxo sendatzaileak (Zabaleta baserria, 1821 – 1909), adibidez, Zearreko Zuloan egindako izotza erabiltzen zuen erremedioetarako. Gizakiei bezala animaliei ezartzen zizkien.
Goierrin 11 elurzulo katalogatuta
Benetako merkatu-negozio bat egoten zen izotzaren bueltan. Elurzuloetako lana, mantenua eta erauzketa zegoen, alde batetik. Errenta kontratuak, betebeharrak eta hornikuntza obligazioak ugari ziren. Salneurria ere finkatuta eta araututa egoten zen, baita auzolana, garraioa eta banaketa ere.
Toponimian geratu zen elurzuloen aztarna betikotuta. «Nebera» hitza oso ohikoa da Goierrin, baita Gipuzkoa osoan ere. Izoztegi, edurzulo, izozko… dira beste izen batzuk. Gipuzkoan 54 elurzulo daude katalogatuta, dokumentalki edo susmoengatik. Horietatik 11 dira Goierrikoak. Legazpiko udal barrutian bi (Aizalekun eta Zearreko Zuloan), Mutiloan (Izoztegi), Gabirian (Gabirizar baserrian), Ordizian bi (Neberobasoa eta Neberonea etxea), Urretxun bi (Irimon eta Larreagan), Zaldibian bat (Olaeta auzoko Elurzuloa) eta Enirio-Aralarren bi (Pardelutsen biak).