Joxe Begiristain • Irakurzalea
Arantxa Urretabizkaiaren azken (oraingoz) eleberria da Azken etxea. 150 orrialde baizik ez dituen liburuak, lehen orrialdetik azkenekoraino begiak altxatu gabe irakurtzeko lain indarra du, denbora hori segidan hartzeko aukera duenarentzat. Baina bestela ere, liburua utzi eta hurrengo saiorako jakin mina pizten duen horietakoa da, liburua utzi, liburua hartu ibili behar izanez gero.
Harrapatuko zaituela, alegia! Izan ere, topikoak topiko, irakurtzera bultzatuko zaituen intriga nahitaezkoa du eleberriak hasiera-hasieratik, eta hizpide dugun honetako protagonistaren nondik norakoak nola kateatzen zaituen, miresgarria da. Zertaz doan liburua? Bera bizitzeko azken etxea erosi nahi duen emakumea da protagonista. Etxea begiz jota du, huraxe erosi nahi du, baina horretarako, aurrena bere bizitza osoko ibilerak ezagutuko ditugu, etxe hori erostea, saltzailearengana joan eta ordaindu bezain erraza zergatik ez den, ulertzeko.
Irakurle, presta zaitez Madame Seguete, kaskagorria, txanoduna edo Asuncion Ansa Aldazabal izateko eta bidean aurkituko dituzu emakume eroslearen ametsa betetzeko nahitaezkoak diren iraganeko pertsona batzuen laguntza emango diotenak: Eugenia, Barrikadas eta honen semea, adibidez. Baina, hildako pertsona ezezagun baten laguntza ere ezinbestekoa izango du, ordea! Nola? Hil da bada?…
Irakurketa-gomendio honek behar adina intriga sortu ez balizu ere, irakur ezazu. Eta idazleak liburuaren eskaintzan proposatu zidan tratu bera, nik zuri orain: gustatzen bazaizu, nik zuri mila esker; bestela zuk niri mila barkazio.