Bakarkako bidea abiatu du Eider Saez Izquierdok (Lazkao, 1998), lau urtez Nogen taldeko abeslaria izan eta gero. Eider izen artistikoa hartuta, hiru abesti aurkeztu ditu lagun arteko giroak eman dion lasaitasunak bultzatuta. Lan gehiago ere baditu esku artean, eta EP batean bilduta, martxoaren 24an kaleratuko ditu ‘Loratzen‘ izenburuarekin.
Musika zure arnasbidea dela esanez agurtu zinen Nogen taldetik. Zer esan nahi zenuen?
Nik lotura handia izan dut musikarekin txikitatik, gurasoengandik ahizpak eta biok jaso dugun zerbait da. Gogoratzen dut txikiak ginela etxean eta kotxean gindoazenean beti musika zegoela, aitak talde batean jotzen zuen… Musika oso presente egon da beti, eta hazten joan naizen eran, musika ikasten joan naizen eran, entzutean eta egitean, beti izan da zerbait errealitatetik edo mundu fisiko honetatik atera nauena, musika entzun dudanean edo idatzi dudanean, nire gauzak askatzeko balio izan dit. Horregatik diot nire arnasbidea dela, musikarik gabe ez dago bizitzarik, niretzat behintzat.
Nolako haurtzaroa izan zenuen?
Lazkaokoa naiz, eta bertan hazi naiz. San Benito ikastolan ikasi nuen, unibertsitatera joan arte. Musika ere, herriko musika eskolan ikasi nuen.
Zer prestakuntza duzu musikaren alorrean?
Nik uste dut 6 urterekin hasi nintzela, musika eskola ere garai haietan sortuko zen. Orduan solfeo deitzen zena ikasi nuen, hau da, oinarria, akordeak eta abar. Hasieran erraza izango zen, baina DBHn nenbilenean zailtzen joan zen, eta solfeo hutsa ikasi genuen, erritmoa, irakurketa, metrika… Ez zitzaidan batere gustatzen, baina amaitu nuenean jabetu nintzen zerbaiterako balio izan zuela ikasitako hark. Gero instrumentua aukeratzeko garaian, zeharkako txirula hartu nuen, baina bi urteren ondoren ikusi nuen ezin nuela abestu, eta gitarra ikasten hasi nintzen. Kantura ere apuntatu nintzen, gero konboa etorri zen, eta horrekin talde bateko parte zinen. Musika eskolako etapa guztia amaitu eta gero, lagunekin talde bat osatu nuen.
Nola zuen izena lehen talde hark?
Ez genion izena jarri! Kontzertu gutxi batzuk eman genituen, ni abeslari nintzela, eta berehala sartu nintzen Nogenen. Bertsioak jotzen genituen batez ere, baina gure abesti propioak ere bagenituen, eta maketa bat grabatu genuen. Zuzenean abestera ez ginen iritsi.
Nola sartu zinen Nogenen?
Bitxia da kontua. Gure talde harekin hiruzpalau kontzertu eman genituen Goierrin, eta haietako batean Nogenekin batera jo genuen, Lazkaon bertan, Txanpinoia deitzen dugun lekuan. Gazte Asanbladak Gabon haietan antolatu zuen Olentzerock jaialdia zen. Nogen ez nuen asko ezagutzen, baina Ane Negueruela abeslaria bai, Lazkaokoa zelako. Anek berak deitu zidan gutxira, taldea utzi behar zuela eta abeslari bila ari zirela, ea proba egin nahi nuen. Lokalera joateko esan zidan, ondo egokitzen nintzen, eroso sentitzen nintzen eta taldeak nola ikusten ninduen probatzeko. Eta inori ezer esan gabe, orduan Martutenen zuten lokalera joan nintzen trenez, eta oso ondo, oso giro ona zegoen. 2018ko apirila hasiera zen, eta Lazkaoko festetan jakinarazi zidaten barruan nengoela. 19 urte betetzear nintzen. Hilabeteko epea eskatu nien abestiak ikasteko, eta hala hasi nintzen.
Hasi, eta lau urte egin dituzu.
Bai, 18 urtetik 22 urtera. 2018tik 2021eko amaierara.
Zer eman dizu Nogenek denbora horretan?
Niretzat aukera handi bat izan da ikasteko, eta maila profesionalean musikalki hazteko, baita maila pertsonalean ere. Nik uste dut gaur naizen pertsona, ez nintzela izango lau urte horiek gabe. Justu 18 urte nituela sartu nintzen taldean, eta nerabezarotik heldutasunerako trantsizio hori talde barruan egin nuen, ia bat-batean gainera, ardura garrantzitsuak eta presio handiak nituelako, eta horiek kudeatzen ikasi behar izan nuelako. Profesional moduan egin dugu lan, lan karga aldetik behintzat. Asko ikasi dut, egia esan.
