Maria Francisca Lasa Maritxu izan zen Segurako azken ehulea, duela mende bat. Valentin Aldasoro Balentin Txiki senarrarekin batera, herriko azken ehundegia eduki zuten. Bereziki Maritxuk, garesti ordaindu zuen gaur egun berdintasuna deritzonaren eta bere duintasunaren alde egin zuen aukera: ehule gisa lan egitea, debekatuta baitzeukan… emakume ezkondua zelako.
Matxinbentakoa zen Maritxu Lasa, eta Balentin Txiki bigarren ezkontzaz ezkondu zen 1911n. Xoxonea etxearen atarian zeukaten ehundegi handia, Untzurruntzaga kalean. Emakumeei inposatzen zieten lanerako debekua ez zuen onartu Lasak, eta lanean jarraitu zuen. Elizaren mekanismoek gogor jo zuten haien kontra desafio horregatik; mezetan, sermoietan bolo-bolo erabili zuten apaizek Maritxuren izena, izen txarra erantsiz. Eta hain indartsua zen Elizaren eragina, herritar mordo batek bizkar eman eta hitza kendu baitzieten.
Ehun urteren buelta harrapatu zuten segurarrei jasoa die Erraztiolatza museoko Rafa Berasategik Maritxu Lasaren berri, eta nola maspildu zituzten: jendeak oihu egiten zien, kaletik. Lanean segitu zuten, halere. Seguran ez zegoen beste ehundegirik. Baina faktura latza ordaindu zuen Lasak: lotsatuta eta errefusatuta, etxetik irteten ez zela geratu zen. 1922n hil zen, nahiz eta senarra baino 15 urte gazteagoa zen. 11 urte bakarrik iraun zuen Seguran.
Ikasteko eta gogoratzeko eredua
Balentin Aldasoro senarrak ere ehundegia eta Xoxonea etxea utzi zituen, eta Biakutza izeneko baserrira joan zen –Artzelus familia lagunarena–, Segura kaskotik kanpora. Herritarrekin ez omen zuen ezer jakin nahi, emaztearekin izandako jarreragatik. Hura hil izanaren errua apaizei egozten zien. Urte gutxira hil zen hura ere, 1925ean.
Lanbide prestigiotsu batean arituagatik, eta Seguran eskulangintza horretan jardundako azkenak izan baziren ere, historiaren erraietatik desagertu dira Maritxu Lasa eta Balentin Aldasoro. Bizi arteko mespretxua bakarrik ez, ondorengo isiltasuna ere harlauza altxaezina ezarri zien Elizak eta herriak, lagun gutxi batzuen oroimena salbu. Isilik gordetako historia bat da azken ehuleena.
«Segura oso fedetsua izan da, orain ez, eta Elizarekin sartzea ez zen onartzen. Maritxuren historia gaur egun oso arrunta izango zen, baina Primo de Riveraren garaiarekin ari gara, eta orduan Elizari aurpegi emateko, honek egin zuen bezala, kemena behar zen», dio Erraztiolatzako Berasategik. Museoaren sarreran, leku ohoretsua dauka ehundegiak. Eta berdintasunaren hariak ehuntzen, Maritxu Lasa eta Balentin Aldasoro, bi irudik irudikatuta.