Herri Inauteria egingo du Urretxuko Lurra Dantza Taldeak 33. aldiz, bihar, otsailak 18. Urtero Euskal Herriko inauterietako dantza bat aukeratu eta baserriz baserri ibiltzen dira dantzan. Aurten Urretxuko Sorgin Dantza egingo dute 40 bat lagunek.
Inauteri sasoi-bete betean, festa giroa da nagusi hainbat herritan. Goierrin, Tolosara joateko ohitura dagoen arren, bailaran ere zenbait ekintza antolatzen dira udaberriari begira biziberritzen hasteko. Urretxun, 33. Herri Inauteria egingo dute bihar, Lurra Dantza Taldeak antolatuta. Hiru hamarkada baino zertxobait gehiago daramate herri inauteria ospatzen. Aurtengorako Urretxuko Sorgin Dantza aukeratu dute dantza egiteko. Plazan sarrera egin ondoren, baserriz baserri joango dira baserritarren aurrean dantzatzeko.
Euskal Herriko herri ezberdinetako inauterietako dantzak eta ohiturak erakutsi dituzte azken 33 urteetan baserriz baserri. Mundakako Aratusteak, Amezketako Inauteria, Erriberriko inauteria, Eibarko koko-dantza edota Animalien dantzak egin izan dituzte. 25 bat herritako inauteriak eraman dituzte urte horietan Urretxura. Aurten, Urretxuko bertako sorgin dantza prestatu dute, eta bihar aurkeztuko dute. 09:00etan Iparragirre plazan elkartuko dira. Udaletxe parean dantzatu, txanpainarekin txin-txin egin, eta mendi aldeko ibilbidea osatuko dute. Etxaburura, Erratzura, Zuloagara, Iturbe Behekora, Zabaletara, Mendizabalera, Agerrera, Santa Barbara eta Ipinarrietara joango dira jai giroan, prestatutakoa erakustera.
Lurra dantza taldeak egindako ikerketarekin, sorgin dantza XVII. mendekoa izan daitekeela ondorioztatu dute
Harrera «izugarria» izaten dute, zain izaten dituzte baserritarrak, eta jatekoa eta edatekoa prestatzen dizkiete dantzariei
Baserrietan egiteko ekintza da Herri Inauteria. Lurra Dantza Taldeko Juanlu Elgarrestak azaldu duen bezala, kalean baino, ohitura zaharrari helduz, baserri giroan dantza egitea da helburua. «Eskuzabaltasunez» egiten diete harrera baserritarrek: «Baserrietatik jasotzen dugun harrera izugarria da. Asmoa baserrietara eramatea eta haiek egiten dugunarekin gustura egotea da». Zain izaten dituzte baserritarrak, eta jatekoak eta edatekoak prestatzen dizkiete dantzariei. Baserrian ekoitzitako produktuak ere oparitzen dizkiete (babarrunak, arrautzak, intxaurrak…), eta horrekin mokadutxoa jan ohi dute gero. «Sendia elkartu ohi da baserrian gu ikusteko. Antolatzaile bezala horrek izugarrizko poza ematen digu, herriko jendea delako gainera».
Gogotsu helduko diote dantza errondari. «Erraz esaten da baina bizi egin behar da. Haientzat ere berezia da, ohitura zaharra delako, aspalditik egiten da». Inauterietako jai giroan murgilduta, berdin zaie elurra edo euria egiten badu. «Beti ateratzen gara».
Inauteriko larunbatean
Aurtengo taldea «nahiko polita» izango dela dio Elgarrestak. 40 bat lagunek parte hartuko dute. «Gustura ibili gara entseguetan. Inauterietako dantzak nahiko errazak dira, eta aukera ematen du edonork parte hartzeko. Arropak moldatu, giroan sartu eta dantza egin». Gutxienez lau mende ditu Sorgin Dantzak. Inauteri bakoitza antolatzeko lanen artean, dokumentazio lana egiten dute Lurrako kideek. Egindako ikerketen bidez, ondorioztatu dute XVII. mendeko dantza izan daitekeela. «Garai batean kopletan ibiltzen ziren, baina guk dantza egingo dugu, hori baita ongi egiten dakiguna».
