Gabiriako Ugaran bailaran garrantzi historikoa izan dute errotek. Bi kilometroko zatian zortzi errota egon ziren, eta horietako bost garai berean martxan. Horren eragile nagusia Aztiria inguruan sortzen den Eztanda erreka da.
Mamian sartzerako, hona toponimia alderdiko argibide bat. ‘Errota’ da euskal ahozko ondareko hitz tradizionala, baina Antonio Berasategik aldizkari honetan argitaratutako Lehenagoko gure hizkuntza (eta II) artikuluan jasoa duenez, toponimo zahar batzuetan beste euskalki batzuetan orain ere erabiltzen den ‘ei(h)era /ei(h)ara’-ren kideko ‘igera/igara’ ageri da. Lau adibide gehitu zizkion idatziari: Igaraberri (Zumarraga); Igarondo (Idiazabal); Igeralde (Legazpi); Igeribar (Gabiria). «Goierri aldean kontserbatu diren izen horiek, beraz, hizkuntzak garai hartan zuen batasun handiagoa erakusten dute behin-berriro», dio Berasategik. Toponimo zahar horri keinu eginez sortua da Ibiltari honetako goiburua: ‘Igeren ibarra’ (‘Erroten ibarra’).
Ibilbide hau egiteko abiapuntu eta helmuga Korta jatetxe ezaguneko aparkalekua (323 metro) aukeratu du Iban Maiz gidariak. Jokin Murua dakar lagun. Korta inguratzearekin bat, ezkerrera dagoen baserri bidean behera egin behar da. Eskubian, behean, Oñatibi Txiki baserria ageri da, ezkerrera Arrondo zerrategia, eta segidan Oñatibi Haundi. Hantxe, bide kontra, Gorka Maiz dago zain, Ibanen anaia, ganadu lanak egiteko tartea hartu ondorenean. Oñatibi Haundiko jatorria dute bi anaiek, amaren aldetik. Bost minutuan, Uharketa (Urarketa) baserrira iristen da, zubia igarota (285 metro).
Eztanda baserrira, herri bidetik
Maizek berak iazko maiatzean, Gipuzkoako Erroten Egunaren barruan, gidatu zuen ibilbidearen zati bat du oinarrian gaurkoan irakurgai den honek, baina orduko hartan bisitatu ez zen zoko ezkutu bat ezagutzearen alde egin du: Eztandako emana eta haren gainaldean dagoen Eztanda baserria. Horretarako, Uharketa baserriaren ezkerrean zabaltzen den bideari heldu behar zaio. Langa ireki, eta gora. Langan bertan, Leharrei mendi lasterketako arrasto moreak daude margotuta.
Ordu laurden bat behar da herri bidean gora Eztandako emanera iristeko. Aldapa etenik gabekoa da, baina gozo hartuta, eta eskubi aldetik jaisten den Eztanda errekako ur-jauziak ikusiz, paraje ezkutu batean dabilela sentituko du oinezkoak. Itxitura bat pasa, eta hantxe dago, hamar metrora. Zati horretan erreka hormigoizko hodi batzuetatik irteten da, eta segidan du emaneko putzu txikia, eta hurrena metro erdiko ur-salto txikia (380 metro).
Negu partean emari ugariko erreka da, ez horrenbeste udan. Maizek Julian Alustiza Aztiri idazle eta fraide frantziskotarrak jasoak dakartza gogora: «Aztirik esaten zuen, udan, lehorte edo euripeko egun batzuen ondoren, berealdiko emanaldiak izaten zituela. Patsa dariola ateratzen omen zen, eta poliki-poliki errekaren jarioa ugaritzen omen zen. ‘Aizkor ude’ esaten omen zien, ur garbi-garbia omen zen. Ordu pare batean emanaldia egin, eta atzera gutxitu egiten omen zen. Ondoren euria izaten omen zen. Esaerek hala diote: Eztandak emanaldia egiten duenean, euria atzetik edo Eztandak mendebalaren aditzera eman omen du».
