Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Gaurkoan Oiartzungo seme den Pello Añorgaren lana aurkezteko asmoarekin nator. Ipuin kontalari ezaguna da. Baina gaur bere idazle lanak emandako fruituez arituko gara.
Hirurogei bat libururen sinatzailea, ipuingintza izan da bere alorra, dozena erdi poesia libururekin batera.
Kontalaria izaki, boz gora irakurtzeko istorioak josi ohi ditu. Ahozkotasuna: hots armonia, erritmoa, errima, jolasa, mnemoteknia,… bezalako kontzeptuekin deskribatzen da bere prosa. Salbuespenez, idatzizko prosa ederrean plazaratu zuen Anttoni Bill (1987), aditz trinkoen erabilera ugari ezohikoarekin. Adin txikiko irakurleei eskainitako obra asko ditu. Batik bat haurrari bere burua garatzeko baliabideak eskaintzen dizkioten irakurgaiak dira, saminaren, zauriaren, edota erasoen aurrean izaten diren oztopoak gainditzeko baliabideak. Gehienetan, ipuin tradizionalen mekanika sinbolikoak eta subkontzienteak erabiltzen ditu, bizitzan aurkitu ditzaketen ‘oztopoez’ hitz egiteko, eta irtenbideak proposatzeko.
Ipuin gehienetan pertsonaia nagusiak arazo bat gainditzean oinarritzen dira, zeintzuetan gertaerak arruntak diren, baina bizipenak sakonak-hunkigarriak-urragarriak.
Ezinbestekoak iruditzen zaizkit: Aparteko protagonistak dituzten Pottokoren izeba Juanita (1985), Anttoni Bill (1987) eta O babarruntxo elektriko (1988) harrigarria. Ipuin kontaketa moldekoen artean Gure hiztegi magikoa (2012) eta Augustoren botila (2013). Albumetan, Gerlari Handia (2007), Jenio gaiztoa (2007) eta Tontolapiko (2017). Narrazio luzeetan Aitonaren txabola (2022) eta hitz neurtuan Zupankapaloak (2018), Bidea (2015) eta Din dilin dan (2022).