Patxi Zubizarreta Dorronsoro • Idazlea
Orain dela gutxi ospatu dugulakoan, otsail erditsuan dagoeneko tokitan dugu urteberri eguna: azkar doakigu denbora, gero! Baina hain zuzen ere 2023ko hilabete eta erdi pasatu den arren, ondo gogoan dut, urteko lehen egunean, mendizaleek aurtengoan ez zutela salda berorik izan Adarra mendiko tontorrean: «Ez, behintzat, urtero eginkizun estimagarri horretan arduratzen zen Euskalduna mendigoizale elkarte andoaindarraren eskutik. Boluntario falta dela eta, elkarteak ez du antolatuko horrenbeste errotutako ohitura». Gailurraren ikusmira ederra gorabehera, tristura zerion irratiari.
Egia esan, lagun batek ekarri zidan gogora gugandik aparte samar egon izan den usadio hori. Inauterien atarian, pertz eta eltze hotsean, kaldereroek iragarri izan dute festa paganoa, izan Donostian, izan Tolosan, izan Ordizian… Gerra ondorenean desagertarazi eta gero, Hungariako konpartsa 1998an gogotsu itzuli zen Ordiziara eta halaxe jardun izan du 22 urtez, 400 lagun bilduta, propio asmatutako Zozomikote protagonistaren bitartez. Dena dela, lagunak jakinarazi zidanez, aurten ez da halakorik ospatu, baina ez prezixo diktaduraren eraginez, «parte hartze faltagatik baizik».
Auzolana baldin bada etekin ekonomikorik ez, baina gizartearen onura bilatzen duen elkarlana, argi dago espiritu hori galtzen ari garela. Ordizia jaioterriari dagokionean, aspalditxoan jabetu nintzen danborradako karrozak nondik eta Pasaia aldetik ekartzen hasi zirenean: apaingarri akaso, baina inondik ere ez herri baten nortasunaren erakusgarri. Eta hain zuzen ere karrozen edo orgen haritik etorri zitzaidan azken albistea, baina Elizondo aldetik oraingoan: «Aurten 60 urte beteko dira Baztandarren Biltzarra lehen aldiz ospatu zela eta ez dago oraingoz lekukoa hartuko duenik: konpromiso handiagoa beharko genuke». Festa hori ikusi duenak hartuko zuen gozaturik herririk txikienak ere bere nortasunetik prestatutako karrozarekin.
Auzolanaren espiritu eskuzabala isilekoa da: Ordizian bertan, horretan ari dira San Bartolome baseliza xaharraren erreteila egiteko, edota, aspalditik, gaixoei eta presoei babesa eskaintzeko. Esker onik beroena haientzat. Baina urtea kasik inauguratu berri dugun honetan, egutegia oraindik guztiz betetzeko dugun honetan, albiste hauek zer pentsa ematen didate: Auzolan, han, han, han…