Nagore Ozerinjauregi eta Esti Amenabarro • EHUko Didaktika eta Eskola Antolakuntzako irakasle doktoreak
Zer gertatzen da, ikasle batek curriculumak zehazten dituen egitasmoak betetzeko zailtasunak edota ezintasunak baditu? Ba kasu askotan irakurketa murriztaileak egiten direla; edo batetik heziketa premia bereziak dituela esanez edota eskolarako balio ez duela argudiatuz. Lehenak, eskola ibilbide espezifiko bat irekitzen du, bigarrenak eskola porrotaren atean koka dezake ikaslea. Guretzat, ordea, ez dira abiapuntu egokiak, ez dago pertsonarik eskolarako balio ez duenik, gainditu beharreko beste topiko bat dugu hau. Eskola ez da aukera bat, eskubide bat da, parte hartze demokratikoa eskubide bat den neurrian, eta eskubideen beste aldean betebehar eta erantzukizunak ditugu, eskubideak indarrean jartzeko erantzun beharra. Eskola gizarte eremuko erakunde arautua den neurrian herritar bezala gure eskubideak bermatzeko eremua ere bada. Baina eskolan ordu asko pasatzen baditugu ere, eskolaz kanpoko eremuekin bat eginda lan egin behar da, hezkuntza ez baita eskolara mugatzen den jardun eremua. Eskola inklusibo batek, hezkuntza proposamen inklusibo bat behar duen bezala, hezkuntza inklusiboak soilik gizarte inklusibo batean izan dezake habia.
Horregatik inklusioak eskola ikuspegia gainditu eta ikusmira soziala behar du. Gizarte aniztasunari erantzuteko estrategiak, ezin du eskolaren eremura soilik mugatu. Beste modu batera esanda, eskolak soilik ezin du egun gizarte aniztasunaren errealitate eta argazki osoari erantzun bateratu bakar bat eman. Lagundu dezake bai, baina bestelako indar eta konpromisoak behar ditu. Horiek horrela gure ustetan, eskola inklusioaz baino gizarte inklusioaz hitz egitea egokiagoa da. Egokiera hori bi zentzutan ulertu behar da gainera, eskolaren bizkar gizarte eremuko desoreka guztiak uzteak dakarren zama gehitua arintzen lagunduko luke; irakasleak eta gainerako eskola eremuko profesionalak ez dira gure mundua salbatuko duten heroiak. Bestetik, arduradun politikoei ere arduraz jokatzeko eskatu behar zaie, inklusioaren izenean esaten eta egiten den guztia ez baita beti inklusiboa. Eta politikoki oso zuzena bada ere inklusioaren alde aritzen direla diotenean, beti ez da hala izaten. Inklusioak hitz soiletatik harago esanahi eta dimentsio politiko oso espezifikoak eskatzen dituelako. Eta borondate partekatuak.
Gure ustetan, eskola inklusioaz baino gizarte inklusioaz hitz egitea egokiagoa da.
Gure ustetan inklusioak gizarte demokratikoak lortzeko bidean praktika politiko ororen oinarri-oinarrian kokatu behar du. Aniztasun kontzeptuarekin gertatzen den bezalaxe, inklusioa ere oso hitz polisemikoa da nork darabilen arabera, adiera oso desberdinak hartzen dituelarik. Zalantzarik ez daukagu ordea, gure lagun eta lankide Javi Monzonekin bat eginez, inklusioa denentzat ona bada ere batzuentzat nahitaezkoa dela. Inklusioak norbanakoak ikuspegi gizatiarrago batetik jartzen ditu balioan, parte hartze demokratikoa ahalbidetzen du, aniztasuna errespetutik ulertzeko ezinbesteko begirada da eta bestea aitortu eta errekonozitzeko ahalegin sakona (alteritatearen printzipioa). Komunitatea osatzeko eta egiteko (herri bezala jarduteko) eta kohesiorako ikusmira interesgarria den heinean, ikuspegi ekologiko batetik bizitza jasangarriak izateko ezinbesteko premisa da.
Horregatik guztiagatik, inklusioak ezin du eskola eremuko planteamendu bat izan, ez eta ikasle zehatz batek dituen behar espezifikoak asetzeko estrategia isolatu bat. Eskola gizarte sozializazio eta garapenerako oso eragile garrantzitsua dela ulertuta ere, inklusioak gizarte aldaketak eragiteko marko diskurtsibo eta praktika sorta izan behar du. Bistan da eskolak zeregin ukaezina duela honetan, gizarte errealitatearen irakurketa kritikoa egiteko erakunde formal oso eraginkorra da eta ezinbestekoa da curriculumaren eta eskola antolaketaren birformulazio bat, baina hori bakarrik ez da nahikoa.
Calderon Almendrorentzat hezkuntza inklusiboa gizarte inklusioaren ernamuina da eta elkar elikatu behar dute. Bestea onartu, haren desberdintasunak ulertu eta errekonozitzen dakien gizarte batek soilik zaindu ahal ditzake bertako kideak, eta gizartearen ongizatea bermatzeko haien eskolatzean dauden muga eta oztopo denak gainditu behar dira. Baina hori ez da soilik eskolak egin behar duen lana, gizarte osoaren lana da. Gu guztiona. Bestea begiratzeko moduan dago gakoa.