Nolakoa da musikari profesional baten egunerokoa?
Ni Nogenen hasi nintzenean, unibertsitatean nengoen oraindik, eta klaseak eta azterketak eta talde lanak izaten nituen. Esan beharra daukat irakasleen aldetik laguntza izan nuela, baina hala ere, nire betebeharrak nituen. Lagunek beti esan didate oso ona naizela denbora aprobetxatzen, eta nik uste dut alde horretatik oso baliagarria izan zaidala dena aldi berean egiteko. Eta gauza asko zeuden egiteko, talde barruan ez zirelako bakarrik asteroko entseguak eta asteburuetako emanaldiak, gauza gehiago ere kudeatu behar ziren.
Beraz, astegunetan klaseak eta entseguak, eta asteburuetan kontzertuak. Nondik nora ibili zarete?
Nondik ez! Euskal Herriko herri pila bat ezagutu ditut kontzertuengatik, herri txiki asko, handiagoak ere bai… Nik uste dut ehundik gora kontzertu eman genituela, eta azkar esaten da hori. Kanpoan ere izan ginen, Kuban, Japonian, Korean, Parisen…
Zer zuen Nogenek horrelako arrakasta izateko?
Nik uste dut leku eta garai egokiak elkartu zirela. Garai haietan ez zen musika estilo hura euskaraz entzuten, gaur ez bezala, gaur estilo gehiago lantzen direlako euskaraz, regetoia bezala. Orduan korronte berriak hasi ziren iristen, eta oso ongi jaso ziren. Gainera, gure estiloa, folk-rock estiloa, oso erraza da, eta gurea oso xamurra zen hemengo jendeak entzuteko eta kontsumitzeko. Horrez gain, atzetik zegoen guztia, noski. Disko bat kaleratzen duzunean dena da polita, baita atzetik ia bi urteko lana dago agian. Nik uste dut Nogenen arrakasta faktore askoren konbinazioa izan zela.
Zergatik utzi zenuen taldea?
2021eko urte bukaeran utzi nuen, orduan egiten ari ginen bira amaitzean. Faktore asko elkartu ziren horretan ere. Baina funtsezkoa izan zen ni ez nengoela ia eroso taldean, taldea ez zen nire lekua, ez neukan hasierako ilusio berdina, ez nituen gauzak berdin hartzen, eta ez zitzaidan justua iruditzen nire bururako ezta entzuleentzako ere. Hor baldin bazaude, hor egon behar duzu %100ean, eta nik sentitzen nuen ez nengoela horrela. Ez nintzen zoriontsu, eta pentsatzen dut taldean ere nabarituko zela, eta entzuleek ere sumatuko zutela. Taldea uztea erabaki nuenean, dena lotuta utzi nuen, birako azken kontzertuetaraino iristeko konpromisoa hartu nuen, eta nire ordez Ane Negueruela itzuli zen berriz ere taldera. Bukaera lasaia izan zen.
Hala ere, agur gazi-gozoa izan zen.
Bai, ez nuen izan publikoarengandik agurtzeko aukerarik. COVID-19arengatik hainbat kontzertu bertan behera geratu ziren, eta nire agurrekoa izan behar zena, Madrilgoa, hori ere bai. Kontzertu horretarako kuadrilla osoa geunden Madrilen, eta taldearekin ez, baina nire lagunekin agurtu nuen etapa hura behintzat.
Nogen bukatu, eta Eider sortu zen.
Bai, lehen esan dudan bezala, musika nire arnasbidea da, eta Nogen utzi eta gero, hasieran musikarekiko nuen maitasuna berreskuratu nahi izan nuen. Horrela, nire lehen taldeko jendearekin, nire musika lagunekin elkartzen hasi nintzen berriz ere, jotzeko, coverrak egiteko, ondo pasatzeko, eta listo. Paraleloan, etxean idazten jarraitu nuen, nire emozioak kudeatzeko bidea hori delako, idaztea eta pianoarekin edo gitarrarekin jartzea. Halako batean, abesti bat osatu nuen eta lagunei aurkeztu nien, gustatu zitzaien eta hortik hasi ginen. Nogen taldeko managerrari ere erakutsi nion nire lana, oso harreman ona izan genuelako taldean egon nintzen denboran, eta ekoizle bati bidali zion hark. Hari ere gustatu zitzaion, ondo egokitu zitzaion, eta aurrera.
Hainbat abesti argitaratu dituzu.
