Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Hotzetik doa azkenaldian negua. Klima aldaketaren ondorioak tarteko, zenbaitentzat arraroa ere bai elurra nahiz izotza ikusi eta sentitzea. Halakoei gehiegizko oihartzuna eman ohi zaiela eta, herritar beterano bat marmarka ari zen aurrekoan: «Hook etzien 56ko negue ezautu…» Orain 67 urteko otsail hartako aipamenak, lehendik ere entzunda, jakin-mina sortu zidan. Negua epeletik omen zihoan, hilaren 1ean joera aldatu zen arte. Siberiatik ailegatutako aire masa hotzak Europa osoari eragin zion. Datuak jasotzen direnetik negurik gogorrena. Igeldoko behatokian 0,4ºtako batazbesteko tenperatura izan zen hilabete hartan. Hasierako aire masa hotzari antzeko beste bik jarraitu zioten. Muturreko hotzaz gain, denboran luze irauteak, bihurtu zuen 1956ko otsaila glaziazio txikiaz ezagutzen den fenomenoa.
Gurean ere, asko dira negu sasoi hura ezagutu, aurre egin eta hainbat peripexi gogoan dituztenak. Hasierako egunetan elurte handia (40-50 zm) izanda, ondorengo izotz jarraiek (20 ere bai) ez zuten geruza zuria urtu hilabete osoan. Txirrimiloak teilatu ertz guztietatik, eguzkia atera bai baina berotu ez…
Arazoak bata bestearen atzetik. Hotza kanpoan nahiz etxean, ur hodien leherketak, argindarraren etenak, irristadek eragindako erorikoak, arropak ezin lehortua, eskola, fabrika eta lantegi askoren itxierak (igeltseroenak lehenak), baserri nahiz kale baserrietan bezperan jetzitako esne izoztuak saldu ezina, ganadujana zurrun, pinudi eta fruta arbola asko erreta, arbi sailak usteldurik… Egoerari aurre egiteko, ahal zen heinean etxean geratzea, gorputzean arropa pilatzea, egurra eta ikatza etxeratzea, sukaldeetako ekonomikak eta beheko suak etenik gabe piztuta izatea, ur hodiak trapuz edo lastoz babestea, etxebizitzetako ate eta leiho zirriztuak trapuz estaltzea, gauean ohea goxatzeko ekonomikan berotutako adreiluak eramatea…
Dibertsiorako tartea ere bai. Orduan gaztetxo zirenek gogoan dute, besteak beste, Armaolako errotako aldaparo izoztuan bizikleta gainean eta irristaketan gozatzen zutenekoa.
Baita pasadizoak ere. Txulonekoren bati erditzen laguntzera joan eta ohe azpiko oinaleko pixa izoztua zegoenekoa. Gatz bidetik oinez Otzaurtera gizonezko bat hotzak pasata zurrunduta ailegatu, ezin bere onera ekarri eta baserri aurreko ximaur pilan kokoteraino sartuta erreakzionatu zuenekoa…
Gaur, ‘hobeto prestatuak’ egonda ere, hobe halakorik ez bueltatzea.