Musika zalea txiki-txikitatik, musikaren harra beti izan du Aitor Artza lazkaotarrak. «Talde txikiei laguntzeko perspektiba horretatik ibili naiz beti. Ekintzaile sena eduki dut, eta sen horrek eraman nau, eta laguntza emate horretan, idazten nahiko txukun moldatu naiz, eta Goierritarra aldizkarian hasi nintzen zutabe bat idazten. Artikulu batzuk idatzi nituen, gero Egin Irratian Igo Bolumena saioan urte askoan, itxi zuten arte. Egin-en eta Gara-n ere idatzi izan dut». GoiBerrin idazteko proposamenari ere heldu zion. «Horrelakoetan eskuzabala izatea beharrezkoa dela iruditzen zait. Inguruko taldeei bultzadatxoa emateko aprobetxatzen dut atal hori, inguruko musikaren gorabeherak goierritarrei azalerazten».
GoiBerri aldizkariko edukiari dagokionean, «oso kuriosoa» egiten zaio Kate Motzean atala. «Edozein herritarri egindako elkarrizketak dira. Prentsan azaltzen diren pertsonak normalean izaten dira zerbait egin dutenak, zerbaitetan nabarmentzen direnak, baina niretzako jende xumeari lekua egitea eta aurpegia jartzea oso interesgarria da. Ia zuzenean joaten naiz horra».
Aurrera begira ere, GoiBerri irakurtzen jarraitzeko asmoa du. «Goierrin goierritarrok ez badugu sustengatzen gure inguruko gorabeherak azaleratzeko proiektu bat… gureak egin du. Beharrezkoa da. Kilometro O ez da bakarrik janariari eta edariari lotutakoa izan, bertan bertako komunikabideak edukitzea eta mantentzea garrantzitsua eta beharrezkoa da».