Eztandako emanak pare bat orduko berealdiko emanaldiak izaten omen zituen uda partean, errekaren emaria ugarituz
Ehun bat metroan herri bideari gora jarraituz, baina gero hura eskubira utziz, Eztanda baserria ageri da gainaldean, ibilbideko puntu gorena (413 metro). Eta haren barreneko zelaian, arkupean lurpean datorren erreka. Bitxia benetan inguru horretan egindako ingeniaritza lana.
Errotaberritik Igeribarrera
Igotako bidea jaitsiz, Uharketan atzera. 1621. urteko dokumentu batean Ubitarte izena –uren arteko edo ur ondoko lekua– agertzen da baserri horri erreferentzia egiteko. Maizek ez du uste Gabirian inork hala ezagutzen duenik gaur egun, baina inguru horretan urak garrantzia zuela ondoriozta daiteke. Ondoan, Errotaberri baserria dago, Eztandaren goitik beherako errekandan lehen errota, Gabirian publikoa izan den bakarra. Bazuen berezitasun bat, errotarri egitura bikoitza baitzuen –bi goian eta bi behean–, eta uraren emariaren arabera bat edo beste erabil zezaketen. Maizek dokumentazio dezente du bildua errota honen inguruan. Lehen ordubetea osatuta.
Uharketari bizkarra emanez, eskubitara zabaltzen den herri bideari heldu behar zaio, Etxeberritxo baserria ezkerrera utzita. Igeribar Garakoa dator segidan, eta hurrena Igeribar Azpikoa. Bi baserriok XVI. mendeko dolareak zituztela aipatu du gidariak, eta garaiko habe batzuk mantendu dituztela egituran. Eta barrenerago, Igeribar errota, aldaparo ikusgarriarekin. Gabiriako errotarik ezagunena da. «Ez hori bakarrik, Gabiriako belaunaldi denek martxan ikusi dugun bakarra da, 500 urtez errotarriak biraka izan dituen Gabiriako errota bakarra, eta seguru asko zaharrenetakoa ere bai. 1543ko dokumentu batean ageri da». Oraindik ere ehotzen dute Igeribarren hala eskatuz gero.
Hormigoizko bidean aurrera segiz, laurehun metrora, Jauregi baserrira, Ugaran behekora doan bidean eskubitara utziz. Eta gora jarraituz errepidea, eta hara atera orduko, parez pare, Leharreiko aldapa pikoa. Errepidean 500 metro eginez, eta Baztarrika gaztandegia igarota, Irubide etxearen ondotik behera egin beharra dago, garai batean bainuetxe, gero Pasiotarren eskola eta azkenik igerilekuetarako baldosa txikiak egiten zituen Edersal lantegia zenera iristeko. Haren goenean, Bidaurreta, beste errota bat. Bideari jarraituz Uharketa berriz, eta handik Kortara igota borobildu liteke ibilaldia.
Kontuan hartzeko
- Ur ugari bai, iturririk ez. Negu partean eginez gero, eremu urtsua dela sumatuko du ibiltariak, baina ez du edateko iturririk aurkituko. Udan egiteko ibilbide aproposagoa da akaso, baina gogoratu ura eramatearekin. Bestela Korta jatetxean freskatu daiteke eztarria.
- Argindarra sortzeko ere bai. 1929ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jasotzen duenez, Errotaberrik elektrizitatea sortzeko baimena lortu zuen, 100 litro segundoko ur-emariarekin eta 15,5 metroko ur-saltoarekin.
- Bainuontzia Jauregi atarian. Gabiriako bainuetxean aurrekaria Bidaurreta barreneko errota izan zen. 1815ean hasi ziren ingurukoak ur sulfurosoen bainuak hartzen, eta 1879tik 1904ra –orduan itxi zuten– aro distiratsua izan zuen. Jauregi baserriaren atarian bainuontzi bat dago, eta diotenez, ontzi horretan bainatzen zen Isabel II.a erregina.
- Ikastetxetik lantegira. 1911tik 1964ra Paisotarren ikastetxea egon zen bainuetxeko eraikinean –ondoan du Lurdes Txiki izeneko txokoa–. Eta gerora, beirako mosaikoak egiten zituen Edersal enpresa, 2015ean itxia.
Fitxa teknikoa
- Iraupena: Bi ordu
- Luzera: 7 kilometro
- Desnibela goraka: 265 metro
- Desnibela beheraka: 266 metro