Bazenekien Erresuma Batuak 10.000 bat soldadu bidali zituela karlisten aurka borrokatzera? Lehenengo Karlistaldiak eztanda egin zuenean Espainiako gobernuak Europako potentzia liberalen laguntza jaso zuen. Britainiar, frantziar eta portugaldarrek tropak bidali zituzten Zumalakarregiren arrakasta militarren ostean Madrilgo gobernu liberalak eskatuta.
Britainiarrek, 1835. urteko ekainean, boluntarioak osatutako guda talde bat bidaltzea erabaki zuten: Britainiar Legio Laguntzailea. Soldaduetako asko armadan esperientzia gabekoak ziren, Liverpool, Manchester edota Londresko auzoetan bildutako boluntarioak, baina ofizialak britainiar armadakoak ziren. Hauetako asko irudigileak ziren eta Lehen Karlistaldian jasotako irudi bikainenen egile. Zumalakarregi Museoan irudi eder hauetako batzuk ikusteaz gain, beraiei eskainitako bertso papera edota hiztegitxo hirueleduna duen gida ikus ditzakezu.
Hasieran Britainiar Legioaren partaidetza erabakiorra izango zela uste izan zuten liberalek, baina bere ekimen nagusia Oriamendin jaso zuten porrota izan zen. 1837. urteko martxoan britainiarrak Hernani hartzera zihoazenean, armada karlistak sekulako garaipena lortu zuen legioa Donostiako harresien babesa hartzera behartuz. Britainiar Legioak 400dik gora hildako jasan zituen. Handik bi hilabetera, berriz, armada karlista Madrilerako bidean jarri zela aprobetxatuz, Donostiatik Bidasoarainoko herriak menperatu zituzten.
Balantze modura esan dezakegu karlistadan parte hartutako 10.000 britainiarretik laurdenak bertan utzi zuela bizia. Baina 2.500 hildako hauetatik erdia ez zen borroken eraginez zendu, gaixotasunengatik baizik.