Bai, iazko azaroan Elkarrekin gaudenean atera nuen, eta duela aste batzuk 23, balada bat. Azkena Estribillos tristes da, eta hori ere, besteak bezala, Spotify eta YouTube plataformetan entzun daitezke besteak beste. Dena oso azkar joan da, urte betean gertatu da guztia. Konturatu gabe Madrilen nengoen abestiak ekoizten, egundoko gozamena izan da.
Diskoa, noizko?
EP bat izango da, sei abestiko album labur bat, eta bai, prest daukagu dagoeneko. Martxoaren 24an kaleratuko dugu, Loratu izenburuarekin. Lehen esan dudan idazteko prozesu hori oso aberasgarria izan da, eta oso emankorra ere bai, 40 abestitik gora sortu nituelako. Madrilen grabatu genituen batzuk, inork zertan ari ginen jakin gabe ia, eta asko gozatu dut prozesu honetaz. Nogenekin diskoa grabatzen genuenean oso sentsazio desberdinak izaten ziren.
Kontzertuak etorriko al dira gero?
Asmoa hori da. Apiriletik aurrera hasiko gara zuzenekoekin, eta entseatzen hasita gaude. Ni oso gogotsu nago, ni, eta taldekideak, eta entsegu lokalean oso energia positiboa dago.
Eider izena hartu duzu bakarka aritzeko, baina zein talde duzu atzetik?
Nire lehengo talde hartako musikariak ari dira nirekin.
Nolako harrera izan duzu orain arte?
Oso sentsazio onak ditut, pozik nago jendeak esan didanarekin, eta harrerarekin. Egundoko bertigoa eman zidan lehenengo abestia kaleratzean, beldurra nuelako jendeak zer esango ote zuen, oso gauza pertsonala zelako, baina ondo atera da. Gustura nago egiten ari naizenarekin, eta aurrera jarraitzeko gogotsu nago, ea noraino iristen naizen.
Nolakoak dira zure abestiak?
Nik esango nuke EP honen kontzeptua autoezagutza dela. Nogenen egondako lau urteak nahiko kaotikoak izan dira, nahiko gorabeheratsuak, eta esperientzia horretatik atera dudana jarri dut abestietan. Nerabezarotik heldutasunerako bidean bizitzen dituzun sentsazio horiek islatzen dituzte. Denetik dago. Hasieran abesti tristeak ateratzen zitzaizkidan, orduan sentitzen nuena, baina gero abesti politagoak atera ziren… Nik esango nuke EPko abestiek heldutasunerako nire trantsizioa transmititzen dutela kontzeptualki.
Eta doinu aldetik?
Denak oso desberdinak dira, batak ez dauka zerikusirik bestearekin. Ez nuen nahi estilo batera mugatu, ahalik eta aukera gehien esploratu nahi nituen. Diskoaren ekoizleek asko lagundu didate, eta nik neuk asko ikasi dut prozesuan, oso aberasgarria izan da. Guztiarekin esperimentatzeko aukera eman didate, inolako mugarik jarri gabe.
Ahizparekin batera loratzen
Loratzen du izena martxoaren 24an Eiderrek kaleratuko duen lehen EP edo disko laburra. Orain arte egin duen «gauzarik ausartena» dela dio Lazkaoko musikariak, eta pozez zoratzen dago, urtebete luzean zehar egindako lanak argia ikusiko duelako laster. Disko horretako hiru abesti entzungai daude dagoeneko hainbat musika plataformatan, eta horien artean dago 23 izeneko balada.
Laguntzaile berezia izan du Eiderrek balada hori osatzean, ahizpa Ibone. Eiderrek berak utzitako argazkian, diskoaren ekoizlearekin batera abesti horretako piano doinuak jotzen ikus daiteke Ibone grabazio estudioan. «Milaka argazki ditut estudiokoak, baina berarekin on bat bera ere ez» dio irribarrez abeslariak, baina horixe da bere argazki kuttuna. «Oso berezia izan zen nire ahizpa estudioan nirekin egotea egun batzuetan, proiektu honetan nire ingurukoak gertu izatea oso garrantzitsua delako niretzat».
Gertukoak alboan izateari garrantzia handia ematen diola dio Eiderrek, batez ere denbora librean. Izan ere, denbora librea ere badu, musikak eta lanak uzten diotena. Komunikazio ikasketak egin zituen Donostian, eta orain alor horretan egiten du lan, Ezkioko Adaki enpresan, industria arlorako marketin digitala eta komunikazio estrategiak garatzen. Musikatik eta lanetik aparte, yoga egiten du, «19 urte ditudanetik, erlaxatzeko eta zentratzeko». Gimnasiora ere joaten da, «arlo fisikoa ere landu behar delako». Baina lagunekin egoteko eta disfrutatzeko hartzen dituen tarteak dira hori guztia batera ematen diotenak.