Inauteriak izanik, antzerkian, deshinibitzean eta festa giroan arituko dira, aurreko urteetan bezala. Larunbatez egingo dute, baina ez da beti horrela izan, hasieran inauterietako asteartetan egiten baitzuten. «Baina jende gehiena Tolosara joaten da eta Urretxun ia jenderik ez da gelditzen». Usadio zaharra den arren, ez da eskuliburuetan agertzen den dantza bat. Herri inauterietako ohiturak baserrietara eramatea du helburu Lurra Dantza Taldeak, eta Urretxuko Sorgin Dantzarekin ere horrelaxe egingo dute. Garai batean ohikoak ziren tradizioak berreskuratu nahi dituzte. «Berreskuratzear dauden dantzei gure bultzada ematen diegu, ohitura zaharra baserrietara eramanez».
Ikertzen jarraituko dute
Herri inauteriak, hala, badauka ondare kulturala gordetzearen aldeko kutsua, festaz aparte. «Jendeak ez du ezagutzen, eta aukera hori ematen dugu. Hori ateratzea positiboa da». Ikertzen jarraituko du Lurra dantza taldeak aurrerantzean ere, kultura jendarteratzen eta kalera ateratzen segitzeko.
Pandemia dela eta etenaldi bat izan zuten, talde gisa elkartzeko aukerarik gabe. Erritmoa errekuperatu dute dagoeneko, eta ahal den neurrian galdutako ohiturak berreskuratzeko lan egingo dute. «Berriz ere mugimenduan hasi eta Urretxun garai batean geneukana ezagutarazteko».
Urretxukoa, Antzuolakoaren aldaera
Dantza irrigarria da sorgin dantza, burlazkoa. Gipuzkoako hainbat herritan oraindik dantzatzen da: Bergaran, Antzuolan, Lasarte-Orian zein Urretxun. Jatorriz, «beste hainbat dantza bezala, mutilek dantzatu ohi zuten» sorgin dantza, Juanlu Elgarrestak azaldu duenez. Mutil batzuek neskaz janzten ziren, eta beste batzuk mutilez. Gaur egun, berdin egiten dute Urretxun, baina neskek zein mutilek parte hartzen dute, eta rola ere aukeratu dezakete. Gipuzkoa mailan, sorgin dantza guztiak txistuarekin egiten dira, eta guztiek antzerako eskema dute.
Urretxuko Sorgin Dantza, Lurrako ikerketaren arabera, Antzuolako Sorgin Dantzaren aldaera izan liteke. «Gure ustez, aldaera hori ‘Irimo Batasuna’ zela eta sortu ahal izan zen, Antzuolaren eta Urretxuren arteko harremanaren ondorioz», azaldu du taldeak ohar batean.
Gerra Zibilean zentsuratu egin zuten, eta 1990an Oinarin Antzuolako taldeak berreskuratu egin zuen. Urretxukoa jatorriz Antzuolakoaren antzerakoa den arren, gehien ezagutzen dena Lasarte-Oriako Sorgin Dantza da. Langile bergararrek eraman zuten hara.
Antzerakoak dira, baina ez igualak. Pausoetan eta janzkeran desberdintasunak daude Urretxukoaren eta Antzuolakoaren artean. Urretxun, paperezko ilargiak eta izarrak daramatzate buruan, kolorezko kukurutxoetan. Zuriz janzten dira, alkandora, prakak, gerriko gorria eta alpargata beltzekin mutilez doazenak; eta neskek, zapi beltza buruan, alkandora zuria, baserritar gona, mediak, pololoak eta alpargata beltzak janzten dituzte.
Dantza bakarrik ez, antzezle lanak ere egiten dituzte sorgin dantza egiten dutenek, inauteri giroarekin bat eginez. «Dantzaren barruan, antzerki pixka bat ere badago, elkarrekin jolasean edo burlan ibiltzea da gakoa». Oinarri beretik abiatuta, herri bakoitzak bere ukitua ematen dio.